Domina bana eskuratu zuten Euskadiko junior txapelketan

Xabier Lasa 2025ko ots. 14a, 07:06

Euskadiko onenak elkartu ziren, Urnietan, aurreko asteburuan. Urnietako kiroldegiak eskaintzen duen erosotasunaz gozatu zuten, gainera, lehiakide guztiek. Izan ere, judoan aritzeko tenperatura egokia behar da. 

Aurreko asteburuan, Urnietan, junior mailako Euskadiko judo-txapelketa jokoan izan zen eta Adarrako ordezkarien emaitza ez da oharkabean igaro. Lau lehiakide izan ziren, horietatik bi kadete mailakoak, eta laurak domina jantzita itzuli ziren etxera. Iker Lizarribar Bengoetxea prestatzaileari zor zaio, hein batean, lorpen horien meritua. Andoaindarra pozik dago, "bereziki, gure bi ordezkari, kadete mailakoak izanik, junior mailakoen aurka lehiakorrak izan zirelako. Emaitzak oso onak dira, esan bezala, gure klubeko Maialen Lopez eta Peio Santos kadete mailakoak direla ikusita. Borja Secok urrea lortu zuen eta, hurrengo asteetan, Espainiakoa prestatu behar du. Eta Urtzi Iriondok oraindik sailkatzeko aukera badauka. Ondo legoke Adarrako bi ordezkari IruÒean ospatuko den txapelketan izatea". Asteburua igarota, astelehenean, Adarrakoen prestaketa saiora hurbildu zen Aiurri.

Borja Seco Navas (junior), urrezko domina

100 kilo azpikoen artean Euskadiko txapelduna da. Dagoeneko hirugarren urrezkoa du eta junior mailan oraindik ere beste urte batez lehiatzeko aukera izango du. Txapelketaz galdera eginez, bistan da, pozik dago: "Sentsazio onak izan nituen txapelketa osoan. Lau borrokaldi egin nituen, honaino iristeko gogor entrenatu dut. Denborarekin askeago nabilela iruditzen zait eta oso pozik berriro ere txapeldun izan naizelako. Akaso, lehiaketa bakoitzeko urduritasuna hobeto kudeatzen dut ikasi behar dut". Eta herrian bertan lehiatzea zer moduzko esperientzia izan da? Secorentzat lagungarria izan da, oso: "Herrian bertan aritzean, harmailetatik laguntza handia jaso nuen. Etxean aritzeak ez nau hain urduri jartzen, hasiera batean beldur modukoa sentitzen da baina tatamira atera eta zure izena harmailetatik oihukatzen dela ikusita urduritasun guztiak uxatu egiten dira". Euskadikoan urrea lortuta, Espainiako txapelketa helburu du orain. Martxoaren amaieran izango da IruÒean, eta lan ona egiteko motibaziorik ez zaio falta. Lehen ere, zazpigarren izan da junior mailan. Eta kadete mailan, 3. eta 5. postuan sailkatu izan da.

Maialen Lopez Martiarena (kadete), brontzezko domina

Kadete mailan aritzeko adinean da, baina Urnietan junior mailako txapelketan lehiatzeko erabakia hartu zuen. 48 kilo azpikoen artean aritu zen: "Izena eman nuen esperientzia hartzeko baliagarria delako. Adinean zaharragoak direnen  aurka lehiatzea egokitu zitzaidan. Emaitzei begira ez nuen ezer espero eta brontzezko domina lortu nuen. Beraz, pozik nago. Esan bezala, lehiatzea ondo dago esperientzia handia hartzen delako. Asko ikasten da, bereziki, zaharragoen aurka lehiatuz. "Hiru borrokalditan parte hartu nuen. Ariketa batzuetan gaizki aritu nintzen baina ziur nago denborarekin hobetzen joango naizela. Maila handiko lehiakideak izan nituen parean eta ahal nuena egin nuen".Saiatua da Lopez, astean hirutan hurbiltzen baita kiroldegira prestaketa-saioetan parte hartzera. Eta hori gutxi ez eta, ostiralero, Anoetako kiroldegiko prestaketa saio irekietara joateko ohitura du. Judoan ibilbide laburra egin du, lau urtekoa besterik ez. Antza, gogoko kirol jarduera aurkitu du. Gainera, "Urnietan bertan eta beste klubetako kideekin artean oso giro ona dago".

Peio Santos Uranga (kadete), brontzezko domina

60 kilo azpiko txapelketan brontzezko domina lortu zuen, lau borrokaldietan parte hartu eta gero. Lehen bietan garaile izan zen eta gerora txapeldun izan zenaren aurka galdu zuen. Azken borrokaldian irabazi zuenez, brontzezko domina eskuratu zuen: "Pozik nago helburua podiumera igotzea zelako. Lortu nuen". 16 urterekin, meritu handikoa da brontzezkoa, 21 urte bitarteko lehiakideen aurka borrokatu behar duelako.

Urtzi Iriondo Goikoetxea (junior), brontzezko domina

81 kilo azpiko mailan lehiatu zen, aurreko asteburuan. Gazi-gozoa izan zen esperientzia Iriondorentzat: "Lehen borrokaldian hankasartze handia egin nuen. Irabazten ari nintzela, azken segunduan, txakalaldia izan nuen. Pisuan sartzeko gutxi jan eta edan nuen aurreko bi egunetan, eta horren eraginez estuasunak izan nituen. Hurrengo borrokaldietan, ordea, aldartea hobetu eta dezenteko txapelketa egin nuen. Gerora txapelduna izan zenaren aurka galdu nuen, baina gainerako lehia guztietan garaile izan nintzen". Iazko postu bera errepikatuta, pozik dago Iriondo eta hobetzeko aukera baduela uste du. Besteak beste, alor psikologikoan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!