Bidegorri berriak 1.200 metroko luzera izango du. 1,5 milioi euro bideratuko dituzte bidegorria gauzatzeko.
Plazaolako trenbide zaharraren bidea baliatuko du, eta Lasarte-Oriako Azkorte bidea Urnietako bide-sarearekin lotuko du. “Espazio segurua eta irisgarria eskainiko die oinezkoei zein txirrindulariei”, adierazi zuten.
Xehetasunetan sartuta, zehaztu zuten proiektuak “drainatze-sistema eraginkorra, trazaduran zeharreko argiztapen modernoa eta Plazaola tunelean zeharreko pasabide bat egokitzea aurreikusten” duela.
Oztarango tunel hori txanpinoiak hazteko erabiltzen da gaur egun, eta 542 metroko luzera du.
Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak, Gipuzkoan mugikortasun jasangarriago bateratu bat begira, azpiegitura berri horrek duen garrantzia azpimarratu zuen: "Bidegorri hori eraikitzeak, Lasarte-Oria eta Urnieta arteko lotura hobetzeaz gain, bizikletaren eta oinezkoen garraioaren erabilera sustatuko du, bizi-ohitura osasungarriak sustatuz eta emisio kutsatzaileak murrizten lagunduz".
Jorge Segurado Urnietako alkateak “herriko zein Buruntzaldeako mugikortasun jasangarria, aisialdia eta turismoa sustatzeko” proiektu estrategikoa dela gainera zuen. “Plazaolaren ibilbide zaharra mantentzen duen zati honi esker, Iruña eta Donostia lotzea ahalbidetuko da, are gehiago, Frantziarekin konexioa egitea eta bertara iristeko aukera eskainiko da. Gainera, naturara hurbiltzen gaitu eta paisaia eder hauetaz gozatzeko aukera emango digu".
Obrak 2025eko hondarrean ekiteko
Agerraldian izan ziren diputatuak eta bi alkateek azaldu zutenez, aldundiak datozen asteetan ekingo dio proiektuaren izapidetze tekniko eta administratiboari, eta, eragindako lurrak erabiltzeko egin beharreko kudeaketei ere.
Aurreikusita dagoenez, obrak 2025ean lizitatu ahal izango dira, lanak urte horren amaieran edo 2026ko hasieran ekiteko. Zortzi hilabetez luzatuko direla obrak, iragarri zuten.
Bidegorriaren ibilbidea hiru zatitan banatuko da:
- Lehen zatia: Azkorteko bidea tunelaren iparraldeko ahora arte (224,9 metroko luzera), zolatutako trenbide-plataforma zahar baten gainean.
- Bigarren zatia: Plazaola tuneletik igarotzea (542 metroko luzera), egiturazko segurtasuna eta drainadura bermatzeko obrak egiteko.
- Hirugarren zatia: tunelaren hegoaldeko ahotik Urnietako udal-bide-sarera (502 metroko luzera).