"Emakumezko txirrindularien alde egitea dagokigu orain"

Jon Ander Ubeda 2025ko mai. 22a, 14:25

Txapela jantzi zuen Ostolazak, helmugan.

Igor Gonzalez de Galdeanorekin batera, Donostia-Baiona-Donostia txirrinduzaleen proban Ainhoa Ostolaza urnietarra omendu zuten. Pozarren jaso zuen albistea txikindula profesional ohiak. 

Aurreko asteburuan, Donostia-Baiona-Donostia proban, omenaldia jaso zenuen Igor Gonzalez de Galdeanorekin batera. Zer sentitu zenuen egun hartan?

Orduak igarota ere, antolatzaileei mezu bidez eskertza adierazi nien. Ez nuen horrelako omenaldirik espero eta oso polita izan zen. Antolatzaileak, lasterkariak, ibilbidean topatutako zaletuak... Oso atseginak izan ziren guztiak. Bezperan, Donostiako Giant dendan egin zuten probaren aurkezpena eta, biharamunean, zinta-moztean, lore-eskaintzan eta txapela jasotzean, oso une bereziak bizi izan nituen. Emozioak jota, dena eman nuen Donostia-Baiona-Donostia ibilbide osoan. Azkenerako, Jaizkibeletik helmugara izerdi pixka bat gehiago bota behar izan nuen.

Bidegile izan zinen emakumezkoen txirrindularitzan. Garai hartan eman zenuten urratsa eta egindako ibilbidearen seinale da Bera Berak egin dizun aitortza.

Ainhoa Artolazabal, Kontxi Carbayeda, Josune Gorostidi... urte asko igaro dira eta oraindik ere harremanari eusten diogu. Bizikleta, txirrindularitza gogoko dugu oraindik. Ez da erraza gu gazteentzat erreferente izatea, baina Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioan ari gara Somarriba, Olaberria eta garai hartako erreferenteak ezagutarazten. Egun, nabarmen profesionalizatu da emakumezkoen txirrindularitza. Berdintasunaren bidean garapena izan da.

Ez zen erraza izan zuek egin zenuten bidea.

Balioan jartzen ari dira orain garai hartan guk egin genuena eta sorpresa atsegina da guretzat. Kosta egin zitzaigun hartan bidea egitea. Gogoan dut lehen domina eskuratu nuenean selekzioko kideek esan zidatela jendetzak egingo zidala harrera aireportuan. Bada, eskerrak nere ama joan zela zeren eta han ez zegoen beste inor nire zain! Zorionez, garaiak aldatu dira eta, egun, gauza askoz gehiago lor daitezke emakumezkoen txirrindularitzan. Gauden tokitik, egungo emakumezkoen txirrindularien alde egitea dagokigu orain. Women Itzulia, esaterako, errepide albotik ikusten dudan aldiro, inbidia galanta izaten dut. 

Nesken lasterketa, Urnietan

Iazko formatua errepikatuko dute eta, ostiral honetan, Gipuzkoako Nesken Itzuliaren lehen etapa izango da Urnietako herrigunean. 18:30ean abiatuko da, erlojupeko lasterketa. Ikusgarria izango da lasterkariak 30 segunduko aldearekin irtengo baitira.

Gipuzkoako Nesken V. Itzulia Urnietatik abiatuko da eta, adi, datorren asteburuan izango da. Iaz, irailean egin zen eta, aurten, maiatzaren 23tik 25era aurreratu dute. Iaz bezala, Urnietakoa erlojuaren aurkako proba izango da. Udalerrian barrena ibiliko dira, San Juan plazan irteera eta helmuga izanik. Hurrengo bi egunetan etapa bana izango da Ordizian eta Elgoibarren. 

Emakumezko erreferente berriak sortzeko probak eskaini behar zaizkie eta txirrindulari kimu berriek erreferenteak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!