Euskaraldirako dinamizatzaile bila dabil Taupa, Urnietarako

Aiurri 2025ko urt. 20a, 11:32

“Elkar mugituz egingo dugu” lelopean Euskaraldia izango da, datorren maiatzaren 15etik 25era. Bada, Euskaraldirako dinamizatzailea behar du Taupa euskaltzaleen mugimenduak Urnietan. Urtarrilaren 26ra arte dago curriculumak bidaltzeko aukera honako helbide honetara: jon@taupamugimendua.eus.

Orotara, lau ordutako lan-jarduna eskaintzen da otsailaren 3tik ekainaren 6ra, honako zeregin hauek gauzatzeko:

  • Herriko eragileei eta herritarrei Euskaraldia ekimena aurkeztu (elkarteak, enpresak, norbanakoak…) eta prestakuntza eskaini.
  • Tokian tokiko komunikazio plangintza bideratu eta ekimenak garatu.
  • Entitateen lanketa planifikatu eta garatu.
  • Herritarrak ahobizi/belarriprest dinamikarako aktibatu eta prestatu.
  • Herritarren eta entitateen izen ematea antolatu.
  • Balorazioa eta aurrera begirako urratsak adostu herriko euskaltzaleekin.
  • Dinamizazioa: Antolatzaileen eta herriko boluntarioen lana koordinatu. Koordinazio orokorreko mintegi eta bileretan parte hartu eta ekimen orokorreko sustatzaileekin koordinatuta egon, baita eskualdeko gainontzeko dinamizatzaileekin ere.
Lanerako gutxieneko baldintzak

Hautagaiei honako baldintza hauek betetzeko eskatuko zaie:

  • Euskara maila egokia izatea (idatziz zein ahoz).
  • Urnieta ezagutzea.
  • Euskaltzalea izatea eta euskalgintzaren ezagutza izatea.
  • Jendaurrean eta jendearekin harremanetarako gaitasuna izatea.
  • Eragiletzarako gaitasuna izatea (ekimena herrian zabaldu eta ekimenera jendea erakartzeko abilezia).
  • Kudeaketarako gaitasuna izatea.
  • Komunikazio alorreko ezagutza izatea baloratuko da (sare sozialak, bideoen sorrera, webguneen kudeaketa, diseinua, ofimatika…).
  • Lanerako autonomia maila altua izatea ezinbestekoa da.
  • Ordutegi malgutasuna izatea ezinbestekoa da.
  • Gidabaimena eta autoa izatea baloratuko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!