"Antolatzen jarraituko dugu, espazio berriak bilatzen, Urnietak gaztetxea eduki arte!"

Aiurri 2024ko abe. 13a, 10:18

Orain bi egun ekin zion Urnietako Udalak kiroldegi gaineko instalazioaren desmuntaiari, eta, antza denez, salgai jarri da. Bada egoeraren aurrean desadostasuna adierazteko irakurketa zabaldu du Urnietako Gaztetxeak:

Kaixo, urnietar

Ia bi aste pasa dira urtebetez hutsik eta erabilera gabe zegoen kiroldegiko aparkalekuko eraikina okupatu genuenetik. Ondorengo egunean zabaldu genuen komunikatuan aipatu bezala, udalak, herriko burdindegiko jabearen kolaborazio zuzenarekin, zerraila aldatu zuen eta polizia armatuak (eskudoa eskuetan zutela) bidali zituen gunea blokeatzera asanblada deitua zegoen orduan. Hori gutxi balitz, abenduaren 4an, Udal Gobernuak adierazpen bat plazaratu zuen, gaztetxearen okupazioa “erasoa” izan zela aipatuz eta “indarrez” egindako ekintza bat zela esanez, hau “erabat gaitzetsiz”. Guretzako, ordea, lehen aipatu bezala, eraso bat eta indarra erabiltzea asanblada ireki batera 12 polizia (Ertzainak eta Udaltzaingoa) armatu bidaltzea da, edota espazio huts bati bizia ematen ez uztea.

Geroztik, gaztetxearen aldeko borrokara hamarnaka gazte bildu gara eta asanblada sortu zen egunetik ez gara geldirik egon; herrian pankartak eta kartelak jarri ditugu (bai, pankartak jarri ditugu baina udalari ez zaizkio asko gustatu eta, ordu gutxi batzuetan, denak kendu dituzte), gure artean antolatu gara bilera irekien bitartez eta Udal Gobernuarekin bildu gara baita ere.

Bilera honetan, proposamen zehatzak eskaini genituen arren, beraien partetik ezezkoak jaso eta beraiek kudeatuko duten prozesu luze bat irekitzea besterik ez ziguten eskaini. Gure asmoa argia zen, okupatu genuen espazio berbera erabiltzen uztea. Autogestio bidez kudeatzeko toki aproposa zen eta, gainera, aitortu ziguten ez zekitela zer egin eraikin horrekin, mantenua garestia zela eta hortik kentzea ere oso garestia zela argudiatuz. Gaztetxe bilakatuko bagenu, gure ardura izango zen mantenua eta ez litzake izango dirua besterik balio ez duen toki huts bat. Bestalde, aipatu zuten toki hori ez zela segurua lurragatik, baina lur horrek kiroldegi baten pisua jasan zuen (makina pisutsuak, kolpeak, jendearen joan etorriak…) PNV, bere legealdiko programan, gazteentzako gune autogestionatu handi eta ireki bat eskaintzera konprometitu zen, baina urteetan zehar gazteok jazartuak izan gara gaztetxea lortzeko egin dugun saiakera bakoitzean, beraz, bozkak lortzeko promesa hipokritak eta gezurteroak besterik ez direla dirudi.

Kiroldegiko prefabrikatuarekin ez zekitela zer egin esan eta bi egun beranduago, hau saldu eta mugitzen hasi dira. Urte bat hutsik zihoan eraikin bat, “kasualitatez”, hau okupatu eta aste-erdira bertatik kendu dute. Irtenbideak bilatu ordez trabak jartzen jarraitzen dute, elkarlana eta demokrazia hitzak ahoan dituztela, gazteon proposamenei entzungor eginez eta beraien legea denon gainetik ezartzen. Guk antolatzen jarraituko dugu, espazio berriak bilatzen Urnietak gaztetxea eduki arte!

Gazte, egon adi hurrengo deialdietara!

GAZTETXEA ORAIN!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!