Hamarkada batzuk atzera bota beharra dago begirada, irakurle, Lurdes Iriondoren ibilbide artistikoaren abiapuntuarekin topo egiteko. Joan-etorri handiko belaunaldi baten erretratua, errelatoa islatzen dute Urnietako abeslariaren doinuek. Non gelditu dira, ordea, musika-izarraren hitzak? Ba al da haren melodien oihartzunik, gaur egun? Galdera horiei erantzuna bilatu nahi izan die Jon Martin-Etxebeste irakasleak eta ikerlariak, “Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa” liburuan. Hori horrela, bere lanaren zertzeladez jardun zen joan den asteko asteazkenean, Saroben, Euskaraldiaren ekimenez. Lagun izan zituen Irati Odriozola Zugarramurdi eta Ainhoa Ansa Zugarramurdi musikariak, hitzek eta doinuek bat egin zuten hitzorduan.
“Joan gaitezen denboran pauso bat atzera eta orduko Euskal Herria marraz dezagun”, luzatu zien gonbitea liburuaren egileak bertaratu ziren urnietarrei, hain justu ere, 1937. urtera: kutsu tradizional sakoneko familia handi batean jaio zen Iriondo, autoreak gogora ekarri zuenez, “bataz bestekoa baino kristauagoa, karlistagoa” zen familia batean. Hori horrela, eta erlijioak abeslariaren ibilbidean duen eraginaren jakitun, Martinek ez du gai horretan aparteko geldialdirik egin liburuan, “bere biografietan eman den irudian asko goratu delako kristautasuna. Alderdi hori ukaezina izan arren, hori baino gehiago zen Lurdes, hortik kanpo ere bazuen zer eman”.
Donostian jaioa, musikariak zazpi urte zituenean lekualdatu ziren Urnietara, ondorengo urteetan ere bere bizitoki izan zen herrira. Hala, Martinek dioenez, munduan funtzio bat betetzearen beharra sentitzen zuen Iriondok: “Zapalduei laguntzea, justizia egitea. Bazuen elkartasunerako halako joera”. Alabaina, misiolari izateko asmoak zapuztu zizkion jaiotzetiko zuen bihotzeko eritasun batek. Irakaskuntzatik zein musikaren bidetik jo zuen orduan: “Liburura bere kantuetako hitzak ekartzen ahalegindu naiz, nolabaiteko loturak ezartzeko”.
Joxe Angel Irigarai, Nekane Oiarbide, Joxe Mari Iriondo, Arantxa Lete, Santiaga Sanchez, Joxean Goikoetxea... Artistaren gertukoen lekukotzen bitartez zizelkatu du ikerketa: askatzailea, kementsua, librea, oso modernoa, espeziala, leiala, marrazkilari trebea... Kantautorearen irudi gizatiarragoa islatzen lagundu dio elkarrizketatuetako bakoitzak.
Ikerketa egiteko pizgarria
Xabier Leteren obrari buruzko tesia egiten ari zela egin zuen topo Martinek Iriondorekin: “Jakin banekien existitzen zela eta entzunda neukan kantaren bat edo beste”, azaldu zuen oiartzuarrak hitzaldian, “neurriz kanpokoa zen garaiko kroniketan ageri zen izarraren eta hari buruz geurera iritsi den oroimenaren arteko aldea”. Bi aldiz pentsatu gabe, horrela, behin Leteren obra aztertuta, Iriondok utzitako kultur ondarera egin zuen jauzi oiartzuarrak.
Loraldiaren hastapenak
1964. urtean aireratu zen Lurdes Iriondo euskal musikagintzan, Andoainen lehen aldiz oholtzara igo zenean. Ospea “esponentzialki” handitu zitzaion kontzertu horren ostean, Martinek azaldu bezala: “Denek nahi zuten Lurdes Iriondoren kontzertu bat. Horretan ere zerikusia izan zuten Joxe Mari Iriondok Herri Irratirako egindako grabaketek, egunean hainbatetan jartzen baitzituzten haren abestiak”. Ikerlariaren iritziz, “oso zaila” da gaur egungo ikuspuntutik Iriondok zuen esposizio maila neurtzea, baina egun erabili ohi den “biral” hitza ondo omen dator abeslariaren doinuek eragin zuten fenomenoa azaltzeko: “Beste inor baino famatuagoa zen Iriondo. 1966an, Ez Dok Amairu sortu zenean, berriz, Lurdes, populartasunari dagokionez, pelotoian sartu zen”.
Dagoeneko, musika-izarra zen Lurdes Iriondo eta, idazlearen hitzetan, bere itzal handia pizgarri izan zen taldearentzat. Idazkaria, diruzaina, prentsa errekorteak egiten zituena… Ez omen da kasualitatea, egilearen ustez, taldeko emakume bakarrenetarikoa izanik, Iriondori egokitu izana horrelako zereginak egitea, “ez eta ondoren haren ardurak egiteko beste emakume batek, Nekane Oiarbidek ordezkatu izana ere”.
Euskal Herriaren nobia, Joan Baez euskalduna, aingerua… “Zapalkuntza hirukoitza pairatzen zuen Iriondok: euskalduna izateagatik, emakumea izateagatik eta kultur sortzaile izateagatik”. Horren adibide gisa, hedabideen garai hartako argitalpenak jarri zituen: jendartearekiko konpromisoa sentituta, kazetarien infantilizazioari eta botatako galdera korapilatsuei iskin eginez, euskal artisten profesionalizazioaren aldeko diskurtsoa zabaldu zuen garaiko prentsan, bai eta, bere kantuen bitartez, emakumearen ahalduntze-bidean aurrerapausoak eman ere. Euskararekiko ere konpromiso zorrotza erakutsi omen zuen artistak: “Bere kasuan ez dago beste hizkuntza batzuetan sortzeko tentaziorik. Zenbat pertsonak hartu ote du euskaraz ikasteko erabakia Lurdes Iriondoren kantuei esker?”.
Zentsurak gogor kolpatu zuen garaian dena zeukaten asmatzeko artistek, beren sorkuntzaren mesedetan: “Konpetentzia falta hori oso ona da artisten proiekziorako, handia baitzen gozatzeko aukera”, adierazi zuen Martinek Saroben. Nolanahi ere, garaiko tentsio politikoez gain, talka handia egin zuten, sasoi hartan, tradizioari eusteko premiak zein aire berritzaileen bila zebilen modernitaterako joerak: “Iriondo bera ere kritikatua izan zen gitarra espainolaz lagunduta abesten zuelako”. Hori horrela, euskaldun tradizionalistek “etengabeko marruskadurak” sortzen zituzten, talde barruan ere arrakala asko izateraino.
Dagokion argia emateko
Urnietako kantariari memoriak justizia egin ez diola iritzita, galdera-sorta luze batekin eman zion amaiera hitzorduari Martinek, aurrera begirako ariketan ipintzeko asmoz: “Zeintzuk dira gure santu kulturalak? Ez al luke Iriondok bere garaikide izan direnen kalitate bereko dokumental, tesi eta antzelanik merezi? Non kokatu nahi dugu herri gisa eta nori dagokio hori egitea?”. Amu horiei tira egin beharko zaie orain.