200 korrikalaritik gora, haur, gazte eta heldu! Egiazki, mozorro festa eta kirolaren praktika herrikoia modurik naturalenean uztartzea lortu du Poxta Zaharrek, 2013an lasterketa abian jartzeari ekin zionetik.
Urnietaren herrigintzan eta bere gizarte-kohesioan txalogarria den pausoa ematen du Poxta Zaharrek Urtezaharreko arratsaldean ere, nahiz ekimen txikia iruditu itxura batean.
Geroz eta profesionalizatuagoak eta burukratizatuagoak diren lasterketen panoraman, herrikoitasunaren esentziari eusten dio Urnietakoak. Baina horrek ez du esanahi, inondik ere, edozein modutan antolatzen duenik. Alde horretatik, argi utzi behar da Poxta Zaharrek lan polita eta arduratsua egin duela aurten ere, izan boluntarioak mobilizatuz (ibilbideko errepideak mozteko eta premiazkok diren beste makina bat lan txiki burutzeko), izan herri dendariekin elkarlanean opariak pilatuz eta sarituz, izan... Bi eskaera txiki luzatuko nizkieke antolatzaileei, ekimena hobetzen lagunduko luketenak, nire iritzirako. Bata, ea arindu dezaketen izen-ematea, astunegia egiten baita itxaronaldia ia ermitaraino iristen den ilara horretan (are gehiago lasterketa atariko nerbioak direla-eta). Eta, bigarrena, hausnartu dezaten ea merezi ote duen “San Silbestre” izena ipintzea lasterketari, bai baita garaia benetan laikotzeko gizartea, erlijio kutsuko elementu sinbolikoetatik askatuz, gizarteak bultzatutako jai eta ekitaldi zibilen izendegitik hasita.