Txotx denboraldia 2025

“Segi dezala jendeak Elutxetara etortzen, daukagunarekin gozatzera”

Alba Cabrera Jauregi 2025ko urt. 18a, 07:00

Urte berria ekitearekin batera hasi da txotx-denboraldia, eta, hainbat hilabetez, sagardozalez beteko dira Urnieta eta inguruak. Bada, guztia prest izateko, luze eta zabal egiten dute lan ekoizleek urte osoan. Alabainba, bestelako argazkia izango da aurten herrian, ezusteko albistea bota baitzuen, orain aste batzuk, Elutxeta sagardotegiak: botiletan bai, baina ez da sagardoa txotxetik dastatzeko aukerarik izango, aurrerantzean, bertan, ekoizpena etetea erabaki baitute.

Juanjo Urruzolarekin egin du hitzordua Aiurrik, nondik norakoak ezagutzeko.

Denboraldi honetatik aurrera, zuenean ez da sagardoa txotxetik edaterik izango. Zer dela eta erabakia?

Ondo nago, baina 65 urteko adina etorri zait, eta alabek jarraituko dute. Bada, hori bera komentatu zidaten, sagardoa egiteari uztea, botiletan ekartzea, nik samurtasuna eduki dezadan, baina baita beraiek ere, lanari jarraipena emateko. Haragia ere nik mozten nuen; orain, moztuta ekartzen didate, hori ere erraztu egin dut. Ikaragarrizko lana kendu dut.

Dena dela, jendea berdin-berdin etorriko zaigu, joan den igandean, adibidez, berrehun lagun hurbildu zitzaizkigun. Lana ondo egiten dugunaren seinale.

Lau hamarkadatik gorako ibilbidea. Azkar esaten da.

Aita hasi zen, guk lagunduta, pixka bat, gertukoentzat egiten, 1975. urtean-edo, gutxi gorabehera. Soldaduskatik bueltan, eta lantokitik bidalita, 1983 aldean, etxean gelditu nintzen. Gu maizterrak ginen, hemen lan handia egindakoak gara. Etxea erosita, ganadua kendu eta urte osoan sagardoarekin hasi nintzen. Gogorra da baserriko lana, baina segi eta segi. Sagardotegikoa ere bai, segi eta segi. Hementxe jarraitu dugu, 40 urtean. Nahiz eta gorabehera handiak eduki, bizitako pasadizoak bizita, lan txukuna egin dugu, gauza asko egin ditugu ondo eta gustura gaude egindako bidearekin.

Nolakoa gogoratzen duzu 80. hamarkadako sagardozaletasuna egungoarekin alderatuta?

Orain baina giro hobea zegoela dut gogoan. Lehen, etortzen zena sagardoa edatera eta jatera etortzen zen. Bi gauzetara. Orain, jatera? Bat ere ez. Orain, zurrutera, mozkortzera dator jendea. Askotan, deitu egin behar izaten diogu jendeari, jatera hurbil dadin. Edan, edan eta edan egiten dute gehienek: “Afaldu, denbora galdu”, diote. Oso oso desberdina da, garai batekoarekin alderatuta, eta ez naiz, soilik, gazte jendeaz ari... Kargu hartu behar izan diogu bati baino gehiagori, eta bada ordaindu gabe alde egin duenik ere. Gainera, sagardo-denboraldian edaten du jende gazteak sagardoa, batez ere, baina sasoitik kanpo, ezer gutxi!

Asteazkenetik igandera, irekita. Zerekin egingo dute topo herritarrek zuenera otordua egitera gerturatuta?

Betikoa, hori ez dugu aldatuko. Genero ona eta goxo jarria, jendeak estimatzen duena. 

Aldaketak aldaketa, sagardoa ez da faltako, botiletan zerbitzatuko baituzue. Nork ekoiztuta?

Astiagarragako sagardotegi batetik ekarriko ditugu sagardo-botilak, aspalditik ezagutzen dugu elkar eta konfiantzazkoak dira.

Zer gertatuko da zuen sagarrondo guztiekin?

Hortxe, nahi duenak biltzea dauzkala! Sagarrengatik dirulaguntzak ematen dituzte, baina guztia deklaratu egin beharra dago, lana da.

Duela pare bat urte iragarri zuen itxiera Setien sagardotegiak. Orain, zuek, kupelak. Joera hori hartzeko bidean al dira sagardotegiak?

Ba al da aurrera jarraitzeko jenderik? Etxe bakoitzari segida emateko ia ez da kiderik, eta zail samar dago lanerako pertsonak bilatzea. Bestalde, uzten al digute gure lana egiten? Oztopoak jartzen dizkigu administrazioak, estutu, estutu eta estutu.   

Inflexio-puntuek zer hausnartua ematen dute. Ba al duzu hitzik gordeta urte hauetan guztietan hona gerturatu direnentzat eta zuen alboan lanean izan direnentzat?

Gurera gerturatu den oro izan da ongi-etorria. Aspaldiko bezero finkoak ere baditugu, garai batean guraso izandakoak eta orain beren bilobekin ere etortzen direnak. Ahoz aho iritsi izan da hona jendea, bai bezero moduan, bai lan egitera. Lekua, parajeak, etxe-giroa… “Berriro itzuliko gara” diote askok. Segi dezala jendeak Elutxetara etortzen, daukagunarekin gozatzera!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!