Ireki dute Antia literatur lehiaketara lanak aurkezteko epea

Aiurri 2025ko urt. 10a, 17:41

Zabalik da, jada, On Manuel Antonio Antia literatur lehiaketara lanak aurkezteko epea. Martxoaren 14ra bitarte izango dute aukera parte hartu nahi dutenek beren idazlanak bidaltzeko. 

Beste urte batzuetan bezala, adinaren araberako kategoriatan banatu du Urnietako Udalak literatur sariketa.

Haurren kategoria

2013an, 2014an edo 2015ean jaiotako herritarrak edo herriko ikastetxe bateko ikasleak. Lanen luzera 2-4 orrikoa izango da.

  • 1. saria: 200 euroko kultura-bonua.
  • 2. saria: 150 euroko kultura-bonua.
  • 3. saria: 120 euroko kultura-bonua.

Gazteen kategoria

2009ko urtarrilaren 1a eta 2012ko abenduaren 31 bitartean jaiotako herritarrak edo herriko ikastetxe bateko ikasleak. Lanen luzera 3-8 orrikoa izango da.

  • 1. saria: 500 euro.
  • 2. saria: 300 euro.
  • 3. saria: 150 euro.
Helduen kategoria

2009ko urtarrilaren 1aren aurretik jaiotakoak. Lanen luzera 8-20 orrikoa izango da.

  • 1. saria: 1.800 euro.
  • 2. saria: 1.000 euro.

Parte-hartze oinarriak

Martxoaren 14ra bitarte izango dute herritarrek sariketan parte hartzeko aukera, lanak zuzenean eskura emanda edota posta arruntez honako helbide honetara bidalita: Lekaio kultur etxea, San Juan plaza z/g 20130 Urnieta (Gipuzkoa). Gai librean arituko dira idazleak, aipatutako hiru kategoriatan, baina gutxieneko irizpide hauek beteta:

  • Kategoria guztietan ipuinak euskaraz idatziak izan beharko dira, beste lehiaketaren batean saririk jaso ez dutenak eta argitara eman gabeak.
  • Lehiakide bakoitzak gehienez lan bat aurkez dezake.
  • Ipuinek izenburu bana izan beharko dute, eta goiburua erabili ahal izango da.
  • Lanak mekanografiatuak aurkeztu behar dira, DIN A-4 neurriko orrietan, alde
    batetik bakarrik idatzita eta lerroen artean tarte bikoitza utziz.
  • Hiru kopia aurkeztuko dira, egilearen arrastorik gabe eta gutunazal itxi batean sartuta.

Askotariko kideek osatuko dute epai-mahaia: literaturgintza arloko bi pertsona, Urnietako Udaleko euskarako zinegotzia edo berak izendatutako ordezkaria, Sustapen saileko arduraduna edo berak izendatutako ordezkaria, Euskarako teknikaria edo berak izendatutako ordezkaria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!