“Kito” esan du Vaiven antzerki-konpainiak, 28 urteko ibilbidearen ondoren, egoera ekonomiko zaila dela eta. Itxierak mahai gainean ipini du konpainia askoren errealitatea: ez da erraza sektoreak bizi duen krisi luzeari aurre egitea. Etxeko ateak zabaldu dizkio Aiurriri Ana Pimenta Vaivengo zuzendariak, oholtzatik jaisteko erabakiaren nondik norakoak hobeto ezagutzeko asmoz.
Egoerari aterabiderik ikusi ez eta otsailean iragarri zenuten konpainiaren amaiera. Hala, itxiera ematen ari zarete pixkanaka ia hiru hamarkadako ibilbideari. Zer moduz zaudete?
Tristura handiarekin. Nire alde batek lasaitua hartu du, egoera jasanezina zelako. Jakin behar da seinaleak ulertzen, jakin behar da noiz gelditu. Finean, guri gertatu zaiguna sektoreak bizi duenaren sintoma bat besterik ez da, oso handia baita zaurgarritasuna eta autoesplotazioa.
Ez da egun batetik bestera hartutako erabakia izan. Oso zaila egin al zaizue 30 urtez horren zuena izan den proiektu bat askatzeko erabakia hartzea?
Uda amaiera partean, jada, banuen buruan aukera hori, zegoen eskari txikia ikusita. Konpainiako zuzendaria naiz eta zenbakiak ikusten nituen. Lehen, garai batean, irailean, programazioari ekiten zioten antzokiek eta maiatza bitarte irauten zuen. Orain, ordea, urri edo azaro partean hasten dira, estutu egiten baitute, aurrekontu txikia edukita. Bada, apirila aldean, listo, bukatu da. Nola egin hilabete eskasetan urte osokoa? Ezinezkoa zen, zulo handia sortzen ari ginen.
"Masustondoen patioa" obraren aurrestreinaldia egin genuen Saroben, iazko martxoan. Jende asko maitemindu zen lanarekin, baina ikuskizunak ez zuen guk aurreikusitako ibilbidea izan. Kritika bikainak jaso dituen obra batek programazioak betetzea lortu ez badu, zer egingo dugu? Gainera, "Familia sarekada" obraren bira amaitzear zen eta, ez, ez nengoen beste ikuskizun bat antolatzen hasteko indarrarekin. Orduan agertu zitzaidan txanponaren beste aldea: gaizki nengoen fisikoki, oso triste, ezindua.
Hala, urrian-edo egoera azaldu nien aktoreei: miraria gertatu ezean, martxoan itxiko dut. Izan ere, kudeatzaileak esaten zidan, "Ana, hilean 5.000 eta 6.000 euroko zuloak egiten ari gara". Irudika ezazu zer den hori gu bezalako egitura txiki batentzat. Gainera, itxiera arduratsua egin nahi genuen Iñakik eta biok, eta langileei ordaindu. Orduan, zenbakiak botatzen hasi ginen, eta martxoa baino urrunago ez ginela iritsiko ikusi genuen.
"Zer gertatu da?". Sentipen horrekin goaz. Gertatu da ekonomikoki ez dugula aurrera egitea lortu, gertatu da funtzionatzea espero genuen ikuskizunak ez duela ia ibilbiderik izan, nahiz eta ikusleei izugarri gustatu. Nola da posible horrelako aldea egotea publikoaren iritziaren eta salmentaren artean? Oso nekatuta harrapatu nau egoerak, "honaino" esan dudan arte.
Hasieran, sektorekoekin soilik hitz egin genuen, Eskenarekin, bertako buru izan naiz urte luzez eta kide naiz. Gure asmoa isilean alde egitea zen, baina hori ere bazen martxa egitea guk ezer egin izan ez bagenu bezala. Bada, hori horrela, ikuskizuna genuen Gasteizen, "Masustondoen patioa" obrarekin. Bertako programatzaileak gure azken lana zela adierazi zuen prentsaurrekoan. EITB gurekin ipini zen harremanetan, eta pare bat aldiz pentsatuta, publiko egitea erabaki genuen, egoerarekin zintzoak izate aldera, ez baita Vaivenen arazo isolatua, arazoa estrukturala da. Pandoraren kutxa irekitzea izan zen, harrezkero hamabost bat elkarrizketa-edo egin ditut. Baina, bien bitartean, joan den asteko ostiralera arte, bulegoa husten aritu naiz: kartelak, programak, dirulaguntzak... Pisu sentimental handia duten gauzak botatzen aritu naiz.
Konpainiaren itxierak zer esana eman du antzerkigintzan eta askotariko babes mezuak jaso dituzue ofizioko kideen partetik.
Askok penaz eta enpatiaz hartu dute albistea, gure konpainia maitatua baita. Oso ausartak izan garela diote askok, erabakia hartzeagatik eta publiko egiteagatik. Finean, sektorea batzen dute horrelako gertakariek, eta pizgarri dira pentsatzeko, “norantz jo nahi dugu? Zein neurri hartu behar ditugu? Nola presionatu behar ditugu erakundeak?”. Izan ere, batek baino gehiagok esan digu erabaki berdina hartzetik pauso batera dagoela. Ikus-entzuleak ere gerturatu izan zaizkit esatera beharbada ez direla nahikoa joan antzokira eta gehiago egin zezaketela. Baina, esan bezala, egiturazko arazoa da. Ez dut katastrofismoan erori nahi, belaunaldi berriekin antzerkia egiteko beste modu batzuk etorriko direla pentsatu nahi baitut. Garrantzitsua da-eta arte eszenikoek bizirik jarraitzea.
Zabalik ikusten duzu egungo oholtza-zirkuitua antzerkia egiteko askotariko lengoaietara zein modutara?
Merkatuak zaila jarri digulako eman diogu amaiera 28 urteko bideari, oso finkatua baitago kartel-buruekin edo aurrekontu erraldoiko proiektuekin. Badaude bestelako proposamen alternatiboagoak hitzartzen dituzten programatzaileak, baina gutxiengoa dira. Horrela, oso zaila da merkatua gurea bezalako konpainia txikientzat, eta, zenbakiei erreparatuta, 2008ko kirisitik ez gara osatu.
Ildo beretik, zenbateraino eragiten dio kultura-kontsumoak bizi duen paradigma aldaketak antzokietara joaten den publikoaren kopuruari?
Autokritika ere egin beharra dugu, belaunaldi gazteak galdu baititugu. Geroz eta itsatsiago dago jendea pantailara, ez da etxetik ateratzen. Hala, antzerkia gertaera bizia da, eta hara joaten zara gauzak gerta dakizkizun, emozioak zeharka dakizkizun. Uste dut belaunaldi gazteenak urrun daudela horrelako adierazpen artistikoetatik. Orain, pantailaren bidez kontsumitzen da, sofatik, klik bakarrera. Bi formak bateragarriak izatea gustatuko litzaidake, baina hezkuntzan huts egin dugu. Ez dugu lortu publikoa heztea, Frantzian egiten duten bezala, adibidez. Antzerkira txiki-txikitatik eramaten dituzte, eta hamabost urte bete dituztenerako, beren ekimenez joaten dira antzokira. Berandu gabiltza, belaunaldi bat galdu dugu eta orain zuloak estaltzen ari gara.
Urte batzuk gorabehera, bada zuen konpainiaren sorreraren garai berean martxan jarritako oholtza bat: Urnietako Sarobe arte eszenikoen gunea. Harreman estua izan duzue antzokiarekin, hasiera-hasieratik.
Etxe bat izan da guretzat, bertako kideekin betidanik izan dugun gertuko harremanagatik eta eman diguten askatasunagatik. Jakinduria eszeniko handiko jendea da, sektorearen ezaugarriak ezagutzen dituena. Luxua izan da, adibidez, aurrestreinaldiak bertan egin ahal izatea, eta publikoarekin lehen hartu-emana edukitzea. Espazioa bera ere oso gustuko dut; fabrika itxura du, ez da horren konbentzionala. Bada toki magikoa eta lotura emozional estua daukagu antzokiarekin, bertan erditu baititu konpainiak ikuskizun asko.
Zuen konpainiaren izenak, “Vaiven”, joan-etorriari egiten dio erreferentzia, mugimenduari. Zertan aldatu da konpainia lehen ekoizpenetik azken obrara bitarte?
Damu naiz euskaraz ere jokoa eman zezakeen izen bat ez jarri izanaz. Egia da, erdalduna naizela eta denbora tarte txikia neramala hemen proiektua martxan jarri genuenean, baina IÒakiri ere gustatu zitzaionez, aurrera egin genuen. Era berean, joan-etorriaren ideiagatik etorri zitzaidan burura izena, mugimenduak konpainiaren filosofiarekin bat egiten baitu.
Ezagutzan, esperientzian eta kalitatean hazi gara. Asko ikasi dugu sektoretik, Eskenatik adibidez. Esponja bat izan gara, gure baloreei uko egin gabe.
Gainera, denboraren poderioz, hasieran ezin genituen merkatuetan sartzeko aukera izan dugu, bai Euskal Herrian, bai kanpoan. Esaterako, Hego Amerikan lan handia egiteko aukera izan dugu: Argentina, Venezuela, Brasil, Kolonbia...
Kontrara, zertan ez da aldatu?
Gauza askok iraun dute bere horretan, tartean, errealitatearekiko edo hizkuntzarekiko dugun konpromisoak. Era berean, zigilu garrantzitsu bat ere izan dugu: zuzendari desberdinekin lan egiteko aukera izatea, guk jatorrizko ideia botata eta autore batek dramaturgia landuta. Hori opari bat izan da: Josep Maria Mestres, Laila Ripoll, Fernando Bernues, Mireia Gabilondo, Javier Sabadie... Ikuskizun bakoitza erronka bat izan da eta asko ikasi dut horiekin guztiekin.
Talde artistikoa fidelizatzen saiatu gara beti, ahal genuen guztietan pertsona berberekin lan egiten, elkarrekin hazteko modu bat dela uste baitugu. Gazteei lekua ematearen aldeko apustua ere egin dugu, dramaturgian, zuzendaritzan edo interpretazioan. Bestalde, beti piztu izan digu interesa autore garaikideekin lan egiteak, zeharkatzen gaituenaz jarduteko, hemengoaz eta orainaz hitz egiteko.
Zein ondare utzi dio Vaiven konpainiak antzerkigintzari?
Jende askok dio memoria garela. Ikuslea interpelatu duten ikuskizunak egin ditugu eta uste dut jendea gogoratuko dela gure obrekin. Ametsak bizirik mantentzea da kulturak duen egitekoetako bat eta gu arimak suspertzen saiatu gara, emozioak sortuz eta gauzak zalantzan jarriz. Gure harridurarako aitortza handia egin digu jendeak, utziko genuela iragarri genuenetik eta gure lana balioan jarri du.
Ez diozue, ordea, edonolako itxiera emango konpainiari: agur-ekitaldia antolatu duzue maiatzaren 18rako.
"El ultimo Vaiven" du izena azken ekitaldiak eta Donostiako Gazteszenan izango da, arratsaldeko 18:30ean. Salgai daude sarrerak, jada. Topaketa izan nahi du agur-ekitaldiak, gurekin zerbait partekatu nahi duen ororentzat zuzendua. Ikuskizunetan entzun izan diren piezak interpretatuko ditu IÒakik, lehenik, eta, jarraian, “Familia sarekada” obra taularatuko dugu, konpainiak egin duen azken ekoizpenetako bat. Gaztelaniaz izango da, neu ere oholtza gainera igo ahal izateko. Ondoren etorriko denari “esku-hartze bitxia” deitu diogu eta, bukatzeko, berriro ere musika entzuteaz gain, sorpresa gehiago egongo dira. Mikrofono irekia izango da, publikoa agurtu dadin, baita mokadutxoren bat edo beste jateko aukera ere.
Amaitzear da Vaiven konpainiaren ibilbidea. Eta, orain, zein ibilbide hartuko duzue zuk eta Iñaki Salvadorrek?
Kontzertuak egiten jarraituko du Iñakik, besteak beste: maiatzaren 10ean "Piano baten inguruan: batzen gaituena" emanaldia estreinatuko du, Hondarribian. Astebetera, berriz, maiatzaren 17an, Lasarte-Orian izango da, "Eskusoinu bidaiaria" obraren estreinaldiarekin. Jazzaldia, “Hegoak” emanaldia… Balioaniztuna da Iñaki eta han zein hemen jarraituko du.
Nire kasuan, pixka bat atseden hartzeko beharra dut orain, azkenean, 40 urtez aritu naiz ofizioan. Abiadura jaisteko momentu ona da oraingoa, baina zabalik nago eta oso gustura jarraituko nuke antzezten, noski.