Txotx denboraldia 2025

“Garai bateko sagardozaleen falta sentitzen dut”

Alba Cabrera Jauregi 2025ko ots. 10a, 08:00

Aitor Iguaran Eula sagardotegiko arduraduna da.

Gogoz hasi du denboraldia Eula Sagardotegiak, aurten: bost mila sagarrondo ditu, hamar hektarea eta erditan. Bada, ekoizpen guztiaren gidaritza darama Iguaranek.

Urtarrilaren 24an ireki zenuten sagardotegia. Martxa hartuta dagoeneko?

Lasai samar gabiltza denboraldiaren hasieran, urtero bezala. Otsailaren erdialdean-edo hartu ohi du martxa sagardotegiak. Apirilera arte larunbat eguerdiak ia beteta ditugu, jada. Sagardotegi guztietan errepikatzen da joera hori.

Zuen lanak, ordea, ez du etenik urte osoan, urtarrila hasieran Eulak ateak ireki ahal izateko, buru-belarri lanean ematen baitituzue gainerako hilabeteak.

Bost mila sagarrondo ditugu, hamar hektarea eta erditan. Lan handia ematen du sagardo-ekoizpenak: belarra ebaki, kimatu, sagar-bilketa irailetik aurrera, baita salmenta ere. Ia egunero daukagu lana, astelehenetik larunbatera gure bezeroei sagardoa zerbitzatzen.

Tartean, maiz hartu izan duzue parte ENBAren “Ongi etorri baserrira” jardunaldi irekietan. Zer moduzko esperientzia da zuen mundua erabat arrotza zaion jendeari erakustea?

Gure sagardotegiaren historia esplikatzen diogu gerturatzen denari, instalazioak erakusten dizkiegu, dastatzeko sagardoa eman… Jendea nahiko gustura gelditzen da esperientziarekin, bai. Pixka bat nekatuta iristen gara gu, uda hasierara, txotx-denboraldia amaitu berritan delako, baina egun polita izaten da.

Aldaketak izan dira azken bi urtetan Urnietako sagardo-ekoizleen artean. Zein etorkizun ikusten diozu sektoreari?

Aldaketak izan dira, bai. Beti esaten da ezer ez dela betiko. Bada, sagardotegien kasuan ere, badirudi gauzak aldatzen joango direla sektorean.

Osasuntsu jarraitzen al du sagardozaletasunak, gaur egun?

Jende askok utzi gaitu, zoritxarrez, eta beste asko gora doaz adinean. Garai bateko sagardozaleen falta sentitzen dut: sagardoa dastatzea oso gustuko zuten, bizi egiten zuten sagardotegia.  Ezberdina da, orain.

Nongoa da, nagusiki, Eulara gerturatzen den jendea?

Gehienbat, inguruko jendea etorri ohi da gure sagardotegira, Irun eta Tolosa bitarteko herrietako sagardozaleak. Normalean, ez dira talde handiak izaten, hogei pertsonatik beherako taldeak.

Noiz arte izango zarete irekita?

Apirila amaierara arte, 27ra arte, zehazki, izango dugu sagardotegia irekita.  Ostegunetik igandera ematen dugu zerbitzua: afariak, ostegun, ostiral zein larunbatetan. Bazkariak, aldiz, ostiraletan, larunbatetan eta igandeetan.

Interesa duenak nola egin behar du erreserba egiteko?

Telefonoa da bide zuzenena. Bi aukera dauzka berezoak erreserba egiteko:  943 55 27 44 edo 647 43 77 03 telefono-zenbakietara hots eginda.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!