“Oso gustuko du jendeak Montefrioren lasaitasuna”

Alba Cabrera Jauregi 2025ko api. 6a, 08:36

Ateak irekita ditu Montefrio nekazal-turismoak, landa-eremuan ostatu hartu nahi duen ororentzat. Baserri-giroan murgiltzeko aukera ematen die bisitariei. Olatz Manterola Anza da Montefrioko arduraduna.

Adarra magalean, Donostiara begira da Montefrio nekazal-turismoa. Berdegunez inguratuta, landa-eremuaz gozatzeko makina bat aukera eskaintzen du, familia giroan. Etxearen gidari da Olatz Manterola Anza eta nekazal-turismoaren ateak ireki dizkio Aiurriri, beren egunerokoa gertutik ezagutzeko asmoz.

Udaberri sasoian, eguraldi atsegineko egunak biderkatzearekin batera, zereginak ugaritzen al dira Montefrio nekazal-turismoan?

Oraingoz, gehiegi ez, baina sagardo-denboraldian sartuta gaudenez, urtero etortzen zaizkigun bezeroak ere baditugu. Apirila amaiera aldean etortzen dira, normalean. Egia da, Booking orrialdean oraindik ez dudala erreserba egiteko aukera ireki, Nekaturren eta gure web orrialdearen bidez zein mugimendu dagoen ikusi ahal izateko. Baina laster zabalduko dut.

Urteko zein beste garaitan izan ohi duzue lan-kopuru handiena?

Nabarmenena beti izan ohi da udara. Garai batean, uztaila amaiera aldean zein abuztuaren lehen asteetan etortzen zen jendea. Orain, horrez gain, ekainean zein irailean ere egoten dira erreserbak. Aste Santuan ere etortzen dira bisitariak, baita neguko sasoian ere, egiten duen  elurraren arabera.   

Nongoa da, nagusiki,  zuenera gerturatzen den jendea?

Euskal Herri kanpokoak izaten dira, gehienbat: Herrialde Katalanak, Valentzia... Booking zerbitzuarekin asko zabaltzen da aukera eta nazioartetik ere etorri izan zaizkigu bidaiariak, Holandatik, adibidez.

Zein turismo mota egiteko asmoz etorri ohi dira bisitariak?

Mendi-ibilaldiren bat edo beste egiten dute, baina, nagusiki, hirira joaten dira. Donostiaren ondoan dago kokatuta Urnieta eta garraio-zerbitzu publikoak nahiko gertu ditugu.

Egun argiz, hiria bisitatu, ondoren, landa-eremuan atseden hartzeko?

Egia da oso gustuko duela jendeak Montefrioren lasaitasuna, etxeko giroa baita nagusi.

Gomendio berezirik ematen al diezue?

Asmoak nahiko zehaztuta etorri ohi dira gehienak. Dena dela, Goierri aldean oso toki politak daudela azaltzen diegu bezeroei, geroz eta masifikatuagoa baitago Donostia.

Zuen animaliekin egoteko aukera ere badute bisitariek, baita baratzeko-lanetan jarduteko ere.

Horrelako gauzak probatzeko gogoz etortzen dira batzuk, batez ere umeak baldin badauzkate eta, bai, noski, zabalik dago aukera.

Interesa dutenek nola egin zuenean erreserba egiteko?

Online aukera dago, baita telefono-zenbakira (679 66 79 34) hots eginda edo mezua idatzita. Helbide elektronikoa ere badugu: agroturismontefrio@hotmail.com.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!