Groenlandiako zirrikituetan, Amaia Agirre Gonzalez gogoan

Alba Cabrera Jauregi 2025ko ots. 13a, 14:17

© Juanmi Ponce-Fedme

Eskaladako zortzi bide berri ireki zituen FEDMEko alpinismoko emakumezkoen taldeak 2023ko abuztuan, “Abriendo camino” proiektuarekin Groenlandiara egindako espedizioan. Abenturari buruzko hitzaldia eman du, berriki, Donostian, bertako kide izan den Uxue Loizuk, Club Vasco de Camping elkartearen eskutik.

Hodeiak zulatzen dituzten mendi-tontorretan gora eta behera ibiltzea du gustuko Uxue Loizu (Uharte, 1995) alpinistak. Hala, hiru urteko zikloari amaiera eman berri dio FEDME Espainiako Federazioaren Alpinismoko Emakumeen Taldean. Bertan, teknifikazioa egiteko aukera eduki du nafarrak, beste zenbait kiderekin batera: horien artean, arroken arteko konplize handi zuen eskalatzaileak Amaia Agirre Gonzalez urnietarra, orain bi urteko urtarrilean Patagoniako Fitz Roy mendian zendua. “Abriendo camino” proiektuaren eskutik, Jordanian nahiz Saudi Arabian izan ziren elkarrekin FEDMEko kideak, 2022an. Urtebete beranduago (Agirre gabe, jada), Groenlandiara egin zuten bigarren jauzia, eta, azken bidaian, Nepalerantz jo zuten, 2024an, formakuntzari amaiera emateko. Zirkulu polar artikora egindako espedizioan begirada ipinita, hitzaldia eman zuen Loizuk, urtarrilaren 30ean Donostiako Okendo kultur etxean, eraikin berean zegoen “HARRI, ORRI, ARkatz” erakusketarekin lotura eginda.

Desertuko sugandilak

Espainiako goi-mendiko lehen emakumezko gida da Miriam Marco eta haren eskutik iritsi zitzaien Loizuri eta taldekideei  “Abriendo camino” egitasmoan parte hartzeko aukera. Hizlariak azaldu bezala, bi xede izan ditu proiektuak: batetik, kirol-jarduerari dagokionez, urtero, urruneko toki batera espedizioa egitea, bertan eskalada- eta alpinismo-bide berriak irekitzeko. Bestetik, helburu pedagogikoari erantzuteko, makina bat eskolatan hitzaldiak eman dituztela aipatu zuen protagonistak, bost urteko umeekin hasi eta batxilergoko ikasleetara bitarte, “alor honetan, belaunaldi gazteek guk izan ez genituen emakumezko erreferenteak izan ditzaten”. 

Hari horri tiraka, garrantzia ematen dio Loizuk hiru bidaien arteko alderaketak egiteari, nolabait, “garapena” ikusten baitu, batetik besterako saltoetan. Aipatu bezala, basamortura egin zuten bidaia, 2022an, Jordaniako eta Saudi Arabiako hareharria dastatzeko. “Bidaiaren logistika bera baino, korapilatsuagoa izan zen herrialdera sartzea”, ekarri zuen gogora nafarrak mintzaldian, “hasieran, ez ziguten pasatzen utzi, eskalada-bideak irekitzera gindoazen emakumezko taldea baikinen”. 4x4 ibilgailuekin batetik bestera mugituta, kanpamentu nagusia muntatu eta hiruzpalau egun ematen zituzten inguruko harkaitzetan, egun bakarreko jardunean, 300 metro inguruko paretak, sugandilen pareko, igotzeko zein jaisteko.

Arrakala hotzetan, gora

Groenlandiako bidaian “pauso bat harago” joan zirela uste du Loizuk, “logistika konplexuagoa” eskatzen baitzuen bidaiak: “Hasiera batean, belaontzi bat izan behar zen gure oinarrizko kanpamendua, baina, hilabete falta zenean-edo, hernia bat zuela esan zigun bertako kapitainak”. Hortaz, aukera baztertu behar izan bazuten ere, ez zuten helmuga aldatu nahi izan. Hala, abenturari erronka are potoloagoa ipintze aldera, hilabeteko egonaldia modu autonomoan igaroko zutela adostu zuten Loizuk eta bere taldeak, janariaren kudeaketa propioarekin, ia inkomunikatuta eta toki batetik bestera mugitzeko aukera murritzekin: “Ingurune basatia zen, 1.000 metroko altuera duten granitozko paretez inguratuta eta inork zapaldu ez dituen glaziarrak zeharkatu behar genituen horietara iristeko”.

Esan eta egin. Madrildik abiatu ziren Islandiara, hegazkinez, bertatik, Groenlandiako Kulusuk herrixkara abionetaz joateko. Koloretako etxez osatuta dago uharte erraldoiaren ekialdean kokatutako herria, eta ez zuten errepiderik ikusi, izan ere, Loizuk adierazi moduan, elur-motorrekin mugitu ohi dira neguan, guztia izoztuta dagoenean, baita txakurrek bultzatutako lerekin ere. Aldiz, uda-sasoia iritsita, txalupa izaten da gehien erabiltzen duten garraiobidea.

© Juanmi Ponce-Fedme

Herrixkan lur hartu bezala, bi errifle eskuratu behar izan zituztela kontatu zuen Loizuk, hartzen aurkako protokoloa dela eta: “Bizilagun batek esan zigun soinean generaman eskopetak ez ziola hartzari kilimarik ere egingo”. Hori horrela, bagajea prest, txalupa batera igo eta hantxe abiatu ziren sei orduko bidaian, hilabetez, beren etxe izango zen Mytic Circus-era ailegatzeko asmoz. Iritsi aurretik, taldean ezjakintasuna zela nagusi nabarmendu zuen alpinistak Okendoko hitzorduan, “desizozte-sasoia baita uda eta iceberg-ez betetzen da kosta”. Eraikin baten tamainako izotz-pusken ondotik ibili ziren, arreta handiz, horien mugimenduek sortzen zituzten olatuak saihesteko. Oztopoak oztopo, eta, nekeak neke, iristea lortu zuten, beren hilabeteko abenturari ekiteko irrikaz.

Oinarrizko kanpamendua egitea izan zen iritsi orduko lehen zeregina. Pareten ondoan eraiki zuten, baina glaziarretik kanpo, “hotza saihesteko”. Horretan ere hartzen erasoen aurkako protokoloa eduki behar izan zuten gogoan: lehenik, komuna; bigarrenik, jakien txokoa; eta, azkenik, lo egiteko kanpin-dendak. Hiru gune horiek, beren artean, 100 metroko tartea utzita ipini behar zituzten. Behin kokatuta, taldeko zereginak zerrendatu eta banatu zituzten kideen artean; Loizuri, esaterako, konponketez eta jakiez arduratzea egokitu zitzaion.

Granito zaharreko pitzaduretan

Jada, tokiari neurria hartuta, inguruko tontor garaiak erreparatzeari ekin zioten. Nondik hasi, baina? Big wall estiloan eskalatu nahi zutela aitortu zuen nafarrak hitzaldian, baina gehiegitxo izango zelakoan, “beste fiordo batzuetara” jotzea erabaki zuten, luzera laburragoa zuten pareten bila, packraft-ak (kayak puzgarriak) erabilita: “Lehenik, iparralde aldera, eta, ondoren, hegoalderantz”.

“Izugarria zen paisaia, izugarria, glaziarren artetik ageri ziren tontorrak ikustea”

Lauzpabost egunetarako beharrezko materiala, ura eta jakiak eramaten zituzten, soinean, paretak igotzen hasi aurretik, beste kanpamendu bat egiteko. “Prismatikoak ahaztu zitzaizkigunez, erriflearen mira erabiltzen genuen eskalatu nahi genituen paretak eta pitzadurak ikusteko”, aitortu zuen Loizuk entzuleen aurrean: “Hasieran, eguneko 24 ordutan geneukan eguzkia. Erokeria zen hori geure buruarentzat, ez baikenekien eskalatzeko ordua ote zen, lo egitekoa, bazkaltzekoa…”. Egun bakarreko irteerak egiten zituzten. Igo eta jaitsi, gelditu gabe, alpinistak azaldu bezala, “20 ordu, 24… Beharrezkoa zena”. Ostera, nekez ahaztuko ditu protagonistak, gailurretik ikusitako parajeak: “Izugarria zen paisaia, izugarria, glaziarren artetik ageri ziren tontorrak ikustea”.

Nahiz eta hitzaldian, soilik, pare bat aipatu, guztira, zortzi bide berri egin zituzten espedizioan. Horrela, taldeko bigarren irteeran ireki zuen Nafarroako alpinistak bere lehen bidea: Fumantxus (400 m, 7a), Hidden Tower-aren hegoaldeko aurpegian, Maialen Rojorekin eta Ruben Sanmartinekin batera. Harriari dagokionez, “ezustekoa” eraman zutela aitortu zuen hizlariak: “Granito sendoa izatea espero genuen, Chamonix-en dagoenaren antzerakoa. Baina, gure harridurarako, harri zaharrarekin egin genuen topo, ia, harearriaren tankerakoa zen”.

Mila metroko hormak

Egunak joan egunak etorri, denborak aurrera egiten zuela ikusita, oinarrizko kanpamendura itzultzea erabaki zuen taldeak. Prest ziren, jada, abenturaren helburua betetzeko: Mytic Circus-eko dorre altuenak eskalatu nahi zituen taldeak, big wall estiloan, mila metroko igoera egiteko asmoz. Horretarako, hiru kidez osatutako bi taldetan banatu ziren. “Hiruzpalau egun eman genituen zintzilik, hamakan lo egiten”, oroitarazi zuen Loizuk. Ondo baino hobeto gogoratzen ditu, oraindik, paretan gora igo beharreko 70 kiloko petateak: “Pitzadurak bilatuz egiten genuen igoera. Ez zirenez arrakala perfektuak, eskura genituen baliabideak erabili behar izan genituen goraino igotzeko”. 

“La Jubi bidea Amaiari eskaini
genion, taldeko lehen urtean, mendian
bizia galdu zuen gure kideetako bati.
Haren omenezkoak dira irekitzen
ditugun bide gehienen izenak” 

Loizuk zehaztu bezala, lehenengo taldeak bide berria ireki zuen, nagusiki, eskalada librean, Fathers Tower gailurrera bidean, La Jubi (600 m, 7a): “Bide hori Amaiari eskaini genion, taldeko lehen urtean, mendian bizia galdu zuen gure kideetako bati. Haren omenezkoak dira irekitzen ditugun bide gehienen izenak”. Gauzak horrela, lehen hirukoteari lekukoa hartu eta pareta luzean gora igo zen Loizu, beste bi kiderekin batera, aurretik, jada, zabalduta zeuden bideak erabilita (La Jubi, tartean). Hitzik gabe utzi omen zuen hirukotea, mila metroko eskalada egin ondoren, gailurretik ikusten zen parajeak: “Izugarriak ziren bistak”.

Atseden egunak

Guztia ez zen eskalada izan, ordea, paretetatik zintzilikatzea bezain garrantzitsua baitzen taldekideentzat atseden hartzea. Zer egin, baina, Groenlandiako inguru galduetan? “Eskalatutako bideak marrazten ematen genituen egunak”, ekarri zuen gogora goi mailako kirolariak hitzaldian, “bidaia-koadernoa egin nuen”.

Egiari zor, eta umore puntu batekin, gosea pasa zutela ere aitortu zuen hitzartzean protagonistak, ez baitzuten “ondo egin kalkulua”. Hortaz, inguruko ahabiak jaten eta eperren bat edo beste ehizatzen ematen zituzten atseden egunak, inguruko haitzetan boulder bideak ireki zein auto erreskate teknikak errepasatzearekin batera. Hari horri tiraka, Loizuren hitzetan, “arriskua” du tamaina horretako espedizioa egiteak, “eta, gainera, abisatu ziguten, istripuren bat izanez gero, Islandiatik, soilik, etor zitekeela helikopteroa. Dena dela, harri erorikoren bat edo beste kenduta, ez omen zuten aparteko ezustekorik izan.

Nagusiki, egun eguzkitsu lasaiak eduki arren, behe-lainoak hartu zuen harana espedizioaren azken egunetan. Lauzpabost egun lehenago jaso zituztela du gogoan Loizuk, iparraldeko haize-boladak baitzetotzen, 150 kilometro ordukoak: “Ez geneukan txalupa itxarotea baino egiteko hoberik. Satelite bidezko telefonotik jaso genuen abisua, gure bila zetotzela jakinarazteko”. Horrela, etxerantz jo aurretik, Kulusuk herrian geldialdia egin zuten, berriro, bertako bizimodua apur bat ezagutu eta, abentura biribiltzeko.

Nolanahi ere, esperientzia ez zen berriro Euskal Herrira itzultzearekin batera amaitu. Bidaiari zuku handiagoa atera nahian, bi ikerketari ekarpena egin zien beren espedizioak: batetik, bertako glaziarrei argazkiak atera behar izan zizkieten, azken urtetako atzera-egitea aztertzen ari baita euskal glaziologo bat. Bestetik, Ana Carceller medikuak eskuartean duen azterketa baten parte izan ziren Loizu eta haren taldekideak. Baldintza gogorren ondorioz sortutako estresak  obulazioan eraginik ba ote duen ikusi nahi zuen ikerleak: “Hilabete osoan ez zuen gutako inork eduki hilekoa”, azaldu zuen nafarrak, “itzuli eta pare bat hilabetera-edo berreskuratu genuen. Emaitzetan ikusi zen, baietz, eragina duela”.

Himalaiako zeru ertzean

Zerua eskuekin ukitzetik gertu izan ziren, FEDME-ko kideak Nepalen, iaz, hiru urteko formakuntzaren azken sasoian. Bidaia horrek eman zion amaiera “Abriendo camino”-ri: desertua zapaldu zuten, lehenik; hilabetez era autonomoan izan ziren Groenlandian, tenperatura hotzetan; eta, azkenik, inor ohituta ez zen altitudeetan izan ziren munduko mendi-lerrorik garaienean.

“Eta, orain, zer?”, galdetu zion entzule batek, hitzaldiaren amaieran, protagonistari. Azkar bezain argi erantzun zion goi mailako kirolariak zalantzari: “Lasaitasuna. Elkarrekin eskalatzen jarraituko dugu. Baditugu zenbait toki buruan, Peru, Kirgizistan…Elkartu, dirua aurreztu eta joan”.

Espedizioaren dokumentala

FEDMEk hiru urtetan egindako espedizioen berri ematen du "Abriendo camino" dokumentalak. Bertan, Juan Miguel Ponceren zuzendaritzapean, goi mailako kirolarien balentriak bildu dituzte, ikus-entzunezko bidez.  Kapituloka dago banatuta, bidaia bakoitzeko bana. Hala, Amaia Agirre Gonzalez alpinista gogoan hartzeko bideo laburra egin zuen FEDMEK, bertako urnietarrak Jordaniara eta Saudi Arabiara egindako jauzian utzitako irudiez baliatuta.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!