Igoerako play offa, helburu lorgarria

Aiurri 2025ko mar. 11a, 13:13

Urnieta Artola Harategia.

Urnieta Artola Harategia Lurraldeko 1. mailako lehiaketari berrekin zion aurreko asteburuan, bi puntu garrantzitsu lortuta, Txingudi Goibarri 26-29 irabazita.

Horrela, Urnietak sailkapeneko hirugarren postuari eutsi dio eta igoerako play offaren lehian seigarren sailkatuarekin duen aldea hiru puntura mantendu du.

Urnietarrek bolada bikaina daramate: Bost partida irabazi dituzte, jarraian

Eta fase erregularra amaitzeko 4 jardunaldi besterik ez dira geratzen. Liga amaiera emozioz beterikoa izango da, beraz.

Ahalegin handia, garaipen handia

Hasieratik, irundarrak erasokor zelairatu ziren defentsan eta erasoan asmatuz. Minutuak aurrera joan ahala urnietarrak finkatzen joan ziren eta euren jokoa erakusten hasi ziren, markagailuari buelta emanez eta atsedenaldira abantailarekin iritsiz (14-17). Bigarren zatiaren hasieran UKEkoek aldea handitu zuten 6 goleraino. Baina bolada txarra izan zuten. Zorionez, garaipenerako aukerekin iritsi ziren azken txanpara. Eta, azkenerako, bi puntu berri eskuratu zituzten (26-29). 

Larunbat honetan, liderraren bisitaldia Urnietara

Don Pedro Hondarribia Bidasoa taldea multzoko liderra da eta asteburu honetan Urnietako kantxan ariko da. Arratsaldeko 18:00tan hasiko da partida.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!