Orain 29 urte lur hartu zuen Txani Rodriguezek ikastetxean, Azkorte eskola publikoak eta Egape Ikastolak bat egin aurretik, hain justu ere. Zerbitzari gisa lehenengo eta sukaldari, ondoren, Urnietako ehunka haurren tripa bapo bete du hiru hamarkada luzetan. Hala, jangelako ateak ireki dizkio Aiurriri, bere ibilbideari errepasoa egiteko asmoz. Su txikian kozinatuta eman ditu erantzunak, jakina.
Ia 30 urteko bidea egin ondoren erretiroa hartu duzu, Txani. Hasteko, zer moduz zaude?
Orain? Oso ondo! Hasierako egunetan, nahiz eta lasaitasuna sentitu, zerbait falta zitzaidala sumatzen nuen, azkenean, asko aldatu dut errutina, erretiroarekin. Lehen, goizeko 09:00etarako sartzen nintzen lanera: aldatu, garbitu eta janaria prestatzeari ekiteari nion. Beste egun batzuetarako ziren lanak ere aurreratzen nituen. Bestela, lankideekin afalduz ospatu nuen eta oso lore-sorta polita zein otordu baterako bi pertsonentzako bonua oparitu zizkidan eskolak.
Hiru hamarkada igaro dira Azkorteko jangela lehenengoz zapaldu zenuenetik. Aise aldatu zara zu. Zertan aldatu da eskola?
Hemen (Egape Ikastolako DBHko eraikinean) hasi nintzenean, Azkorte eskola publikoa zen, oraindik. Alegia, jada, lanean nintzen hemen Egape Ikastolarekin fusionatu zenean. Begirale gisa hasi nintzen jangela honetan, guraso elkartearen bidez, orduan ez baikenuen catering-ik. Beranduago Etxeko Janak enpresak egiten zuen kudeaketa eta, ondoren, Auzolagun enpresak. 2007ko ikasturte hasieran, sukaldari-lanetan hastea proposatu zidaten. Arratsaldez ikastaroa egiten aritu nintzen, bost hilabetez, eta, horrez gain, garaiko sukaldariak, Lupek, irakatsi zidan, kopuruen kalkuloa egiten eta, adibidez. Bada, horrela, eskolako sukaldaria izan naiz, aurtengo maiatzaren 17ra arte.
Eraikinak gutxi gorabehera berdin jarraitzen du: irakasle berri pila dago, betikoetatik gutxi gelditzen dira. Garai batean, jangelan bazkaltzen zuten irakasleek, eta kafea ere hemen hartzen zuten. Harremanak desberdinak dira, orain, jende pila igaro ohi da eskolatik, bistaz ezagutzen ditut, baina ez daukagu horrenbesteko harremanik.
Bestalde, sukaldeari begira, asko aldatu da: sukaldari-lanekin hasi nintzenean, ez neukan, esaterako, patata-zuritzeko tresnarik, ez eta ebakitzailerik ere. Eskuz egiten nuen guztia. Gogoan dut nola Manu zuzendariak esaten zidan soldaduskan bezala arintzen nintzela. Zentzu horretan, lanerako tresnak aldatu dira.
Horrenbeste urte lanean eta ez dizu astirik eman etorkizuneko DBHko eraikin berriaren sukaldea ezagutzeko.
Ez dut probatuko eta ez zait axola (barreak)... Oso handia izango da sukaldea eta garbitzeko nahiago dut orain arte izan dudana. Neurria hartuta nion eta garbiketa-orduak garbiketa-orduak dira…!
Familia giroa. Horixe da Azkortetik igarotako ikasleek eskolaz nabarmentzen dutena. Horrela bizi izan duzu zuk ere?
Familia izan dut eskola. Gertuko harremana izan dut guztiekin, irakasleekin, ikasleekin, beste lankideekin... Aspaldi eskola amaitu zutenek ere gaur egun kaletik jaramon egiten didate, nirekin hitz egiten gelditzen dira. Oso pozgarria da hori niretzat.
Urteen poderioz, jangelako eskaintzari dagokionez, zeintzuk dira nabaritu dituzun aldaketa nagusienak elikadura-ohituretan?
Gaur egun, guk prestatzen dugu hemen janaria, menua Auzo Lagunek bideratuta. Behar dudan janari-zerrenda bidaltzen diot eta generoa ekartzen didate, baina kozinatu, nik egin izan dut. Orain urte batzuk, galdaran istripua izan eta egun batzuetan ez genuen gasik izan. Horrela, prestatutako janaria ekarri behar izan genuen... Jendeak aldaketa handia sumatu zuen!
Dena dela, orokorrean, geroz eta okerrago jaten dute ikasleek: makarroiak, arroza, dilistak, xerra... Horiek arazorik gabe, baina barazkiak, osorik, xehatu gabe, oso gaizki. Guztia purean zerbitzatzen genien, eta batzuetan platerekoa ere ez zuten amaitzen. Horrela, janari asko botatzen da. Bestelako menuak ere prestatu izan ditut: zeliakia dutenentzat, gantzik gabekoa kardiopatia zuen ikasle batentzat, alergia berezientzat, begetarianoentzat, txerririk gabekoa musulmanentzat…
Maiatzaren erdialdean itxi zenuen eskolako etapa. Zeren falta sumatuko duzu gehien? Eta zerena ezertxo ere ez?
Olatz, Toñi eta hiruon arteko giroa, baita jada eskolan lan egiten ez duen Edurne ere. Bazkaldu ondoren kafea hartzen genuen, gure kontuez hitz egin bitartean... Psikologoaren kontsultan egotea bezalakoa zen! (Barreak). Lagunarteko kafea zen eta bazkaltzeaz berandu bukatzen zuten ikasleak ere gelditzen ziren gurekin.
Zer ez dudan botako faltan? Orain ez dut iratzargailua jarri beharrik ere, esnatzen naizenean esnatzen naiz eta kito!
Zein aholku emango zenioke eskola-sukaldari gisa hasi nahi duen norbaiti?
Bere lana ondo egin dezala. Erritmoa bera da, baina kozinatu beharrekoa aldatu egiten da, egun batetik bestera. Gainera, nork bere modua dauka janaria prestatzeko: Luperekin izan nintzen ni, eta gutxi gorabehera mantendu egin dut denboran harekin ikasitakoa. Sukaldetik atera eta jangelara gerturatzen nintzen, ikasleekin hitz egitera, gure artean pixka bat harremana estutzeko.