Bost greba egun, kalitatezko hezkuntza sistema publiko baten alde

Aiurri 2025ko mar. 24a, 08:30

Grebara deituta daude, berriro ere, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko 27.000 irakasle, Euskal Autonomia Erkidegoan: martxoaren 25ean, 26an eta 27an eta apirilaren 1ean eta 2an. Sukaldeko eta garbiketako langileei dagokionez, bertan behera gelditu dira mobilizazioak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta sindikatuek joan den astean lortutako akordioaren ostean.  

Hori horrela, negoziaziorako azken orduetan adostasunik lortu ezean, kalera aterako dira bost egun horietan EAEko makina bat irakasle, baita Urnietako Egape Ikastolako langileak ere. Joan den ostiralean bezala, gaur, elkarretaratzea egingo dute HH eta LH eraikinaren atarian, goizeko 08:45ean eta arratsaldeko 16:30ean. Bestalde, Bigarren Hezkuntzako irakasleek ere mobilizazioa egin zuten iragan berri den ostiralean.

Guztira, zortzi puntuko eskakizun-zerrenda oinarri, kalitatezko hezkuntza bateko aldarria egingo dute greba-ziklo honetan, LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek deituta.

Lan-zamak arindu

  • Irakastorduak murriztu etapa guztietan.
  • Baliabide hornikuntza handitu (Hezkuntza premia berezietako baliabideak, psikologoak, IKT arduradunak, Lanbide Heziketako ikasleen praktikak kudeatzeko baliabideak...).
  • Burokrazia eta lan zama arintzeko neurri zehatzak ezarri.

Gazteberritze-plana

  • Erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea ez ezik, lanaldia murrizteko eta metatzeko eskubidea onartu.

Eros-ahalmena berreskuratu

  • Galdutako erosahalmena berreskuratu.

Enplegua egonkortu eta mantendu

  • Lanpostu Zerrendak sindikatuekin negoziatu eta lanpostuak oposaketetara eta lekualdatzetara ateratzea.
  • Interinitate tasa erreala jaitsi.
  •  Lanpostuak estrukturalizatzea.
  • Irakasle Teknikoen mantetzea adostu Lanbide Heziketako Mahai Propioetan.

Atzerapausuak kendu

  • Azken urteetan Hezkuntza Sailak aldebakarrez ezarritako murrizketak bertan behera utzi.

Udako kobraketa berreskuratu

  • Ordezkoen araudia negoziatu eta berritu.
  • Udako kobraketa berreskuratu.

Lizentziak eta baimenak

  • Zaintzaren ikuspegitik lan eta bizitza benetan uztartzeko neurriak ezarri langile orori.

Lan osasun-, berdintasun- eta euskara-planak egitea

  • Azterketa medikuak izateko eskubidea bermatu.
  • Osasun arazoak dituzten langileen lan-baldintzak hobetzeko plan bat garatu.
  • Hezkidetzarako plan egonkor eta kalitatezkoak ikastetxe guztietan garatzeko baliabide pertsonalak bermatu.
  • Hezkuntza sistema osoa euskaldunduko duen politikak ezarri ikasle eta langileen hizkuntza eskubideak bermatzeko.
  • Arrisku psikosozialen eta lanpostuen azterketa egitea
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!