Manoli Sorondo eta Izaskun Miner, 40 urtez odol emaileen taldea hauspotzen

Xabier Lasa 2025ko urt. 24a, 11:11

Urnietako odol emaileek asteazkenean zuten bi hilabeteroko hitzordua Gaztelekuaren egoitzan, eta Izaskun Miner eta Manoli Sorondo zintzo-zintzo aritu ziren sukalde lanetan eta gainerako zereginetan. Hain juxtu, ospakizun berezia ospatu zuten astezkenean, izan ere, 40 urte baitira abian jarri zutela taldea Urnietan.

Urteurren biribila ospatzeko, biek ere etxean egindako kutixi gozoak ekarri zituzten asteazkenean.

Hona Minerrekin eta Sorondorekin Gaztelekuan asteazkenean edukitako solasaldia:

 

1985eko urtarrilean, lehen odol emate saioa

Izaskun Minerrek eta Manoli Sorondok beste hiru pertsonekin (Javier Lopez, Pilar Iriondo eta Gloria Etxaniz) jarri zuten martxan Urnietan Odol Emaileen Taldea, eta 1985eko urtarrilean antolatu zuten lehenbiziko odol emate saioa. Nahiko arrakasta eduki zuen deialdiak, 47 herritar hurbildu baitziren.

Esan beharra dago kopurua hori urtetan mantendu izan dela Urnietan, bataz beste, 40-45 odol emaile agertzen baitira bi hilero egiten diren deialdietara, Gaztelekuan.

Taldearen hasierako boskotetik Minerrek eta Sorondok jarraitu dute, urtetan eta urtetan, fin-fin. Miner sukalderako behar den generoaz eta beste hainbat gestioez arduratzen den bitartean, Sorondok sukalde-lanak egiten ditu. Hitz batean, ezinbesteko zereginak burutzen dituztela, erizainen eta medikuen ondoan.

Bestalde, ezin aipa gabe ere utzi Miner eta Sorondo, Eugenia Rodriguez eta Santiaga Sanchez laguntzaileekin aritzen direla, bi hiletik behin odol ematearen hitzordutan. Banatzen dituzten pintxoak (xolomoekin eta tortillekin ogitartekoak) ederki asko estimatzen dituzte odol emaileek.

Hitzorduen gastuetarako, Udalaren laguntza eduki izan dute beti.

Izaskun Miner eta Manoli Sorondo, Eugenia Rodriguez eta Santiaga Sanchezekin, Gaztelekuaren sukaldean, asteazkenean

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!