Aurten, Urnietako txotx irekiera-ekitaldian Patxi Iribarri egokitu zitzaion anfitrioia izatea. Hilaren 6tik dute sagardotegia irekita, eta urte osoan izango da beren sagardoa dastatzeko aukera.
Joan den astean, Oianumen egin zen herriko txotx-irekiera ofiziala eta etxean jaso zenituzten sagardozaleak.
Oso ondo joan zen, pixka bat urduri, baina hasiera ona eman genion. Garrantzitsua da horrelako aurkezpenak egitea, herriko sagar-biltzaileei, sagardo-ekoizleei zein zaleei aitortza egiteko.
Dena dela, zuek urtarrilaren 6an ireki zenituzten ateak. Martxa hartu al du Oianumek, jada, txotx-denboraldian?
Poliki-poliki, baina, normalean, otsailean hasi ohi da jendea etortzen. Asteburuez gain, astegunetan ere badugu eskaintza: astelehenetik ostegunera gauez itxita daukagu, baina eguerditan zerbitzua eskaintzen dugu.
Aurrera begira, agenda estu samar izango duzue, ziurrenik.
Deika eta deika daukagu jendea, larunbat eguerdian bazkaltzeko. Gauari begira ere, bada zerbait, baita igande eguerdietarako ere. Otordu horretan, oso ondo egiten da lan. Txotx-denboraldiaz harago, guk urte osoan daukagu sagardotegia irekita. Izan ere, ondo irauten du sagardoak tenperatura baxuetan, epe luzera begira.
Dena dela, datozen hilabeteetan etorriko zaizkizue sagardozale gehien. Nongoa da Oianumera gerturatzen den jendea?
Maiatzaren bukaerara arte izaten da gutxi gorabehera mugimendu handiena. Bezero askok errepikatu ohi dute esperientzia gure sagardotegian: Gasteiztik, Bilbotik, Nafarroa aldetik... Autobusetan etortzen dira. Uda-sasoian, aldiz, atzerritar ugari etortzen da, sagardoa probatzera.
Zer nolako sagardoa dastatzeko aukera izango dute zuenean?
Edateko erraza da, zapore onekoa, finean, berriro txotx egiteko gogoa ematen du gure sagardoak.
Zuenean otordua egiteko interesa duenak, nola egin erreserba?
Erreserba egiteko bide errazena telefonoz deitzea da, 943 55 66 83.