Berriki, “Haritik” diskoan parte hartzeko aukera izan dute hiru urnietarrek, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen ekimenez: batetik, Malen Barrenetxea Solanorekin batera, Iruzta taldea osatzen dute Jone Izagirre Goenaga eta Enara Donavera Garcia herrikideek. Bestetik, Ai Ama! taldean da Mikel Lertxundi Ariztegi, inguruko beste herri batzuetako kideekin batera. Hirurak Lourdes Iriondo musika-eskolako ikasleak dira.
Nola iritsi zitzaizuen "Haritik" diskoan parte hartzeko aukera?
Mikel Lertxundi: Kristinak (irakasleak) proposatu zigun eta horrela eduki genuen proiektuaren berri.
Jone Izagirre: Gure kasuan ere antzekoa izan zen. Ea txapelketan parte hartu nahiko genukeen galdetu zigun Kristinak, eta baiezkoa eman genion.
Enara Donavera: Geure burua grabatu behar genuen eta abestia bidali lehiaketara. Bada, "Haritik" diskorako estudio batean grabaketak egitea zen irabazleen saria.
Estudio batean sartzen zareten lehen aldia izan al da?
E.D.: Bai, lehen aldia genuen hirurek horrelako zerbaitetan eta oso esperientzia ona izan da. EreÒotzun izan ginen Pello Gorrotxategiren Aieka estudioan.
J.I.: Bertara bi egunez joateko aukera eduki genuen guk, eta oso gustura egon ginen teknikariarekin. Guztia geure erara egin genuen eta oso eroso sentitu ginen.
M.L.: Guk egun bakarra eduki genuen grabaketa egiteko, baina asko lagundu zigun teknikariak.
Zer eman dizue zuen sormena musika-eskolatik atera ahal izateak?
E.D.: Niretzat, behintzat, oso garrantzitsua izan da, normalean, diozun bezala, asko mugatzen baikara musika-eskolako kontzertuetara eta ez ditugu horrenbeste pausu ematen. Horrez gain, inportantea izan da, era berean, jendeak diskoa entzun duela eta gustuko duela jakitea.
J.I.: Musika-esperientzia errealagoa bizitzen lagundu digu diskoaren grabaketak. Zerbait fisikoan bihurtu da gure lana, disko batean, eta jendeak entzun egin du.
Zuek, Jone eta Maialen, Su ta Gar eta Berri Txarrak artisten bi kantaren bertsioa egin duzue: "Itxaropena" eta "Maravillas". Zuen kasuan, Mikel, Niko Etxart eta Hertzainak, “Euskal Rock&Roll” eta “Aitormena”.
J.I.: Gure gustuko kanten proposamen-sorta egin genuen.
E.D.: Eta gurera hobekien egokitzen zirenak aukeratu genituen, kanta guztien artean.
M.L.: Guri ere aukera sorta eman zigun Kristinak eta bi aukeratu genituen.
Rock eta metal doinuak dituzte oinarri aipatutako lau taldeek. Nolakoa izan da horiek trikitixara eramatea?
E.D.: Batzuetan, beldurra ematen du jendearen erreakzioak, rock doinuen bestelako bertsioa egin dugulako. Kontrara, interesgarria iruditzen zait, beste abesti bat ematen duelako.
J.I.: Egia da, moldaketa egiten hasten garen unetik, zuzenean, trikitixarekin hasten garela. Horrela, errazagoa da sortuko duzun bertsioa irudikatzea eta ez da horren bortitza instrumentu aldaketa.
M.L.: Egia da kanten mamia berbera dela, eta oso politak gelditu dira.
Mamia aipatuta, zuenetik asko daukate bertsioek.
J.I.: Bai, horretan ere ahalegindu gara. Gure kasuan, hiru ahotsetara egin ditugu abestiak eta balada bihurtu dugu horietako bat. Horrek ere egiten du polit, gure kutsua eman izanak.
M.L.: Festa-giroa dute gure bi proposamenek.
E.D.: Beti daukagu aukera gure iritzia emateko eta asko lagundu digu Kristinak. Izugarria da, gainera, berak daukan sormena.
J.I.: Prozesu bat da, eta, bertan, guztien ekarpenak txertatzen saiatu gara.
Askotariko musikariak egin diote ekarpena, zuekin batera, diskoari. Aberasgarria izan al da esperientzia, artista gehiagoren sorkuntza ezagutzeko?
E.D.: Ez ditugu aurrez aurre ezagutu proiektuan parte hartu duten gainerako artistak, baina beren lanak entzun ditugu. Oso interesgarria da, nork bere xarma ematen baitio diskoari. Oso gauza originalak atera dira.
Gerora, hartu al duzue tartea diskoa ere berriro entzuteko?
M.L.: Dezentetan entzun dugu diskoa. Oso pozik gaude, ez baikenuen espero; entsegu asko egin genituen eta merezi genuen bertan egotea.
J.I.: Diskoa bera atera aurretik asko entzuten genuen, baina ederra da orain jendeak entzun ahal izatea.
E.D.: Entsegu pila egin ditugu eta abesti kanta zatiak erakusten genizkien gertukoei. Baina, bat-batean, soinu-kalitate
ona duen disko batean entzutea gure ahotsa... Ikaragarria
da!
Horrelako proiektu batean berriro parte hartzeko gogoa piztu al dizue “Haritik” diskoak?
M.L.: Noski! Sortzen jarraitzeko gogoa eman digu. Guk geure taldeari jarraipena eman diogu. Sortuta genuen, jada, taldea, baina "Haritik" diskoan parte hartzeak bultzada eman digu.
J.I.: Gu ere astero ahalegintzen gara gelditzen, entseatzeko. Finean, motibazioa areagotzen dizu horrelako proiektuetan parte hartzeak.
E.D.: Kontzertu bat prestatzen ari gara orain, adibidez. Espero dugu, laster, jendaurrean erakusteko aukera izatea.