Haurren munduan murgildu da, lehen aldiz, Aukeran Dantza Konpainia, labetik atera berri duen “Amama” ikuskizunarekin. Victoria Eugenia antzokian estreinatu zuten hilaren lehenean. Bada, biharamunean egin zuen hitzordua Muruamendiarazekin Aiurri astekariak, ikuskizunaren nondik norakoak ezagutzeko. Etxean izango dira, igande honetan, Sarobe arte eszenikoen gunean. Orain pare bat aste agortu ziren sarrerak.
Abenduaren lehenean estreinatu zenuten Victoria Eugenian “Amama” ikuskizuna. Urduritasunak baretuta, jada?
Lasaitu? Ez naiz lasaitzen sekula, horrelakoa naiz (barreak)! Aje emoziona. handia sentitu dugu emanaldiaren ondorengo egunotan. Bi emanaldi izan ditugu asteburuan, elkarren artean zeharo ezberdinak, biak ala biak oso antzoki garrantzitsuan, Donostiako Victoria Eugenian. Lehen eginda izango dira, ziur asko, dantzariak. Maila profesionala dugu, eta oso exijenteak gara. Lur hartzen ari gara estreinalditik.
“Etengabeko aldaketan dago jendartea, horrela behar dute ikuskizunek ere”
Adin-tarte guztientzat eginiko ikuskizuna izan arren, haurrengan ipini duzue zuek arreta, bereziki. Hori berria da Aukeran Dantzan Konpainiarentzat.
Familia-ikuskizun bat egiteko proposamena luzatu zidan Aitor Narbaizak, geure burbuilatik atera eta zeharo ezberdina den emanaldia egiteko, izan ere, Aukeranek ez du inoiz publiko horrentzat lanik egin. "Nola sartuko gara horretan?", izan zen nire lehen erreakzioa. Baina, pare bat aldiz gehiago pentsatu ostean, baiezkoa eman nion. "Zergatik ez ditugu ipunak kontatzen, dantzaren bidez?", aipatu zidan hark. Oso ideia polita zen, horixe da proiektu honen hasiera.
Hala, genituen premiak mahaigaineratzea izan zen lehen pausua: dantza-konpainia bagenuen, Aukeran. Orduan, kontatu nahi genituen istorioak kontatu ahal izateko falta zitzaizkigun osagaien bila abiatu ginen. Jende asko ari da lan handia egiten. Oso pozik nago dantzariak egiten ari diren ahaleginarekin. Eta beraientzat ere inportantea da jende profesionalarekin lan egitea.Elementu guztiak zein trantsizioak lotzea izan da txarrena. Dena dela, guztien arten, pixkanaka, josi dugu proiektua eta jende gaztearen artean dantzarako grina sustatzeko xedea ere badu ikuskizunak. Bizi dugun estimulu-jasa horren aurrean, ipuinaren bidez, dantzaren munduan murgildu ahal izatea... Niretzat, horrekin, jada, asko lortu dugu. Haurren munduan sartu gara, baina errazkerian erori gabe.
Ezin da aurretik sortu ditugun ikuskizunekin alderatu. Orain arte egin duguna oso ondo dakigu egiten. Erresgistroz aldatu dugu emanaldi honetan. Etengabeko aldaketan dago jendartea, horrela behar dute emanaldiek ere.
"Euskal Herriko ipuinak dira, herrialde bakoitzeko bana"
Zuek, dantza. Igerabidek, testua. Eta, musika, Joxean Goikoetxeak. Nolakoa izan da Juan kruz Igerabideren hitzak dantzagarri bihurtzeko prozesua?
Bere garaian, Oinkarin nengoenean, Igerabidek egindako idatzi bat dantzaz kontatzea egokitu zitzaidan niri. Aspaldiko kontu horren harira nuen harremana, ez sakona. Proiektuaren berri eman genion eta oso ideia polita iruditu zitzaion, bere ipuinak dantzaren bidez taularatzea. Bestalde, aspaldi-aspalditik ezagutzen dut Goikotxea, eta ez dugu elkarrekin lan egin inoiz, Aukeran dantza konpainiaren harira. Deitu bezala, baiezkoa eman zigun. Gainera, ezaguna du Igerabide bera. Horrela, errazagoa zen beraientzat lan egitea. Beraz, pixkanaka, borobiltzen joan ginen ikuskizuna ontzeko behar genituen elementuak.
Zentzu bat eman behar genion sorkuntzari. Euskal Herriko ipuinak dira, herrialde bakoitzeko bana. Igerabidek aukeratu zituen horiek. Tokian tokira egokitutako pausuak eta doinuak ditu ipuin bakoitzak. Adibidez, Ataunen dago kokatua Gipuzkoako ipuina; bada, banekien zein pauso izan behar zituen oinarrian gure dantzak. Ezagunak ditu pausuak zein erritmoak Joxeanek eta belarri finekoa da. Bitxikeria moduan, kasualitatez, orain dela mende laurden kaxoian gordetako pieza bat atera zuen Joxeanek; hala,fandango hori ipini dugu, emanaldiari amaiera emateko. Dena dela, guretzat oso zaila izan da, batzuetan, Nafarroako pausu tradizionalak erabiliaz, esaterako, ipuina kontatu ahal izatea.
Bestalde, guekin aritzen dira beti lanean Oscar Armendariz eta Carlos Solano. Jantziak eramaten ditu lehenak; argiztapen-diseinua, bigarrenak. Alderdi horretan, segurtasuna bagenuen, urte pila daramagulako elkarrekin. Armendarizen kasuan, ipuinak ikusi behar izan zituen jantzien iruditeria pentsatzeko. Diseinu xumea nahi genuen, baina zertzelada bereziekin.
Gainera, inoiz baino jostariago ageri dira dantzariak oholtza gainean.
Eta hori obra baten estreinua ez dela izaten, normalean, egun onena. Gu bakarrik egon gara lanean, kanpoko begirada handirik gabe. "Zer esango ote du jendeak?", hori zen gure zalantza nagusia estreinaldiaren egunean. Hala, oso urduri ginen ikuskizuna begi onez hartu zela ikusi arte. Oso mugimendu konplexuak egiten dituzte obran; bada, hemendik hilabete batzutara, zorroztuago izango dugu. Eta ez diot koreografien aldetik, dantzarien oholtzan egoteko moduarengatik baizik. Geroz eta bereago sentituko dute lana. Aldaketak beti egongo dira, zurruntasunetik harago, aldaketek mantentzen dutelako ikuskizuna bizirik.
Aipatu moduan, arte eszenikoen beste diziplina batzuekin ere aritu zarete oholtza gainean. Adibidez, aktore-lanetan aritzen dira dantzariak ikuskizunean. Ahalegin bikoitza eskatzen die horrek?
Beharrezkoa genuen zuzendari artistiko baten begirada, eta antzerki mundutik datorren Elena Bezanilla izan dugu gidari, familia-ikuskizunetan esperientzia du, gainera. Izugarrizko lana egin du ipuinetako testuak gure obrara ekartzeko. Amama ez ezik, bilobaren rola ere agertu behar zen ikuskizunean. "Zergatik ez jarri dantzariak?", bota zuen galdera gutako batek. Entsegu batean, proposamen haiei luzatu eta, "beno, bale", jaso genuen erantzun moduan. Horrela hasi zen dena. Elenarekin egin dute lan, nirea ez delako mundu hori. Hark ipuinetan kontatutako guztia agertzea nahi zuen, dantza, ordea, malguagoa da, interpretazioari tokia egiten zaio. Esaldien entonazioa, ahotsaren proiekzioa... Ezezaguna zen hori dantzarientzat, konplexua. Burbuilatik atera gara, ausartak izan gara alde horretatik.
Maskarak ere txertatu nahi genituen, Valentina Raposoren eskutik. Ekain partean etorri zen eta ordura arte muntatua genuena erakutsi genion, horren gainean maskarak sortzeko. Aldaketak etorri dira ikuskizun honetan, eta dantzariek badituzte erramintak horiei erantzuteko. "Dragoiaren bideoa ikusi dut... Ez dut gustuko nola mugitzen duzuen", esan zigun, behin Valentinak. Horrela, ordu pila egon ginen herensugeari bizia ematen, dantzariek herensugaren begietatik egin ditzaten mugimenduak.
Eta dantzarien alboan, ezin aipatu gabe utzi, kontakizunaren bizkarrezurra den amama, Loli Astoreka.
Jakina. Emanaldia bideratzeko gidaria behar genuen, amama. Oso laguna dut Loli, eta ez ginen lehenago sekula lanean elkarrekin aritu. Orain 30 urte-edo, Bizkaiko Foru Aldundiaren bidez, Japoniara joan ginen. Oso harreman estua egin genuen orduan. Deitu bezala, poz handia hartu zuen.
Atzeko irudiek ere ipuin bakoitzaren atmosferan hobeto kokatzen laguntzen dute.
Eszena osatzen laguntzen dute ilustrazioek. Antonio Alfasekin lan egindakoa da Aitor, eta ondo baino hobeto murgildu zen gure lantaldean. Ikusi zituen ipuinak, ikusi zuen work in progress-a eta, urria iritsi baino lehen, jada, ilustrazioak genituen.
Uda sasoian, sormen-prozesua agerian jarri eta entseguko ateak ireki zenizkioten urnietarrei. Orduztik asko aldatu al du formaz emanaldiak?
Ekainaren amaieran izan zen hori. Dena aldatu da. Ekainean ikusitakoarekin alderatuta, ez du zerikusiri handirik. Ordura arte montatutako dantza guztiek izan dute garapena, irudirik ez genuen, jantziak aldatu dira, orain amamak badaki zer den kontatu behar duena, bere kontakizunak entzungo dituen biloba dauka... Guztiak izan du bilakaera.
Abenduaren 21ean, San Tomas egunean, eguerdiko 12:00tan, lehen aldiz "Aiurri" ikuskizuna egingo dugu, San Juan plazan
Urnieta izango da “Amama”-ren hurrengo geltokia, hilaren 15ean. Etxetzat daukazue Sarobe. Lasaitasuna ematen du horrek ala urduritasuna areagotu?
Aipatu bezala, beti jartzen naiz urduri, nagoen tokian nagoela. Pozik gaude, gure egoitza delako eta jarraitzaile mordoxka daukagulako. Era berean, abenduaren 21ean, San Tomas egunean, eguerdiko 12:00tan, lehen aldiz "Aiurri" ikuskizuna egingo dugu, San Juan plazan.
Aurrera begira, zein beste antzoki bisitatuko ditu “Amama” ikuskizunak?
Ezin dizkizut, oraindik, izenak eman, baina, aurreratu dezaket, datorren urteari begira, jada, dozena bat udaletxek hartu dutela ikuskizuna. Gure asmoa ikuskizunarekin bidea egitea da.