Herriko lehen Zaintza Mahaia osatu dute

Aiurri 2025ko eka. 23a, 10:00

Martxan da, estreinakoz, herriko lehen Zaintza Mahaia. Izaera parte-hartzailea izango du foroak, Urnietako Udalaren esanetan, "zainketen esparru komun bat sortzen hasteko, gure ekosistemak izango dituen printzipioak eta balioak definituz". Lehenengo aldiz, ekainaren 11n egin zuten bilkura. Hala, uda ondoren egingo dute bigarren hitzordua eta urtearen amaieran komunitate osoari irekitako saio bat aurreikusi dute.

"Urrats esanguratsua" da, Urnietako Udalaren iritziz Zaintza Mahaiaren eraketa," zaintza eredu pertsonalizatuago, hurbilago eta komunitatearekin konektatuago baterantz aurrera egiteko helburuarekin". Zaintza hizpide, Matia Institutuaren eta Zabalduz Kooperatibaren aholkularitzarekin,  azterketa sakon bat egin zuen Urnietako Udalak: etxez etxe galdeketa bidaltzeaz gain, banakako zein taldeko elkarrizketak egin ziren. Horrez gain, herritar guztientzat bideraturiko bi saio ireki antolatu ziren, zaintzaz hausnartzeko asmoz. Horrekin guztiarekin Urnietako zainketei buruzko diagnostikoa garatu zen: txostena oinarri hartuta, ekintza-plan bat egitea da helburua, Zainketa Planari forma eta edukia emateko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!