“Oso gogoko ditut hiru eguneko itzuliak”

Aiurri 2025ko mai. 15a, 18:30

Demi Vollering munduko txirrindulari onenetarikoa da eta, berriki, Espainiako Itzulia irabazi du. Egunotan Urnietako HK10 hotelean da, Women Itzuliari hasiera emateko prest.

Ostiralean Zumarragatik abiatuko da Itzulia Women eta hiru eguneko lasterketa irabazteko faboritoetakoa da Herbehereetako txirrindularia, 2022an eta 2024an irabazle izan baita. Sasoiko dator, Vuelta irabazi ostean. Gogotsu dagoela aitortu dio Aiurriri, Urnietako hoteleko harreran eskainitako elkarrizketa laburrean: “Bai, gogotsu nago. Women Itzulia oso lasterketa atsegina da. Gainera, iraganean, garaile izan naiz proba honetan. Oso ondo doa denboraldia niretzat eta taldearentzat eta oso gogoko ditut hiru eguneko lasterketak. Normalean, oso etapa gogorrak izaten dira, baina espero dut berriro irabazle izatea”. Itzuliaz harago, Française des Jeux taldearekin dituen helburuez galdera egin diogu: “Guretzat, noski, Frantziako Tourra oso garrantzitsua da eta baita Munduko txapelketa ere”. Oso gustura dago Urnietan, tratu atsegina jasotzen ari baitira HK10 hotelean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!