Iristear da denboraldi amaiera UKEko emakumezkoen lehen taldearentzat. Ez diote, ordea, edonolako bukaera eman nahi. Kopa eskuratzeko bidean, osasuntsu dago taldea partida guztiak irabazita. Baikor ageri dira Maddi Lopez taldeko bigarren entrenatzailea zein Aloña de Torres kapitaina, taldearekiko konfiantza handiarekin. Joan den denboraldiko argazkia errepikatu nahi dute, finalera iristeko anbizioa baitaukate; aldaketa txiki batekin, ordea: aurten, garaipena, kopa, Urnietara ekarri nahi dute.
Bostetik bost. Ez da edonolako marka. Emaitzek erakusten dute denboraldi amaiera izanda ere baduzuela indarrik gordeta goiko postuetan lehiakor izaten jarraitzeko.
Aloña de Torres: Hasieran, gure helburua ez zen Kopan lehiatzea, igoera fasera iristea baizik. Okertu egin zaigu denboraldia, ordea, besteak beste, erabakigarriak ziren zenbait partidatan atezainik gabe aritu ginen, baina, beno, Kopan gaude eta bai edo bai irabaztea da gure asmoa. Orain, gainera, lehendik jokatu ez dugun taldeekin gaude lehian, Santo Tomas Lizeoa, MariÒo Real Union... Arinagoa da hori, monotonia hausten duelako.
Maddi Lopez: Bizitasuna ematen du titulu bat egotea jokoan. Igoera fasean egotea zaila zen guretzat, baina jarraipena eman behar diogu daukagun dinamika onari, kopa eskuratzeko.
A.T.: Nahiko talde berria dugu, gainera. Jokalari asko aldatu dira, joan den denboraldiarekin alderatuta. Berriro hastea bezala izan da, elkar ezagutu behar genuelako, taldea egiteko. Kadeteetatik igo baino, kanpotik etorri zaigu jendea.
Aurreko asteburuari erreparatuta, aise irabazi zenioten zarauztarrei joan den asteburuan, beren zelaian.
M.L.: Ondo ekin genion partidari, nahiz eta lehen gola sartzea kostatu zertxobait. Atsedenera 0-0 iritsi ginen, baina gu izan ginen nagusi jokoan, baita bigarren zatian ere. Ahaleginaren ahaleginaz lehena sartzea lortu genuen eta jarraian etorri ziren beste biak. Are gehiago, lehen gola sartu eta pare bat minutura sartu genuen bigarren gola. Kontzentrazio handiarekin jokatu zuten denek, bai titularrek, bai ordezkoek eta horren isla da emaitza (1-3).
Datorren asteburuan, zuen taldeko aurkari zuzena jasoko duzue etxean, Santo Tomas Lizeoa. Partida erabakigarria izan daiteke, sailkapenari begira.
A.T.: Hori da, lehia handiena daukagun taldea da Santo Tomas Lizeoa. Hortaz, exijentzia handiko norgehiagoka izango da. Lehen itzulian, nahiko pareko ibili ginen, baina aukera dezente eduki genituen. Talde indartsua da, baina asteotako martxarekin jarraituz gero, hiru puntuak eskura ditzakegu. Pisua kentzeko aukera emango digu aste honetan irabazteak, presioa jaitsi ahal izateko.
Horrelakoetan, etxean jolastea zuen alde, ezta?
A.T.: Nire ustez, bai, nahiz eta zelaia ez egon bere baldintza onenetan. Dena dela, joan den urtean, adibidez, etxean jokatu genuen Kopako finalerdia, Ilintxaren aurka. Jendea bildu zen eta bultzada eman zigun horrek, irabazteko ardura dugu eta motibazioa ematen ditu horrek.
Denboraldiari errepasoa egite aldera, nolakoa izan da taldearen orain arteko ibilbidea?
M.L.: Kopa kontuan hartu gabe, oso ondo ekin genion denboraldiari, baina indarra galdu genuen denborarekin. Zaildu egin zitzaizkigun igoera fasean lehiatu ahal izateko partida erabakigarriak eta horiengatik gaude Kopan.
Taldeko kapitaina zara zu, Aloña. Nola ikusten duzu taldea?
A.T.: Gogo handiarekin nahiz urduritasunarekin daude jokalariak. Jende berria dago taldean eta ez du ezagutu zer den Kopa eskuratzeko lehian izatea. Urte gehiago daramagunon kasuan, pena sentitzen dugu, igoerara ez klasifikatzeagatik. Pozgarria da, ostera, herriarentzat Kopa irabazteko aukera izatea.
Bi talde gaude, aurten. Bada, bi horietan lehen postuan gelditzen diren taldeek jokatuko dute finala, alegia ez da ez final-laurdenik, ez finalerdirik izango. Maiatzaren bigarren hamabostaldian izango da azken partida. Bide onetik goaz eta inportantea da ahalik eta partida gehien irabaztea.
Eskuetatik gertu izan zenuten Kopako garaipena joan den denboraldian: 1-0 galdu zenuten Oriokoren kontra. Aurten, finalera iristeko anbizioz al zaudete?
A.T.: Jakina. Nire kasuan, hirugarren finala izango dut. Kadeteetan, irabazi egin genuen. Joan den urtean, galdu. Aurten, hortaz, irabazi egin beharra dugu. Berezia da taldekideontzat. Erasmus bekarekin bi atzerritar ditugu gurekin, gainera, Amerikako Estatu Batuetakoak. Bietako batek ezin izango du finala jokatu, eta besteak, beharbada, bai. Horrelako gauzek bizitasuna ematen diote taldeari.
Maddi, zure kasuan, lehen aldia duzu kategoria honetan entrenatzaile lanetan. Zer moduzko esperientzia ari da izaten?
M.L.: Kadete mailan izan naiz entrenatzaile aurretik eta jauzia egon da, bai. Aipatutako lehenengo kategorian 15-16 urteko jokalariak dituzu eta, aurten, bada ni baino zaharragoa denik. Kategoria bera ere asko aldatzen da, gauza konplexuagoak landu daitezke eta. Ez nuen inor ezagutzen, gainera, Maitanek (lehen entrenatzaileak) esanda etorri bainintzen. Aldaketa polita izan da eta asko lagundu dit taldeak, parte izateko. Emaitza onak ari gara eskuratzen Kopan eta giro ona daukagu taldean.
Aurrera begira, zein izango da lehiakor izaten jarraitzeko estrategia?
A.T.: Jarrera. Futbolistikoki gauzak ondo ateratzea eragiten du horrek. Kontzentrazio handiarekin jarraitu behar dugu eta sinetsi, posible dela. Elkar zaintzen jarraitzea izango da gakoa.
M.L.: Dinamika onak taldeko giroa osasuntsu egotera eramaten du eta horrek ere zerikusia du jokoarekin. Finalera iritsiko garela uste dut, bai jarreragatik, bai zelai barruan zein kanpoan egin dugun lanagatik.