Urnietako Udalak 2025ari ekin dio, urteko aurrekontu-proposamena eztabaidatuta eta onartuta. Abenduaren 19an egin zuten batzarraldia eta bertan argi berdea eman zioten 13,6 milioi euroko aurrekontuari. Gobernu taldeak inbertsioetan jarri du azpimarra: arrapala mekanikoak Arantzubin, Idiazabal kalea oinezkoentzat bideratzea, Teresa Amuategi parkea partzialki estaltzea, kirol instalakuntzetako argiterian LED sistema ezartzea. Ahaztu gabe aurten eraikitzen hastekoak direla Egapeko DBH eraikina. Inbertsio horiei aurre egiteko gastu eta sarrera gehigarriak behar dira. Diru-sarrerak Miravalleseko industri-eremuaren salmentatik eta Lasarte-Oriaranzko bidea egiteko aurreratutako diruaren itzulketatik iritsiko direlakoan daude.
Inbertsioez gain, hainbat zerbitzu-kontratu eguneratuko dira eta horrek gastuaren handitzea dakar. Gobernu taldeak zerrendatu egin ditu, prentsa-oharrean, horietako batzuk: kaleko hezitzaileak, Eguzkitan Blai, Sarobe, AÒarbeko urak (% 2ko igoera), San Markos mankomunitatea (% 8ko igoera), Beterri Buruntzako ekarpena (20.000 euro gehiago).
Dirulaguntzen atalean, iazkoari eustea da Gobernu taldearen irizpidea.
Herme Gonzalez, PSE-EE
Azken urtetotako aurrekontu handiena eskuartean izanik, poza agertu zuen alderdi sozialistaren bozeramaileak. Berak ere inbertsioen atala nabarmendu zuen, bere hitzartzearen hasieran. Segidan, PSE-EEren ardurapean dauden sailetako hainbat partida zerrendatu zituen: argiteria elektrikoa berritzea, ingurumenaren aldeko politikak, elkarbizitza areagotzea eta Gizarte Zerbitzuetako beste hainbat gehiago. Errealitatera egokitutako proposamena izanik ere, ilusioz beteriko egitasmoak hizpide izan zituen: DBHko eraikina, parke inklusiboa, Zabaletarantz doan errepidea, Babiloniko eremua...
Euken Garmendia, EH Bildu
Oposizioko buruak jarrera eraikitzailea izan zuela adierazi zuen hitzartzearen hasieran. Eta, adibide modura, tasen onarpena eta mugikortasun plana onartzeko adostasuna aipatu zituen. Aurrekontuan txertatzeko hainbat proposamen aurkeztu zituztela adierazi zuen, herriko eragileekin eta herritarrekin izandako bileretatik sorturikoak. Besteak beste, kirol instalakuntzak eta Goiburu aldeko ekipamendua berritzea. Horrez gain, dirulaguntzen atalean, Aiurriri, UKEri eta Xoxokako Jai Batzordeari partidak handitzea aldarrikatu zuten.
Kexu agertu zen, bestalde, aurrez lotutako proposamena aztertzeko hilabeteko epea izan zutelako. EH Bilduk uste du Gobernu taldeak aurreko urteetako aurrekontu-proposamen ildo beretsuari eutsi diola, berrikuntzarako edo aldaketarako aukera txikiarekin.