Hilabete pasatxo igaro da, DANAk Valentzia hankaz gora utzi zuenetik. Hala, oraindik ere oso nabaria da bertan muturreko baldintza klimatologikoek utzitako albo-kalteen arrastoa, baita Catarroja herrian ere. Horren aurrean askotariko boluntario-sareak sortu dira.
Catarroja, lokatz artean
Catarrojan babes psikologikoa behar zela-eta, bertara jo zuen bere kabuz Calderonek, psikoterapeuta baita. "Shock-ean dago jendea", dio boluntarioak, "lehentasun handiagoa duten beste premia batzuk asetzen ahalegintzen ari dira, oraindik, buru osasunari erreparatu aurretik, Hori ere iritsiko da". Fernandez ere hasieratik dago sartuta ekimenean, nahiz eta ezin izan zuen batu lehen bidaia horretan, osasun arazoak medio: "Gizatasun hutsa da egiten duguna".
DANAren ondoren sortutako bizilagun elkarte bat ezagutzeko aukera eduki zuen Calderonek Catarrojara egin zuen bidaian: "Lehenengo egunetik, lan handia egin dute. Jaten eman diete kaltetutako herritarrei zein boluntarioei, osasun-langileen garraioan aritu dira..." Calderonek azaldu bezala, Catarroja da DANAk "gehien" kaltetu duen herrietako bat: "Oso gaizki daude, laguntza handia behar dute".
Bertara egindako bigarren bidaiaren ondoren, ekimen bat martxan jartzeko ideia izan zuten, beste boluntario batzuekin batera: "Irribarre bat, jostailu solidario bat". Haurren beharrei erraparatzeko helburuarekin, terapeuten talde batean bota zuten proposamena: "Lo giteko arazoak dituzte haurrek", aipatu du Calderonek "baita gernu-galeraren sindromea ere".
Herritarrak, abandonatuta
"Abandonatuta". Horrela sentitzen dira, bi kideek ikusi dutenez, Catarrojako herritarrak, jada, aste batzuk igaro diren honetan, Calderonen esanetan: "Unerik gogorrena boluntarioak etortzeari uzten diotenean iritsiko dela diote valentziarrek". Hala, hondamenaren aurrean, administrazio publikoaren partetik erantzukizun falta egon dela uste dute biek ala biek: "Udalak ez dira zentzuz eta logikaz ari. Zaharren egoitzako sukaldearen ordez, antzokia garbitzea lehenesten ari dira".
Bilketa solidarioak
Aurrera begira ere ekimenak egiten jarraitzeko asmoa du hirukoteak. Adibidez, bi aste barru, Urnietan, altzarien bilketa egingo dutela iragarri dute: "Dei egiten diegu herritarrei, erabiltzen ez duten hori ekartzeko".