Herriko nerabeen topaleku da Gaztelekua: ikasturte osoan, 12 urtetik 17 urte bitarteko urnietarrak beren aisiaz gozatzera joaten dira bertara, astelehenetik ostiralera. Bada, festetan protagonismo berezia izango dute aurten, beraiena baita jaien hasierako txupinazoa botatzeko ardura. Gaztelekuko hezitzaile dira Laida Oficialdegui eta Oihana Igarriz.
Zuen eskutik iritsiko da festa herrira, ostiral iluntzean botako baituzue txupinazoa. Erronka pozgarria, ezta?
Oihana Igarriz: Pozez hartu genuen gonbidapena. Gazteei izugarrizko ilusioa egiten die pregoia irakurtzeak, gehienbat, txikienei. Askotan, herrietan, nerabeei ez zaie, benetan, lekurik eskaintzen eta garrantzitsua da beren presentzia azaleratzea.
Gazteekin elkarlanean idatzi al duzue pregoia?
O.I.: Beraiekin, elkarrekin, pregoia idazten ahalegindu gara; hori izan da gure helburua. Hortik hainbat ideia atera dira: herria festara animatzen dute, ondo pasatzera, elkarrekiko errespetua izateari garrantzia emanda.
Laida Oficialdegui: Zaila izan da guztiekin elkartzea, ez direlako denak egun eta ordu berean etortzen Gaztelekura. Beraienak dira ideiak eta Oihana eta biok esaldi horiek guztiak lotzeaz arduratu gara.
Gazte Festen egitarauari dagokionez, zein da nerabeek gehien gogoko duten hitzordua?
O.I.: Helduenei musika-eskaintza da gehien gustatzen zaiena: taldeak, DJak… Gazteenei, berriz, buruhandiak eta erraldoiak, nagusiki.
L.O.: Festetan elkarrekin denbora partekatzea ere oso gustuko dute.
Gazteei bideratutako ekintzen artean, zezen mekanikoan ibiltzeko aukera emango duzue zuek festen lehen egunean.
O.I.: Gazte guztiei bideratutako ekintza da, 16:30etik 18:30era, Gazteleku alboko estalpean, Plazido Muxika plazan.
Orain gutxi lur hartu duzue biek ala biek Urnietako Gaztelekuan. Zer moduzkoa izan da hasiera?
L.O.: Apirilean, udaberriko ekintzekin batera hasi nintzen, aurten. Printzipioz, Aste Santuan egon behar nintzen, soilik, irakaslea naizelako eta ordezkapenak egiten ibiltzen naizelako. Azkenean, luzatu egin zait eta hemen gelditu naiz. Oso ondo nago, nahiz eta hasieran pixka bat zaila egin, gazteekin harremana sortu arte. Baina Oihanaren laguntzarekin… Oso ondo! (Barreak).
O.I.: Martxoaren bukaeran sartu nintzen ni eta, egia esan, pixka bat udalekuen tankera hartu nion. Oso motibatuta sartu nintzen. Gainera, udaberriko ekintzak lagungarriak izan ziren gazteak ezagutzeko, talde txikiagoetan bilduta zeudelako.
Normalean, zertara gerturatu ohi dira nerabeak Gaztelekura?
L.O.: Txikienak gehienbat jolastera etorri ohi dira, billarrera edo futbolinera, adibidez.
O.I.: Nagusiagoek gurekin hitz egitea dute gustuko, beraien kontuez.
L.O.: Eroso sentitzen dira gurekin, beren gauzez hitz egiteko.
Mesedegarria al da Gaztelekua, askotariko adinetako gazteek aisialdi-espazioa parteka dezaten?
O.I.: Bai, nik uste dut baietz. Oso harreman ona dute Gaztelekura hurbiltzen diren adin ezberdinetako gazteek.
L.O.: Askotan nahasten dira beren artean eta polita da hori.
Uda-sasoiari begira, ba al daukazue aparteko hitzordu berezirik buruan?
O.I.: Ekintzetako batzuk Urnietan bertan izango dira, bai Gaztelekuko barne espazioak zein kalea erabilita. Horrez gain, inguruko herrietara irteerak egitea ere pentsatu dugu. Askotariko ekintzak egingo dituzte.