Elizako ordularia berriro martxan jartzeko iragarpen berria

Aiurri 2025ko urt. 19a, 20:59

Ia hamarkada batez, matxuratuta egon da San Juan plazan dagoen San Miguel elizako kanpandorreko ordularia. Berriki, hitzarmena sinatu dute Udalak eta Elizbarrutiak, besteak beste, ordularia berriro martxan jartzeko.

Udalerri gehienetan ohikoa dena salbuespen bilakatu da Urnietan: San Juan plazan, burua elizdorrerantz altxaz gero, zein ordu den jakiterik ez dago. Urte luzez izan dira, egoera horretan, urnietarrak. Bada, antza denez, egoera hori aldatzear da. Izan ere,  Parrokiak eta Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dute eta, besteak beste, elizako erlojua martxan jartzea adostu dute. Hitzarmen berean jasota geratu da, antza, Atrioa erabilera publikorako berriro irekitzea, eta tenplua eta Cavaille-Coll organoa hainbat kultur ekitaldi egiteko erabiltzea.

Ez da ordularia konponduko dutela iragarri duten lehen aldia

2020ko otsailaren 25ean ez ohiko batzarraldia izan zen eta orduko alkate Mikel Pagolak hartu zuen hitza. Laguntza-lerroen aldaketa nagusiak aipatzerakoan, Urnietako Parrokiarekin lankidetza-lerro berri bat zabaldu zela iragarri zuen. Orduko hartan 23.000 euroko diru-laguntza iragarri zen, herriko elizaren erlojua konpondu eta mantenua bermatzeko erabiliko zena. Baina Udalak hori iragarri bazuen ere, ez zen inoiz hitzarmena aurrera atera. Eta arrazoiak ez dira inoiz aditzera eman, ez Udalaren aldetik ezta Urnietako Parrokiaren aldetik ere. Xabier Murua zen, 2020an, Urnietako apaiza. Bost urte geroago, orduko promesa hura errealitate bilakatu daitekeela dirudi. Hitzarmen berrian, Udalak ohar bidez adierazi duenez, lehenengo urtean dirulaguntza 20.297 eurokoa izango da, eta gainerako urteetan 1.524 eurokoa. Urnietako alkate Jorge Seguradoren eta herriko apaiza den Mikel Ormazabalen sinadura darama hitzarmen berriak.

Organoa berritzeko laguntza eskatu du Parrokiak

Cavaillé-Coll organoa XIX. mendearen amaierakoa da eta hura zaharberritzeko laguntza eskatzen ari da Urnietako Parrokia. Instrumentuaren tutu bana babesteko aukera eskaini zaie herrikideei, hogeitabosna euroko ekarpena eginez: "Zuri esker, gure parrokiak historiaz eta musikaz beteriko lekua izaten jarraituko du".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!