Oinak lurrean tinko baditu ere, zerura begira egotea du maite Ignacio Tanco urnietarrak: Darmstadt hirian (Alemania) kokatutako Europako Espazio Agentziako (ESA) ingeniaria da, zehatz esanda, barruko eguzki-sistemako sailburua. Bada, gutxi gorabehera, azken hogei urteetan, misio espazialetan aritu da buru-belarri lanean, aurrera-atzera, arreta eguzki-sistemaren zirrikituetan ipinita.
Ignacio Tanco urnietarra Europako Espazio Agentziako (ESA) ingeniaria da
Hori horrela, bere ogibidearen gaineko ñabardurak emateko, hitzaldia egin zuen Saroben, hilaren 22an. Protagonistaz gain, bertan izan ziren Elhuyar Fundazioko Guillermo Roa eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Virginia Garcia, aurkezpen-lanetan. Gainera, partaidetza handia izan zen hitzorduan, askotariko zalantzak argitzeko aukera izan baitzuten herritarrek, bost zentzumenak ondo baino hobeto zorroztuta, unibertsoaren isilekoak ezagutzeko irrikaz.
Rosettaren prestaketa-lanak
Barruko eguzki-sistemako burua da Tanco. Zer esan nahi horrek, baina? Eguzkiaren eta Marteren arteko tartean izaten diren misioen koordinazioan dabilela, nahiz eta asteroide-gerrikotik harago ere zenbait operaziotan parte hartzen duen. Hala, begirada atzera botata, mende berriaren hasieran kokatuta ekin zion hitzartzeari, 2001 urtean lurreratu baitzen Tanco Europako Espazio Agentzian. “Orduantxe hasi zen ESA bultzada ematen esplorazio espazialari”, du gogoan protagonistak, “Churiumov-Guerasimenko kometara Rosetta izeneko zunda bidali nahi zutela erabaki zen, hura ikertu eta eguzki-sistemaren gaineko informazio gehiago edukitzeko; kartografiatuta genuen, bagenekien, nahiko zehatz, non zegoen”.
“Erlatiboki, belaontzien aroan gaude oraindik"
Hala, printzipioz, bertara iristea posible zela ondorioztatzen zuten ikerketak eginda, misioa martxan jartzea erabaki zuten Tancok eta bere taldeak: “Hori bai, ez zegoen nahikoa teknologiarik, edo ez geneukan hara eramango gintuen prozesuen zein eragiketen ezagutzarik”.
Nola egin, orduan? Badira espazio-bidaia batean falta ezin diren osagaiak, besteak beste: propultsioa, orientazioa, energia eta komunikazioa. Horietan arreta ipinita, bide eman zioten misioari. Propultsio kimikoa erabiltzea erabaki zuen lantaldeak, Tancok adierazi bezala: “Erlatiboki, belaontzien aroan gaude oraindik, ez baitago Lurretik kometa batera transferentzia zuzena egiteko adina erregai ontziratzeko modurik”. Zailtasun horri erantzuteko, grabitatearen laguntzarako maniobran oinarritutako bidaia diseinatu zuten: planeta baten grabitazio-eremutik ahalik eta gertuen igarotzean datza, horrek satelitea desbidera dezan eta abiadura handitu diezaion, helmugara iristeko bidean. “Oso teknika eraginkorra” delakoan da Tanco, erregaia aurrezten delako; alabaina, kontrara, denbora-tarte luzeagoa behar izaten da. Rosettaren kasuan, hamar bat urte pasatxo.
Itsas-nabigatzaileek astrolabioa erabili ohi zuten modu berean, izar-bilatzailea darabilte espazioa esploratzen dutenek, baita ESAk ere: izarrak identifikatzen dituzten kamarak dira, adituaren hitzetan, satelitearen kokapen eta orientazio zehatzaren berri eman eta ibilbidea diseinatzeko baliagarriak. Horrekin batera, Tancok esan bezala, energia-iturri moduan, “ezinbestekoak” izan zituen Rosetta zundak eguzki-panelak, distantzia sakonetan jarduteko, izan ere, eguzkiaren erradiazioa oso txikia izango zela aurreikusten zuten, behin kometara iritsita.
Dena dela, horrek guztiak ez luke zentzurik izango komunikazio-sistema egokia gabe. Robotikoak dira ESAk darabiltzan zunda guztiak, alegia, gutxieneko autonomia izan arren, langileen aginduen menpeko dira. Bada, “35 metroko diametroa duen hiru estazioko sare bat” sortu zutela azaldu zuen protagonistak hitzaldian: “Eta horrela iritsi zen 2004a, hamar urte iraun zuen misioari hasiera eman zion urtea, eguzki-sisteman zehar egindako biraren abiapuntua”.
Zundaren hibernazioa
Misioaren hasierako bospasei urteetan, gutxi gorabehera, Lurraren eta Marteren arteko joan-etorrian egon zen Rosetta zunda, planeten grabitatearen laguntzarako maniobra egin eta abiadura irabazteko asmoz. Behin planeta gorriaren eta Jupiterren artean kokatutako asteroide-gerrikoa zeharkatzen hasita, Lutetia asteroidea erabili zuten Rosettaren tresnak probatu eta dena ondo zegoela ikusteko. Puntu horretatik aurrera, azpiegitura-arazo handiak izaten hasi zirela ekarri zuen gogora hitzaldian Tancok: “Adibidez, eguzki-panelak nahikoak ez zirela ikusi genuen, eta, horregatik, satelitea itzaltzeko arriskua areagotzen zuen horrek”. Oztopoari azkar erantzunda, zunda itzaltzeko erabakia hartu zuen lantaldeak 2011n, bizpahiru urtez, kometaranzko bidea hartuta. Zeharkaldi espaziala hamarkada batera iritsi zenean piztu zuten berriro ere zunda, “oso gertu” baitzeuden, jada, helburutik: “Kometa izar-hondoaren kontra mugitzen ikusi genuenean, krisialdia izan genuen, konturatu baikinen gasa eta hautsa igortzen ari zenean iritsiko ginela bertara, eta horrek arazo larriak sortuko zizkigula”. Hori gutxi balitz bezala, kometatik kilometro gutxira zirela, ezusteko desatseginarekin egin zuten topo: ez zen-eta espero zutena, uste baino forma irregularragoa baitzeukan. Ondorioz, aski zailtzen zuen horrek orbita egonkor bat ezartzea, erregai-kopuru handi samarra erabiliz, maniobrak egiteko.
Eztabaidak eztabaida, lurreratze-modulua askatzea erabaki zuten, Philae, baina huts egin zuen azken horren lurreratze-azpiegiturak eta errebotatu egin zuen kometan pausatu aurretik. Labar baten itzalean lur hartuta, eguzki-energia behar bezala biltzea eragotzi zion horrek Philaeri. Atzera-kontaketari ekin zion ESAk, orduan, 36 ordu izan baitzituen Tancoren aditu-taldeak ahalik eta informazio gehien batu ahal izateko, bateriarik gabe gelditu aurretik.
“Kometaren azalean utzi dugu Rosetta, etorkizuneko belaunaldiren batek han aurki dezan"
Ildo beretik, Rosettarekin jarraitu zuten misioa, kometaren nukleoaren inguruan, baina une horretan ere arazoak izan zituztela adierazi zuen Tancok hitzaldian: “Eguzkira gerturatzen ari ginen, eta ekaitza sartu zen, hauts- eta gas-emisioa nabarmen biderkatuta”. Erregai-xahuketa handia eskatzen zuen baldintza horietan maniobrak egiteak; beraz, ikerketa-lanetan jarraitu zuten, harik eta erregai-tanga hustu arte: “Kometaren azalean utzi dugu Rosetta, etorkizuneko belaunaldiren batek han aurki dezan, espazio-arkeologia egiteko”. 2016. urtean amaitu zen Rosettaren bidea, eta, Tancoren urtez, esplorazio-lanetarako teknologia “eraginkorra” garatzea lortu zuten misioiari esker. Hortaz, etorkizuneko beste egiteko batzuen oinarri izan zen misioa.
BepiColombo, 2018ko urria
Rosetta misioa amaitu eta handik pare bat urtera, Merkurio izan zuten begiz jota Tancok eta bere taldeak, planetaren xehetasunak ikertzeko helburuz: “Eguzkitik gertuen dagoen planeta da sisteman eta biziki zaila da hara iristea, energia-kopuru handia behar baita, grabitazio-putzuan duen kokapenagatik”. Merkuriora iritsiera 2026rako aurreikusita badago ere, espedizio “konplexua” delakoan da ingeniaria, baldintza gogorrei aurre egin behar baitie BepiColombok: “Hondatzen hasia da ontzia, eta arazoak pilatzen ari dira, baina, helburua betez gero, lorpen handia izango da espazio-agentziarentzat”.
Solar Orbiter, 2020ko otsaila
BepiColombo misioan eskuratutako ezagutzak baliatuta diseinatutako espedizioa da Solar Orbiter, eguzkitik oso gertu kokatutako behategia, urnietarrak esan bezala: “Eguzkiaren gainazaletik gertu orbitatzeko aukera du zuntzak, horrek bertako behaketak egitea ahalbidetzen digu, egun, inork gutxik lortu dituen neurketa zehatzekin”.
“Eguzkiaren gainazaletik gertu orbitatzeko aukera du zuntzak"
Hizlariaren esanetan, osasuntsu dagoen misioa da, ezkutu termikoarekin egiten baitu lan Solar Orbiterrek, eguzkitik babesteko: “Primeran funtzionatzen jarraitzen du, eta, beharbada, urteak eta urteak izango dugu martxan”.
Juice, 2023ko apirila
Jupiterren izoztutako ilargiak ditu helburu Juice misioak. ESAko langileak adierazitakoaren arabera, dozenaka ilargi ditu planeta horrek, baina horietako lau, Galileoren ilargiak, “mundu zoragarriak” dira. Sumendiz josita omen dago Io ilargia eta gainerako hirurak, Europa, Ganimedes eta Calisto, “hein handi batean”, izotzez osatuta daude.
2031ra arte iraungo duen misio liluragarria da Juice
Kontinentearen izen berbera daraman ilargiaren kasuan, gainera, gainazalaren azpian, ur gaziko ozeanoak daudelako zantzuak topatu ditu ESAk: “Bertan bizigarritasuna bermatzeko baldintzak ote dauden argitzen ahaleginduko da Juice, izan ere, litekeena da, Lurra ez izatea bizia egon daitekeen leku bakarra. 2031ra arte iraungo duen misio liluragarria da Juice”.
Hera, 2024ko urria
Tancok parte hartu duen egiteko berriena da, ESAren lehen misioa, planeta-defentsari begira. Rol garrantzitsua jokatu zuen Tancok Heraren jaurtiketan, hegaldi-zuzendaria izan baitzen: “Dinosauroen aurrean, guk abantaila daukagu, Lurraren aurka jo dezakeen gorputzak identifikatu zein desbidera ditzakegu-eta, gure planetaren aurka talka egin aurretik”. Aferan, ibilbide laburra egina dagoela azaldu zuen Tancok hitzorduan, oro har, marko teorikoa nabarmen garatua izan arren, orain gutxi hasi baitira operazioak egiten. 2022an, esaterako, Didymos asteroidearen Dimorphos ilargiaren aurka jo zuen zundaren operazioa gauzatu zen.
“Didymos eta Dimorphos ikertu nahi ditugu, mota horretako asteroide-sistemek nola funtzionatzen duten hobeto ezagutzeko"
Bada, beren harridurarako, uste baino gehiago desbideratu zen gorputza eta misio horretan sortutako galderei erantzuteko asmoz bidali dute Hera espaziora: “Didymos eta Dimorphos ikertu nahi ditugu, mota horretako asteroide-sistemek nola funtzionatzen duten hobeto ezagutzeko eta desbideratze-zinetikoaz gehiago jakiteko, planeta-defentsa eraginkorragoa izateko bidean”.
Etorkizunari begira
Aseezina da ESAko langilearen jakin-mina. Hala, aipatutako misioez gain, beste batzuetan dabil murgilduta. Batetik, ExoMars egitasmoan dago lanean, Martera planeta bera ikertuko duen ibilgailu (rover) bat bidalita. Marteren azaleraren azpitik introspekzioak egingo diren “lehen aldia” dela jakinarazi zuen Tancok, Sarobeko hitzorduan: “Hor azpian, izoztutako ura egoteaz gain, biomarkatzaileak existitu daitezkeelako susmoa daukagu”. Bestetik, Ramses zunda bidaliko dute, zuzen-zuzenean, Apofis asteroidea gertutik kontrolatzeko. 2029an Lurretik oso-oso gertu igaroko den gorputza da, behar bada, Tancok azaldu moduan, orbita eta satelite geoegonkorren azpitik: “Gure zunda Apofisekin batera mugituko da, 2029an, asteroideak Lurraren albotik hegan egiten duen bitartean. Horrela, gertutik ikusiko dugu zein portaera duen gorputz horrek”.
Eguzkitik urruti samar kokatzen den Saturnora iritsi nahi dute Tancok eta ESAko taldeak
Azkenik, eguzkitik urruti samar kokatzen den Saturnora iritsi nahi dute Tancok eta ESAko taldeak, Entzelado ilargiak gordetzen duen “misterio handia” hobeto ezagutze aldera. Geiserrak ikusi dituzte Saturnoko ilargian, hau da, Tancoren taldeak ondorioztatu bezala, posible da izotz-gainazalaren pean mugimendu tektonikoak egotea, azpian egon daitekeen ur gaziko ozeanoak eraginda: “Horrenbestez, gazteak animatu nahi ditut etorkizunerako lan-aukeratzat har dezaten!”.