Gazte Festak 2025

Abiatzear dira Gazte Festak

Aiurri 2025ko mai. 29a, 08:00

Lau eguneko egitaraua osatu dute herriko eragileek zein Urnietako Udalak. Goiz, arratsalde eta gau, ez da aspertzeko tarterik izango herrian, Gazte Festek iraun bitartean.

Ostegunetik igandera, zer gozatua izango da herrian, uda atarian ospatzen diren Gazte Festekin. Adin guztiei begirako egitaraua osatu dute Urnietako Udalak eta herriko eragileek elkarlanean: musika, gastronomia, dantza eta kaleko ikuskizunak izango dira aurten ere jaiaren ardatz nagusi.

Osteguna, festa-gosea dutenentzat

Lau tabernak hartuko dute parte: Iparralde, Kandela, Frontoi eta Kantoi

Gazte Festen hasierako suziria ostiral arratsaldean jaurtiko bada ere, ostegunean bertan hasiko da egitaraua, 19:00etan, Poxta Zahar elkarteak antolatutako pintxo-lehiaketarekin. Ez da taldeak hitzordua antolatzen duten lehen urtea eta, orotara, aurten, lau tabernak hartuko dute parte: Iparralde, Kandela, Frontoi eta Kantoi. Joan den urtean, Kantoi tabernak irabazi zuen; aurtengo garailea zein den, berriz, ostegun iluntzean erabakiko dute festazaleek.

Ostirala, txupinazoa eta musika-doinuak

Iluntzeko 19:30ean izango da txupinazoa, udaletxeko balkoian, Gaztelekuko gazte eta hezitzaileen eskutik

Asteburuari ekitearekin batera murgilduko da herria bete-betean ospakizun-giroan. Arratsaldeko 16:30etik aurrera, 11 eta 16 urte bitartekoentzat zezen mekanikoa jarriko du Gaztelekuak, Plazido Muxika plazan. 18:00etan, berriz,  toki beretik aterako dira buruhandiak eta erraldoiak, Bosko Anitz txarangarekin batera. Ordubete beranduago, ohiturak aginduta, kalera aterako da Kantazaun, kantukalejira egiteko asmoz. Iluntzeko 19:30ean izango da txupinazoa, udaletxeko balkoian, Gaztelekuko gazte eta hezitzaileen eskutik. Behin Egape Dantza Taldeak erakustaldia eginda, gaueko ekitaldien txanda iritsiko da. Etxeberri plazan esaterako, edari eta janari postua jarriko ditu auzo elkarteak, zezen mekanikoarekin batera. Era berean, afari tropikala izango dute gazteek, Poxta Zaharrek antolatuta, Jakutegi plazan.

Gaua luzatzeko prest daudenentzat, 23:00etatik aurrera, Zilibito Records, Kete, Mirail eta DJ-ak arituko dira oholtza gainean, festa ordu txikietara arte luzatzeko asmoz. Oiatzuarrak izango dira lehenak oholtzara igotzen. Gainerako hirurak etxeko uzta dira.

Larunbata, mahoiz janzteko eguna

Egape Dantza Taldearen “Urnieta dantzan" jaialdia goizetik abiatuko da

Txanbolin txistulari bandak esnatuko du herria, larunbat goizean, 09:30ean egingo duen dianarekin. Hori horrela, euskal dantzaz beteko dira, ondoren, Urnietako kaleak eta plazak, Egape Dantza Taldearen “Urnieta dantzan" jaialdiarekin. Eguerdi partean, berriz, Matxotik abiatuko den triki-poteora gerturatzeko gonbita luzatu die herritarrei Poxta Zahar elkarteak, ondoren, guztiak elkarrekin, herri bazkarira joateko. Arratsaldeari begira bi hitzordu izango dira 18:00etan: batetik, familia-giroa izango da nagusi  Plazido Muxika plazan taularatuko den “Bonba bat naiz” kale antzerkian. Bestetik, dantzan ipiniko ditu urnietarrak Lau Katu txarangak. Iluntzeko 19:30etik aurrera, gauera bitarte luzatuko den kontzertu-sortari emango zaio hasiera, San Juan plazan (Egape Ikastolako aterpean, eguraldi txarra eginez gero): erromeria Lisker taldearekin, Herenegun, DJ Gio… Askotariko musika-generoek hartuko dute, beraz, oholtza larunbatean.

Igandea, haurrak protagonista

Kontzejupekoa eta Txanbolinen kontzertua, igande goizeko osagai nagusiak

Igandean ere herritarren iratzargailu-lanak egingo ditu Txanbolinek, 10:00etan hasiko den dianarekin. 11:00etan, Egape Ikastolako patioan, zirku-tailerra izango da, haurrei zein familiei zuzenduta. Horrekin batera, Habitantes de Innsmouthen antzara joko erraldoia ere egongo da, ordu berean.

Eguerdian, kirolariek hartuko dute ospakizunaren lekukoa: pilota txapelketako finalak jokatuko dira kontzejupean, Urnietako Kirol Elkarteko (UKE) pilota sailaren eskutik. Horren segidan, 12:45ean, San Joan plazan, Txanbolin txistulari bandak musika- eta dantza-emanaldia egingo du, Egape Dantza Taldeko dantzarien saioarekin batera. Arratsaldeko 18:00etan, hitzordu bikoitza izango da herrian: dultzaineroekin batera hartuko dituzte kaleak berriro ere erraldoi eta buruhandiek eta, bestalde, “Erremontari, herriz herri” erremonte-jaialdia izango da frontoian. Horrela, DJ Kaktusek emango dio amaiera lau eguneko festa egitarauari, 19:30etik aurrera izango den disko-festarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!