Atzera kontaketan sartuta daude, jada, Urnietako Itxaso arrandegiko Nekane Garmendia, Aingeru Lekuona eta Alfonso Olano, erretiroa hartuko baitute martxoan, arrandegian, ia lau hamarkadako ibilbidea egin ondoren. Idiazabal kaleko saltokiak segida izango du, ostera: aurrerantzean, Ainara Monroy-k hartuko du gidaritza.
Azken egunak dituzue Itxaso arrandegian, ia lau hamarkadaren ondoren… Azkar esaten da! Zer moduz zaudete?
Pixka bat, urduri, egia esan, nahaste borrastea sentitzen dugu: pena bai, baina baita poza ere, Ainararekin jarraipena izango duelako, berrikuntzekin, gainera.
Nola aldatu da arrainaren salmentaren negozioa lau hamarkada hauetan herrian?
Asko aldatu da Urnieta, ohituretan. Garai batean, ostiraletan asteburuari begirako erosketa handiak egiten ziren; orain, aisialdian pentsatzen egoten dira herritar gehienak. Jende gaztea herrian gelditzea behar da, erosketak egin ditzaten. Zer nahi duten eta nola nahi duten ere esan dezatela, zerbitzuari begira zer falta den: ordutegiak, eskatzeko erraztasuna... Egia da gurera datozenak jabetuta daudela denda txikiak egotearen garrantziarekin, gertutasuna transmititzen diegulako. Finean, zahartzen ikusi gaituzte berezoek eta haiei guk ere bai.
Orain, zer? Zein asmo daukazue, martxotik aurrera?
Atseden hartu! Lasaitasuna behar dugu, arnasa hartu: bidaiaren bat egin, nahiz ordu berean esnatu, iratzargailua ez jarri... Ziurrenik, Alfonsok sumatuko du hori, gehien, goizean goiz arrain bila bera joaten delako. Saltsa polita sortzen da bertan, nahikoa arrain dagoenean. Gutxi dagoenean eta garesti...gogorra da!
Atseden hartuko duzue hirurek; arrandegiak ez, ordea. Ainara, zuk hartuko duzu Itxasoren gidaritza.
Urduritasun pixka batekin, baina gogo handia sentitzen dut. Guztira, 23 urteko esperientzia daukat, eta, toki batetik bestera aldatu egiten denez lan egiteko modua, Nekane eta Aingeru ari zaizkit azalpenak ematen.
Zer esan nahi diezue, urte hauetan guztietan, zuengana gerturatu diren bezeroei?
Jendea oso ondo portatu da beti gurekin eta oso eskertuta gaude. Haiei esker gaude gu hemen, gurekiko erakutsi duten konfidantzagatik. Anima daitezela urnietarrak erosketak herrian egitera, bizitza herrian bertan dago eta!