Urnietarrak ez zion aukerarik eman Azpirozi, sake bikaina eginez. Finalean, kolpe bakoitzean, erakustaldi aparta eman zuen. Sakeaz harago, eskarmentua pilatzen ari da Ansa eta dagoeneko onenen artean dagoela argi geratu da: Banakako bi txapel eta Masterseko hiru ditu, dagoeneko.
Partida tanto ikusgarriarekin hasi zen eta 2-2koa eta gero Ansak aldea atera zuen 8-0eko partziala eginez. Aldea hamar tantokoa izatera iritsi zen, 16-6, baina Azpirozek ez zuen amore ematen eta gerturatzen ahalegindu zen. Halere, Ansak hamaika tanto egin zituen saketik eta horrela zaila da galtzea.
Hamabosgarren edizioaren ondoren, Urriza da palmaresaren liderra, sei titulurekin (2013, 2014, 2017, 2018, 2019 eta 2021). Ansa du atzetik, hirurekin (2023, 2024 eta 2025); Ezkurra II (2011, 2012), Uterga (2015, 2016) eta Barrenetxea IV (2020, 2022) birekin daude.