Zabalik da Lasarte-Oriaranzko errepide berria

Aiurri 2025ko eka. 16a, 14:37

Gaurtik hasita, zabalik da Lasarte-Oriaranzko errepide berria. 2024 urtearen amaiera aldean ekin zitzaion asfaltatze-lanei eta, Urnietako Udalak adierazi duenez, horrela, “Zabaleta auzoak jasaten duen trafiko handia arinduko da”.  Ermotegin, Langarda auzunearen sarrerako biribilgunean hasten da errepidea eta bat egiten du Zabaletan gora, Lasarte-Oriaranzko norabidea duen bidearekin. Azken hori, une honetan, itxita dago eta biribilgunetik bertatik jo beharko dute herritarrek, lanak guztiz amaitu bitartean.

Hasiera batean, beregain hartu du Urnietako Udalak eraikuntza-lanen kostua. Dena dela, ondoren, Babiloniako 32 HIE eremuaren jabetzari jasanaraziko zaio, aurretik sinatutako hitzarmenaren arabera: orotara, 1.261.001,97 euroko kostua izan du obrak.

Zabaletako bizilagunak

Hari horri tiraka, urte luzez, hautsak harrotu ditu bertako bizilagunen artean gaiak. Horregatik, beraiekin
harremanetan jarri da Aiurri, beren iritzia jasotzeko. Horietako batek adierazi duenez, "errepide zaharrera sartzeko zatiak estua dirudi eta gaizki bukatuta dago". Era berean, aldapan dauden semaforoak kentzea nahi du, baita kutxatila-estalki bat konpontzea ere, "oso baxu baitago, eta zarata handia egiten baitu, herriaren erdiguneko errepidearekin bat egiten duen sarbide zaharrean". 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!