Julen Gabirondok desafioa bota zion Zigako Joxean Etxeberriari aizkora apustua egiteko, eta Tolosako Kantabriko jatetxean bildu ziren joan den larunbatean.
Era horretan, zehaztu zituzten apustuko gora behera guztiak: 60 ontzako hamaseina enbor moztea, horiek erdibana eramatea, Donezteko pilotalekuan maiatzaren 31n izatea, eta, 4.000 euro jartzea bakoitzak.
Apustuetan ibilbidea egindako bikotea
Joxean Etxeberriak hiru apustu jokatu ditu orain arte, eta hirurak irabazi ditu: Xabier Zaldua zumarragarraren kontra aizkoran eta lasterka, eta, Asparrengo Eloy Kortxeroren eta Jokin Urretabizkaia Basozabal donostiarraren kontra aizkoran. Martxoaren 8an izan zen azken apustu hori, hurrena Gabirondorekin jokatuko duen leku berean, Doneztebeko pilotalekuan, hain zuzen.
Julen Gabirondok, berriz, apustu bakarra jokatu du orain arte modu ofizialean, eta Zalduaren kontra izan zen hori, aizkoran eta segan; urnietarra irten zen irabazle. Bestalde, segan zazpi alditan jantzi du Euskal Herriko txapela.