Ordubete, hamabost minutu eta sei segundotan amaitu zuen lana Zigako gazteak, lau minutu beranduago urnietarrak.
Tolosan Kantabriko jatetxean apirilaren 5ean adostu zuten bezala, 60 ontzako hamaseina enbor moztu behar izan zituzten biek, herri-kirol zaleek lepo jarri zuten Ezkurra pilotalekuan.
Lau mila euro jarri zituen jokoan bakoitzak.
Ttipi-Ttapa aldizkariak egindako kronikan bi aizkolarien ondorengo adierazpenak irakur daitezke, eta baita argazki-sorta ikusi.
Joxean Etxeberriak, sufrituz lortu zuela urnietarra garaitzea adierazi zuen: “arras gogorra izan da eta gaizki pasatu dut, baina aitzinera segitu dut, sufrituz, eta azkenean abantailarekin akitu dut”.
Julen Gabirondok, hasi eta agudo aurkariari aurrea hartu zion arren, lasterrera gorputzaldi txar batean murgildu zela aitortu zuen, “seigarren enborrean bete naiz, beroarekin eta behera egin dut, buelta ematea asko kosta zait”.