Dantzara itzultzeko grinak elkartu zituen orain hilabete batzuk zortzi lagun. Bada, nor bere motibaziotik, berriro ere, asterokotasunez, biltzeari ekin zioten azaroan, duela urte batzuk ikasitako pausoei, elkarrekin, hautsa kentzeko asmoz, Edu Muruamendiarazen gidaritzapean. Beren arteko harremana estutzeko aitzakia ere eman die taldeak eta, gazteen artean dantza-zaletasuna herrira zabaltzeko bidean, entseguko ateak irekita dituzte batu nahi duen ororentzat.
Berriro ere dantzan aritzeko gogoak eraman al zaituzte taldea sortzera?
“Aldi joana ez da itzultzen” esango lukete gure aitona-amonek! Gehienon buruan aspalditik zarata eragiten zuen gaia zen dantzatzera itzultzearena, eta, egun batean, konturatu ginen askok genuela ezinegon pertsonal hori: Aukeran Dantza Taldeak “Aiurri” kale-ikuskizuna egin zuen Donostian “Iturritik 2024” dantza jaialdiaren programazioaren barruan. Egun hartan, dantzalekuaren inguruan, dantza-kide ohi asko geundela ohartu ginen, eta parada izan genuen dantzara itzultzeko grina elkarbanatzeko. Une horretatik aurrera, nahiko azkar kudeatu genuen itzulera. Azken urteetan dantza uzten joan izan diren beste gazte batzuei gure asmoa plazaratu, eta dantza berrartzeko taldetxo bat eratu genuen. Edu Muruamendiarazi aipatu genion gure asmoa, eta besoak zabalik jaso zuen proposamena.
Zenbat kide zarete taldean? Zein adin tartekoak?
Guztira, zortzi lagun gara, eta den-denak gaude hasieratik. 1996-2006 urte bitarteko kideak elkartzen gara taldean. Hala ere, galdera jaso aurretik ez geunden horrekin, belaunaldien arteko distantziarekin jabetuta! Familia-giroa daukagu, lagun artekoa, ez zaigu batere arraroa egiten hamar urteko tartea duen taldekidearekin berdinen arteko harremana garatzea.
Herritarren artean harremana estutzeko aitzakia ere eman dizue dantzak.
Oso aukera polita izan da Urnietako adin eta kuadrilla desberdinetako kideak dantzaren bueltan batzeko, belaunaldien arteko harremana sendotzeko eta herrian orain arte izan ez dugun espazioa sortzeko. Denok dugu gustuko dantzan aritzea eta horrek batzen gaitu: berdin zaigu laguna den, lagunen laguna, edo bere berri dantza taldean izan dugun.
Zenbateko maiztasunez biltzen zarete?
Azaroan hasi ginen dantzatzen eta, astean behin, astearteetan, bi orduz egoten gara dantzan, 18:30-20:30 artean. Beste egun batean ere elkartzen hastea da gure asmoa, gutxinaka, taldea egonkortu eta gauza berriak sortzen hasteko.
Zein oinarri ditu zuen sorkuntzak? Tradizioa eta garaikidetasuna uztartzen al dituzue?
Gaur gaurkoz Egape Dantza Taldetik gatoz gehienak eta lerro bera jarraitzen dugu. Euskal dantza tradizionala kutsu garaikideko mugimenduekin nahasten dugu. Urte asko eman ditugu dantzan eta ikasitako guztiari hautsa kentzen gabiltza. Guztioi erosoa zaigun espazioa sortu nahi dugu, eta erabilitako diziplinak ere helburu hori lortzeko bidean daude lerratuta.
Orain gutxi deialdia zabaldu zenuten, jende berria batu dadin. Edozein hurbil daiteke edo gutxieneko oinarria behar da?
Dantza herrira zabaltzea da asmoa, kalera, inguruko gazteentzat eskura egon dadin: euskal dantzaren kultura hedatu eta kalera eraman nahi dugu. Horretarako, soilik, gogoak behar dira. Ilusio handia egingo liguke dantzatzen ikasi nahi duenarekin gure pasioa elkarbanatzea.
Aurrera begira jarrita, oholtza gainera igotzeko tartea hartuko al duzue, landutakoa erakusteko asmoz?
Ez dugu aukera hori alboratzen, guri ere motibazioa sortzen baitigu berriro ere kalera ateratzeak. Polita izango da hilabete hauetako lana ingurukoei erakustea.