Abiatu da Urnietako Zilegi Astea

Erabiltzailearen aurpegia Urnietako AEK 2025ko mai. 13a, 14:09

Atzo arratsaldean hasi zen Urnietako Zilegi Astea, eta Andoni Martinez magoak eman zuen lehen saioa. Argentinatik duela lau urte iritsi zen Andoni, eta euskara ikasten dabil ordutik Hernaniko AEKn. Magia ikuskizunetan darabiltzan zenbait trikimailu erakutsi zizkien Lekaiora joan zirenei, eta Urnietako magia maila dezente igo zuen bi ordutan. Hori bai, majo praktikatu beharko dute magoa gainditu nahi badute!

Gaur goizean, hagaxka magikoa etxean utzi eta gorputza astindu dute zilegitarrek. Kiroldegian jarri dute hitzordua, eta bertan Judit Alday eta Ane Marin fisioterapeutek gidatu dute saioa. Luzaketak, indar ariketak, erlaxazioa... denetik egin dute. Agujetarik ez da faltako bihar zenbaiten gorputzetan.

Zilegi Astea martxan dago, beraz! Gogoratu joan nahi duenak izena eman behar duela saioetan. Horretarako, 663 043 314 telefonoa eta zilegieskola@aek.eus helbidea dituzue eskura.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!