“Turismo gastronomikoa da nagusi, oraindik"

Alba Cabrera Jauregi 2025ko api. 15a, 07:06

Maite Alkain.

Ate-joka dira Aste Santua eta maiatza hasierako zubia. Bada, inguruak ezagutzeko asmoz gerturatu ohi diren bisitariak jasotzeko prest da HK10 hotela. Maite Alkain Urnietako hoteleko zuzendaria da.

Hemen da Aste Santua, eta, egunotan, etxetik kanpora joateko joera du jendeak. Sasoi ona, beraz, hotelarentzat?

Bai, bai, gainera, aurten, oso berandu dator Aste Santua. Hortaz, eguraldi hobea egingo du eta Donostia aldera gerturatuko da jendea. Apirilean sartuta, ez dugu lehiarik neguko kirolekin, ia guztia itxita baitago. Horregatik, oso garai ona izango dela uste dut.

Aste Santua amaituta, jarraian dator maiatz hasierako zubia. Zuen kalterako edo mesederako da bi oporraldi horren jarraian izatea?

Guretzat hobea izaten da pixka bat bananduago egotea, azkenean, ez da denerako iristen. Hori ere nabari da, batez ere, Pazko Astean izan dugu jaitsiera, maiatzeko zubiagatik. Gainera, langile asko jasotzen ditugu hotelean eta aste horretan ez dira etortzen normalean. Dena dela, konfiantza daukagu azken orduko erreserbetan eta pentsatzen dut, eguraldiaren arabera, gehiago edo gutxiago izango direla.

Oso hitzordu inportanteari ekin zaio berriki, Euskal Herriko Itzuliari. Tropeleko kideak hartu al dituzue aurten?

Hartu izan ditugu, bai. Aurten ez dugu txirrindularirik izango, badirudi-eta Euskal Herriko beste punturen batean egingo dutela egonaldia. Teknikariak baditugu, ordea, asteartean sartu ziren. Jende asko mugitzen dute horrelako ekimenek, bai Euskal Herrian egiten direnak, bai Donostian eta bai Urnietan. Horrelako hitzorduak beti dira onak guretzat.

Aste Santuan, nongoa da zuenean ostatu hartuko duen jendea?

Realeko nazioarteko txapelketa baten harira, bi futbol-talde etorriko dira, baina, batez ere, familiak izan ohi ditugu, Euskal Herri kanpotik etorritakoak. Donostia ezagutu nahi dute, baina, bertan lo egitea oso garestia dela jakitun, kanpoalderantz joaten dira. Garaiotan, gau bakarreko edo bi gaueko erreserbak egiten dituzte. Udan, egonaldi luzeagoak izaten ditugu.

Zein turismo-mota gailentzen da zuen bisitarien artean?

Pintxoak jatera etortzen da jendea, Donostia ezagutzera. Gipuzkoako kostalderantz ere jotzen dute turistek, Hondarribia, Pasaia, Zarautz, Getaria... Jendea barrualdera bideratzen ahalegintzen gara: geroz eta jende gehiago erakartzen dute, adibidez, Leitzarango bide berdeek eta horietako asko atzerritarrak dira. Izan ere, asko hazi da bizikletaren bueltako turismoa, baita naturarekin erlazionatutako turismoa ere. Baina, beno, pixkanaka, turismoa gastronomikoa baita nagusi, oraindik, Donostiak duen erakarpenagatik.

Bestelako gomendio berezirik luzatzen al diezue zuen bezeroei, bisitatu beharreko tokiei dagokionez?

Azoketara bideratzen ditugu, larunbatetan, Tolosakora edo, asteazkenetan, Ordiziakora. Lehengo igandean, esaterako, Adarrazpira bidali genituen bisitari batzuk, tokiko produktuak erostera. Mendi aldera joateko gomendioak ematen dizkiegu.

Geroz eta ohikoagoa da urte osoan Donostian turistak ikustea. Zuen erreserbetan ere nabari al da bisitarien fluxu egonkorra, hotela hiriburutik oso gertu kokatuta dagoela kontuan hartuta?

—abardura txikia egin beharra dago. Egia da denboraldia luzatu dela, baina ez da horrenbeste jende egon, adibidez, Behobia-Donostia lasterketa izan zenetik martxora arte, Aste Santua berandu samar egokitu baita. Geroz eta hotel zein pisu gehiago daude Donostian; orduan, nahiz eta turismoa handitu, bisitariak gehiago banatzen dira hiriburuan bertan. Halere, oso urte onak izaten ari dira.

Bestalde, sasoi honetan, lan handia izaten dugu, txotx-denboraldia dela eta. Asteburuak sagardotegietara etorri den jendearekin bete ditugu ia.

Interesa duenak nola egin dezake HK10ean erreserba egiteko?

Beti gomendatzen dugu erreserbak zuzenki hotelarekin egitea. Badakit interneten atari pila dagoela, eta oso erraza dela bertan erreserba egitea, baina gurekin eginez gero, komunikazioa zuzenagoa da. Egunero 24 orduz daukagu zabalik gure web orrialdea eta telefono-zerbitzua ere egun osoan dugu eskura, bezeroak artatzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!