[TTAP elkarizketa]

"Transmisioarena sentitzen dudan ardura bat da"

Jon Ander Ubeda 2025ko ots. 26a, 07:51

Garbiñe Larreak sendabelarrei loturiko hainbat liburu eman ditu argitara. aiurri

Sendabelarrek dakitena, Kosmetikoak sendabelarrekin… liburu mamitsuak argitara eman ditu Garbiñe Larreak, Argia-ren eskutik. Taldean egindakoa, taldearentzat. Hots, komunitatearentzat.

Kosmetikoak sendabelarrekin liburua eskuetan daukat. Ia-ia entziklopedikoa dela esango nuke. Eta, hona iritsita, esfortzu handia egin behar da liburu hau 25 minutuko elkarrizketa batera ekartzeko.

Urteetako lana dago atzean, eta txantxetan esan ohi dut liburuak gizenak ateratzen zaizkidala. Idazten hasi, eta detektatu genituen hainbat behar. Gero egindako beste hainbat lan ere jasotzea egokia iruditu zitzaigun. Eta hor badago Estitxu Eizagirre editorearen parte handi bat ere. Orduan, nire iritziz erakargarria izan behar du liburuak. Liburua zabaltzean, hark arnas bat eman dezala nahi dugu. Nahi genuen liburua erosoa izatea, nahiz eta handia izan. Era berean, praktikoa izan behar du. Erabiltzaileak gida modukoa daukalako. Hutsetik abiatzen den batentzat egin nahi genuen. Orduan, ibilbide egituratu bat eman nahi izan diot hutsetik abiatzen denari, baina gero, honetan lanean ari denari ere zenbait aukera berri eman nahi izan dizkiot. Izan behar du oso pedagogikoa, oso didaktikoa, oso xehe azalduta egon behar du. Horretan ahalegina egin dugu, bai.

Eta ez duzu bakarrik egin; edizio-lana oso garrantzitsua da liburuan.

Editorearen papera ez da oso ezaguna, ez da ikusten. Hainbat orraztu izaten ditu liburuak. Esan nahi dut nik letra lehorrak egiten ditudala eta liburu erakargarri egiteko beste ogibide batzuk daudela: argazkilaria dago; kasu honetan, Ibai Arrietak egin du lan  hori. Gero, azala Maitane Gartziandiak egin du, maketazioa ere bai. Lantalde bat gabe hau ez da egiten, eta Argia bada lantalde bat; beraz, lantalde horren barruan uste dut niri pluralean hitz egitea dagokidala. Eta, hain zuzen, azal-hegalean horregatik ipini ditugu liburu honetan aritu diren hiru langileren argazkiak.

Liburuan murgilduta, hasieran bada edertasunari buruzko hausnarketa; generoa aipatzen da, gainera, atal horretan.

Edertasunaren gaiari heldu beharra zegoen liburu honetan. Zeharka, beti dagoelako presente. Hau egiten baldin badugu ez da azala garbitzeko eta zaintzeko bakarrik. Guk zaintze horretan nahi dugu ahalik eta itxurarik onena eman. Eta kontrakoa dioena gezurretan ari da. Kosmetikaren industria izugarria da, kosmetika naturalarena ere bai, eta hor inor ez dago libre. Egia da emakumeari, historian, eta gaur egun ere, gehiago eskatzen zaiola. Baina gizonezkoak ere baditu bete beharreko estandar batzuk eta, egun, sare sozialen garaian, sare sozialetako filtroekin, ikusi besterik ez dago nerabeek jasotzen duten zaparrada hori. Eskatzen dena askoz handiagoa da. Hitzaurrean aipatzen ditut hainbat izen propio. Horietakoa Susan Sontag da. Hark badu esaera oso ona: "Ederra izatea ez dago gaizki. Gaizki dagoena da ederra izateko obligazioa". Eder izateko obligazio hori daukagu adin tarte bakoitzean, eta, bueno, hori bada presio bat. Bestela, ikusi azaleko gaitzak dituenak, aurpegian adibidez, horrek zein estigma duen gure gizartean. Sarrionandia aipatuz, txantxa modukoa egiten dut atal horretan. Hitzen ondoeza maite dudan liburua da eta bertako pasarte batean dio emakumeak zenbat eta makillatuagoak, orduan eta makillatuagoak. Irakurri nuenean, "bua, egia da!", esan nuen. Baina gaur egun uste dut ezetz, iruditzen zaidalako eskura dauzkagun hainbat baliabide erabiltzen ditugula gure itxurarik onena emateko. Azkenean, nahi duguna besteen onarpena da, eta besteengandik gu ikusiak izatea. Gai oso-oso sakona da.

Atal ezberdinak lantzen hasita, eta gai hau seriotasunez hartu behar delako, bada Azenarioaren tratamendua izeneko atala; hainbat ohartarazpen egiten dira bertan alkoholaren eta tabakoaren kontsumoaren inguruan.

Kontua da kosmetikari eskatzen zaiola dena. Irudipena daukagu 100 gramoko pote bat krema 200 euro ordainduta horrek dena konponduko duela. Eta hori ez da horrela. Gure azalaren osasuna, ongizatea eta itxura ona ematea, hein handi batean, gure bizi estiloa da, eta gure biztanle estiloan barruan badaude faktore asko. Horietako bat elikadura da. Orduan, elikadura ez bada egokia, bizitza oso sedentarioa bada edota tabakoa edo bestelako toxikoak kontsumitzen baditugu... bada, kosmetikoak ezin du hori guztia berdindu. Sendabelarrekin ere gauza bera esan ohi dut.

"Sendabelar bat ez hartu tripako mina kentzeko, gaizki jaten baduzu. Oinarritik hasi behar dugu"

Eta, azenario tratamendua liburuan sartu dugu ikusteko guk multibitaminikoak azalean aplikatu baino hobe genukeela jatea, hasteko eta behin. Hori egin dezakegu modu sistematikoan; adibidez, udaberrian. Edo egin dezakegu multibitaminiko hori janez. Ikusten dudalako kosmetikan nutrizeptikoak eta horrelako kontzeptuak datozela, eta, finean, zer dira? Pilulak eta kremak saltzen dizun etxe berak saltzen dizula oso garesti. Pilula bat da azala zoragarria edukitzeko, eta begira, pilula hori hiru bitaminaz egina dago. Bitamina horrek limoia, oliba-olioa eta azenarioa baditu, orduan, ez gaitezen engaina.

Beraz, zeinen erraz egin genezake guk. Jakinez gero...

Eskura baliabide asko ditugu eta askotan iruditzen zaigu behar duela izan kanpokoa, exotikoa, izugarri garestia, eta ez da hala. Kosmetiko handi-handi bat asuna da, eta jendeari ez zaio iruditzen! Edo kamamila edo ilena. Arruntak izateagatik edo ohikoa izateagatik gutxietsi egiten ditugu, eta ez genuke hori egin behar.

Durangoko Azokaren aurretik egin nizun elkarrizketa hartatik gogoan iltzatuta geratu zitzaizkidan hainbat kontzeptu. Eta liburuaren azalean ageri den esaldiak badu zerikusia galderarekin. Bertan ageri da honako hau: Zure bizitzatik 100 substantzia toxiko oraintxe kentzeko liburua.

Lelo hori ipini ala ez, eztabaida izan genuen. Duela 10 urte Ameriketako Estatu Batuetan egindako ikerketa bat da kontua, eta guk bataz besteko bat ipini dugu, ikusi zelako emakumeen kasuan 185 osagai kimiko-sintetiko barneratzen direla azaletik, egunean. Eta gizonen kasuan, 85. Guk egin dugu bataz bestekoa. Ikerketa hori ez da berriro egin. Badakigu askoz ere gehiago liratekeela. Behin horiek azal barrura sartzen zaizkigunean, ikusten dugu zein lan egiten duten. Ikusten da, emakumeon kasuan, bereziki sistema hormonalean egiten dutela lana.

"Nazioarteko Endokrinologia Elkarteak esan berri du gure sistema hormonala hackeatzen ari direla"

Badira ere kardiologian egindako ikerketa berriak esanez tronboen jatorrian badirela mikroplastikoak. Oharkabean, egunero edozeinek egiten duen ekintza xume horretan, gorputza garbitzean soilik, elementu oso kezkagarriak ari gara barneratzen. Eta gainera, koktel-efektua ez du inork aztertzen. Hau da, osagaiak banaka eta kopuru seguruak banaka begiratzen dira, baina, koktel-efektuari dagokionez, beste alde batera begiratzen dugu, eta hori oso kezkagarria da. Nicolas Olearen lanak eta liburuak gomendatzen ditut. Espainiako Estatuan lan oso garrantzitsua egiten ari da esparru horretan.

Interesak badira emaitza horiek argitara ez ateratzeko.

Interesak ikaragarriak dira. Alternatibak egon badaude, gu horretan saiatu gara. Baina alternatiba hori egingarria da eta trantsizio bat eskatzen du eta kontzientzia bat eskatzen du. Kosmetikaren zati bat ari da aldaketa horretarako bidea ematen.

Liburuaz pluralean ari zara hedabideetan; nola antolatu zenuen liburua horrelako lan mardul bati ekiteko?

Lehenengo, begiratu behar dituzu aurreko urteetan egin dituzun zirriborroak, egin dituzun ikastaroak. Mahai gainean jartzen dugu: zer da lehenengo egin duguna. Baditugu beste esparru batzuk oso teknikoak eta oso zailak direnak. Irakurlearen tokian jarrita, erraz ulertzeko modukoa izan behar du liburuak. Eta, bueno, ikusi genuen garbitzea dela lan bat eta zaintzea beste bat. Hasi ginen azaletik, iletik. Mintzak oso ezberdinak dira, ezpainak ez dira azal bezala lantzen. Ikusten genuen urtaroaren eta sasoiaren arabera beharrak aldatzen zirela. Udan, adibidez, eduki behar dituzu hainbat produktu, azaleko erredurak sahiestu edo haiek zaintzeko. Azala babestu behar dugu hainbat faktoretatik. Eta, neguan, hotzak azala lehortu eta deshidratatu egingo du. Behar horien arabera ere egituratzen da lan hau.

Bertigotik euforiara igaro zarete liburu honekin?

Euforia? Kontuz ibili behar da horrekin. Nik bertigoa beti daukat. Lehenengo liburua inozentzia maila handiarekin egin nuen, eta oraingoan ez dago horrelakorik. Badakizu nork hartuko duen, espektatiba badago, maila bat eman behar duzu, eta horrek ardura dakar. Eta ikusten duzunean hartzaileak nola hartzen duen, ze poza! Niri etortzen zait burura Andoni Egañak bere lehen txapela irabazi zuenean agurreko bertsoan esan zuena: "Zuek horrela ikusi eta neroni jartzen naiz alai".

Lantaldeak daukan poz hori ikusitea oso eskertzekoa da.

Ondoren, hitzaldietan eta zabiltzan lekuan ikustea jendeak nola estimatzen duen... Sortzaile batek daukan gauzarik ederrenetakoa da hori.

Eta, egiari zor, alor horretan Argia egiten ari den lana azpimarratu beharra dago. Bizi Baratzea egitasmoarekin Argia-k oinarri batzuk jartzen eta ikusleak bereganatzen asmatu du.

Bizi Baratzea izan da Jakoba Errekondok irekitako bide bat, eta, gero, beste batzuk joan gara bide horretara gehitzen. Argia-k lehen sektorearekin, eta ez lehen sektorearekin bakarrik, osasunarekin... Sendabelarrekin hasi ginenean kontzientzia bagenuen ondare immaterial bat dela eta gure herrian badela jakintza bat. Biltzea eta sistematizatzea garrantzitsua zela uste genuen. Nik ez nuen, inolaz ere pentsatzen honetan arituko nintzenik. Haiek egindako proposamen bat izan zen, susto handi samarrarekin hartu nuena. Esan beharra dago neurri handi batean gainditua dudala; ez erabat, baina iruzurgilearen sindrome handi-handi batekin hasi nintzen. “Nola egingo dut sendabelarren liburu bat?”, galdetzen nion neure buruari. Espero gabe ireki da bide hau. Uste nuen liburua aurkeztu, elkarrizketa pare bat eman eta etxera joango nintzela. Eta hori ez da horrela izan. Hori horrela izateko Argia-k, dudarik gabe, lan handia egin du. Eta gero, irakurleek. Irakurleek eskatu izan ez balute, nik ez nuke ibilbide hau egingo.

Mitifikatzeko aukera dago, baina, oinarrian, zuri entzunda, sendabelar gutxirekin asko egin daiteke.

Bai, badaukagu kontsumokeriaren ideia bat, hala bizi garelako beste esparru batzuetan. Ez dakit, ba, arroparekin, liburuekin ere... kontsumokerian erorita gabiltza eta iruditzen zaigu zenbat eta gehiago, hobeto. Eta hori ez da horrela. Hasteko, sendabelarra momentu jakin batean behar dugu. Adibidez, nik ez dut goizero sendabelar bat hartzen infusioan; behar dudanean hartuko dut. Oso arruntak eta oso ohikoak direnak balio anitzekoak dira, eta hor dago gakoa. Zuk balio anitz horiek ezagutzen baldin badituzu eta etekina ateratzen baldin badakizu, ez duzu zertan sendabelar asko izan. Akordatzen naiz Asturiasen bazela emakume bat intsusarekin bakarrik lan egiten zuena. "Berbena ez dut ezagutu ere egiten", esaten zidan. Etnobotanikan ikus dezakezu badela curandero de planta única delakoa. Ibilbide luzeko sendabelarrak daude. Ez dugu zertan kopuru handia erabili.

Liburu honen gakoetako bat transmisioan laguntzea da.

Transmisioarena sentitzen dudan ardura bat da. Lan hori egin beharra dago eta ez dago modu egituratuan; hau da, ez dago ikasketa homologaturik. Oso buruan eta oso presente daukadan egoera bat da. Nik uste dut jakintza hau bildu egin behar dela, sistematizatu egin behar dela eta transmisio egokia ziurtatu behar dugula. Eta, tira, liburuekin, hitzaldiekin, tailerrekin, neurri batean, ari naiz egiten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!