Igoerako ligaxka jokatzeko zorian izan da Urnieta Artola Harategia

Aiurri 2025ko api. 14a, 08:18

1.Lurraldeko senior gizonezkoen ligan denboraldi ona egin ostean, Euskal Ligan aritzeko aukeren bila jokatu du aurreko asteburuan. Larunbatean Donibaneren aurka galdu zuten (41-34) eta igandean Ordiziari irabazi (26-23). Igoera jokatzeko aukerarik gabe, Kopari ekitea dute helburu.

Ander Goikoetxea. Argazkia: UKE.

Donibane 41-34 Urnieta

Pasaitarrak ziren faborito nagusiak. Larunbateko partida erritmo biziarekin hasi zen, non erasoek defentsak gainditu zituzten. Minutuak aurrera joan ahala, erritmoak ez zuen behera egin, baina pasaitarrak izan ziren abantaila hartzen lehenak, eta atsedenaldira gol bateko aldearekin iritsi ziren (19-18). Abiadura altuak bigarren zatiaren hasieran jarraitu zuen, eta minutuak aurrera joan ahala UKEkoek akats gehiago egin zituzten eta, ondorioz, etxekoek 4-5 goleko aldea lortu zuten. Urnietarrak errenta murrizten saiatu ziren, baina ez ziren etxekoen erasoa geldiarazteko gai izan.

Alex Gago. Argazkia: UKE.

Urnieta 26-23 Ordizia

Igoera liga jokatzeko aukerarik gabe, helburua laugarren postua lortzea zen. Igandeko partidak finalaurrekoak baino erritmo motelagoa izan zuen, bi taldeei nekea nabari baitzitzaien. Partida oso parekatuta hasi zen, lehen zati ia osoa berdinduta mantenduz eta atsedenaldira berdinduta iritsiz (12-12). Markagailua ez zen aldatuko bigarrenaren hasieran, bi taldeek garaipena nahi zuten arren. Partida amaieran UKEkoek 2 goleko aldea hartu zuten eta, Ordiziarrak saiatu ziren arren, urnietarrek errenta baliarazi eta garaipena lortu zuten.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!