Ostegunean, Urnieta taldeko Kamox Precision Machining kadeteek Ingou Arrasate taldearen bisita jaso zuten. Oso parekatua izan zen Sanmielengatik atzeratutako norgehiagoka, baina, azkenean, gutxigatik, kanpokoak gailendu zitzaizkien gorritxoei, 18-19. Aurrea hartuta ekin zioten urnietarrek partidari, defentsan sendo arituz eta erasoan zorrotz, eta, hasieran, arrasatearrei martxa hartzea kostatu arren, ondo baino hobeto jakin zioten erantzuten jokoari. Hori horrela, azken minutura arte ahalegina egin zuen UKEk, baino ez zen nahikoa izan puntuak etxean gelditzeko.
Bestalde, Urnietako Iñaki Mecanizados kadeteen txanda izan zen ostiralean, MEK Eibar Eskubaloia B taldearen kantxan. Bada, garaipen garantzitsua eskuratu zuten bertan, 29-33. Horrela, bigarren postuan jarraitzea lortu dute, beste aste batez, Gipuzkoako Txapelketako bigarren fasean. Oso aurkari gogorrarekin egin zuten topo urnietarrek, eibartarrak izan baitziren hasieran nagusi jokoan. Nolanahi ere, ahaleginaren ahaleginaz, markagailua berdintzea lortu zuten urnietarrek, bai eta aurretik jartzea ere, partidaren azken txanpan. Bilakaera ederra ari da egiten taldea, denboraldia hasi denetik eta, horren erakusle, azken lau partidatan porrotik dastatu ez izana.