Geldialdi berezia egin du Urnietan, Albaolatik hasita, San Miguel santutegira doan erromesaldiak

Aiurri 2025ko eka. 9a, 14:38

Modu ezin bereziagoan ekin diote asteari urnietarrek, izan ere, gaur goizean egin du geldialdia, Albaolatik abiatuta, Aralarko San Miguel santutegira doan erromesaldiak: 2024ko urrian, erasoa jasan zuen santutegiko sarrerak, ezezagunek bertako atea erre eta markatu baitzuten. Horrela, ate horiek berriro modu artisauan berreraikitzeko ardura hartu du Albaola Itsas Kultur Faktoriak eta horiek helmugara eramateko erromesaldian dabiltza egunotan. 

Eguerdiko 12:00ak aldera ailegatu dira herrira Jexux Mari eta Aitor Matxain aita-semeen idiak, ateak soinean. Bada, Jauregi burdindegian egin diete harrera bertara gerturatutako dozenaka herritarrek. Egape Dantza Taldeak agurra dantzatu ostean, hitza hartu du Mikel Ormazal apaizak, San Miguel santua ondoan zuela. Aiztondon barrena, Nafarroa alderantz joko du, orain, erromesaldiak. Hitzorduan izan dira, besteak, beste, Xabier Agote Albaolako presidentea zein Alfonso Garciandia Aralarko San Miguel santutegiko kapilaua. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!