Gizonezkoen jubenil mailako Urnieta taldeak garaipen batekin ekin dio igoera faseari, aurreko larunbat arratsaldean in extremis iritsi zena, ia-ia partida amaitzear zela. Behobia, asteburu honetako aurkaria, aireko jokoan nagusi zen eta egindako azken aldaketekin, zelaian zuten posizioa aldatu zuten. Urnietak baloi luzeekin erantzuteko aukera baliatu zuen. Berdinketarekin amaitzear zela partida, Unaxek aurkariaren atezaina gainditu zuen. Epaileak lau minutuko luzapena erabaki zuen, eta minutu horietan Behobiako jokalariak urnietarren atean murgildu ziren.
Beti da ona hiru punturekin ekitea igoera faseari. Lehiaketa luzea eta gogorra izango da, eta ondo entrenatu beharko da azken unera arte lehiatzeko. Igoera fasea, denboraldi honetan, 16 taldek osatzen dute eta denak denen aurka ariko dira partida bakarrera.
Igoerako ligaxkan aritu aurretik, Pablo De Torresek zuzentzen duen taldeak –Jose Pascualen laguntzarekin– ligan bigarren postuan sailkatu ziren. Meritu handikoa da lortu dutena, izan ere, Jubenil mailako Urnieta C taldea lehen urteko jokalariek osatzen dute, oso-osorik. Hamazortzi jokalari dira, denera.