Bost egunetan hiru emanaldi egingo ditu Kantazaun taldeak

Aiurri 2025ko urt. 30a, 08:29

Kantazaun taldea, iaz, Zaldundegin.

Ekimenez beteriko egundak dituzte aurretik Urnietako kantariek: urtarrilaren 30ean, AEKren Zilegi Eskolan, Lurdes Iriondo eta Xabier Lete gogoan hartuko dituzte; urtarrilaren 31n kalez kale ibiliko dira, kalejiran; eta, otsailaren 4an, Santa Ageda bezperako kantu-erronda antolatu dute.

Urnietako kultur bizitzan Kantazaun taldea ekimen bizikoa da eta, egun hauetan, jendaurreko saioak biderkatu egingo dituzte. Hilaren amaierako kalejiraz gain, beste bi ekimenetan parte hartu baitute. Astearen hasiera entseguetarako baliatu dute, hilaren amaierako kalejira eta otsailaren 4a gertu baitaude. Izan ere, Santa Ageda bezperako kantu-erronda egun seinalatua da Urnietako kantarientzat: euskal kultur gauaren parekoa da Santa Eskean irteteko eguna.

Hiru hitzordu, bost egunetan

Ostegun honetan, AEKren Zilegi Eskolaren barnean, Lurdes Iriondoren eta Xabier Leteren kantagintzan oinarrituriko saio berezia eskainiko dute Lekaio kultur etxean.

Biharamunean, hilabete amaierako kalejira egingo dute. Ohi bezala, iluntzeko 19:00tan abiatuko dira San Juan plazatik. Bidean, udalerriko hainbat txokotan kantari ariko dira.

Bost eguneko jardueren artean, hirugarrena, Santa Ageda Bezperako kantu erronda izango da. Datorren otsailaren 4an San Juan plazatik abiatuko dira, arratsaldeko 17:00tan hasita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!