Liderraren martxari ezin jarraituta

Aiurri 2025ko mar. 17a, 11:54

Urnieta Guria Jatetxea taldeko kideak.

Joan den asteburu honetan, ezin izan dio Done Pedro Hondarribia Bidasoa liderrari irabazi Urnieta Artola Harategia taldeak, Lurraldeko 1. mailako seniorretan. Norgehiagoka 20-23 galduta, hirugarren postutik laugarrenera jaitsi dira urnietarrak, lehiaketaren fase erregularra amaitzeko hiru partidaren faltan. Dena dela, hiru puntuko aldea ateratzen dio, oraindik orain, seigarren sailkatuari. Ondorioz, gorritxoen esku dago Euskadiko txapelketarako igoera fasea jokatzeko play off-a. 

Hitzordua hasi bezala, aurrea hartu zuen kanpoko taldeak markagailuan, erasoan trabatuta eta defentsan desorekatuta aritu baitziren etxekoak. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, norgehiagokari neurria hartu eta markagailua estutzea lortu zuten, atsedenaldiaren aurretik (10-11). Bigarren zatiaren hasiera kaskarrak aukera eman zien Bidasoako jokalariei hiruzpalau goleko aldearekin jokatzeko: defentsan fin aritu arren, ez ziren txukun ibili erasoan. Amaitu arte, gogor tematu ziren urnietarrak, baina ezin izan zuten ezer egin ligako talderik egonkorrenaren aurrean.

Zapore onarekin eman zion amaiera Urnieta Guria Jatetxea taldeak asteburuari, alde nabarmenez, 26-16 irabazi baitzion Egiako Kata Taberna taldeari, Lurraldeko 2. mailako seniorretan. Urnietarrak izan ziren nagusi norgehiagokan, hasiera-hasieratik eta lau goleko aldearekin ailegatu ziren atsedenera (14-10). Astun samarra izan zen bigarren zatiaren hasiera bi taldeentzat, ez batak ez besteak ez zuen golik sartu-eta lehen bost minutuetan. Nolanahi ere, berriro ere martxa hartuta, nabarmen nagusitu ziren etxekoak hiriko taldearen aurka, alde handiarekin irabazita.

Bide beretik, federazioaren kopan menderaezin bihurtzeko bidea hartuta, 32-23 irabazi zioten Cortes Usurbil KE taldeari Urnieta Iñaki Mecanizados taldeko kadeteek. Aurkariaren aurrean indartsu agertu ziren gorritxoak, hasi eta buka, eraginkortasun handiz jolastuz, bai erasoan, bai defentsan. 

Ezin dute irakurketa bera egin Urnieta Kamox Precision Machining taldeko kadeteek, ordea, 49-21 galdu baitzuten Zuritex de Legazpia taldearen aurka. Urnieta Ñam Restaurante taldeko infantilek ere ez zuten zorterik izan, Ereintza Lisomaten kontra 23-43 galdu baitzuten. Bi taldeek lanean jarraitu beharko dute emaitza hobeak lortzeko.
 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!