“Dantzen trukeaz gain, harremanak sortu ditugu Katalunian”

Alba Cabrera Jauregi 2025ko uzt. 12a, 09:02

Harremana estutu du Egape Dantza Taldeak Gelidako Esbart Rocasagna dantza-taldearekin: iaz izan ziren Urnietan katalanak. Bada, joan den ekainaren amaieran egin diete bueltan bisita etxeko dantzariek

Gelidan (Herrialde Katalanak) izan ziren ekainaren amaiera aldean Egape Dantza Taldeko kideak, Esbart Rocasagna dantza-taldearen gonbidapenez. Hala, iaz bisitatu zuten katalanek Urnieta, San Miel jaien ondoren. Ez da Egape Dantza Taldeak horrelako trukea egiten duen lehen aldia, ezta azkena ere, ikusita zeinen aberasgarria izan den esperientzia Kimetz Cabanillas, Naroa Exposito eta gainerako herriko dantzarientzat.

Asteburu pasa izan zineten ekainaren amaieran Gelidan, Egape Dantza Taldearekin. Dantzari gisa, horrelako truke batean parte hartzen duzuen lehen aldia al da?

Naroa Exposito: Lehen aldia izan da horrelako esperientzia bat probatzen. Haiek etorri zirenean, ez nintzen askorik egon beraiekin. Baina, asteburu honetan, denbora gehiago pasa dugu elkarrekin eta oso ondo joan da.

Kimetz Cabanillas: Niretzat  ere horrelako zerbait egiten dudan lehen aldia izan da. Gure taldearen kasuan, Urnietara etorri zirenean gerturatu ginen haiengana. Baina, hara joatean, harreman handiagoa egin dugu.

N.E.: Elkartzen ginen bigarren aldia zen, gainera, eta errazagoa egin zaigu.

Zer moduzko harrera jaso zuten zuen dantzek Gelidan egindako ikuskizunean?

N.E.: Dantza tradizionalen eta garaikideen ikuskizuna egin genuen. Lehen dantzatik hasita, animo pila jaso genuen, harrituta gelditu ziren gurekin, ez baitzuten halako dantzarik espero. Larunbatean, gaueko 22:00etan egin genuen ikuskizuna, tenperatura altuengatik. Oholtzak bero-bero segitzen zuen gauean ere. 

K.C.: Talde bakoitzak hiruzpalau pieza egin genituen, eta elkarrekin ere egin genuen baten bat. Normalean, Urnieta inguruko herrietan izaten gara. Ohituta daude horrelakoetan gure dantzetara. Baina, Herrialde Katalanetan, ez dute horrenbeste espero eta animoz jaso gintuen jendeak, oso gustuko izan zuten.

Zuetaz zein Gelidakoez gain, Tarragonako talde bat ere izan zen topaketan. Zein iritzi duzue bertako dantza-estioaz?

N.E.: Bertako dantza tradizionalen emanaldia egin zuten bi taldeek.

K.C.: Gelidakoek esan ziguten beraien bien arteko dantzak antzekoak zirela. Gureekin konparatuta, beharbada, motelagoak eta lasaiagoak ziren. Desberdinak ziren, interesgarriak. Oso ondo dago beste toki batzuetako dantzak ezagutzea.

Behin hara joanda, dantza egiteaz gainera, bestelako ekintzarik egin al zenuten?

N.E.:  Igerilekura joan ginen egun guztietan, baita gaztelu bat bisitatzera ere.

K.C.: Festa, bere horretan, ez zegoen, baina gau giroan ere izan ginen beraiekin, pixka bat.

Zer ekarri duzue bueltan Euskal Herrira esperientzia honetatik?

N.E.: Oso harreman ona egin genuen bertakoekin.

K.C.: Lehen esan dudan bezala, ohituta gaude taldeko dantzariak inguruko herrietara joaten. Baina, horrelako esperientzietan, dantzen trukeaz gain, harremanak sortu ditugu. Oso ideia ona iruditzen zait.

Gogoa piztu al dizue esperientziak etorkizunean antzeko trukeetan parte hartzeko?

N.E.: Sei ordu eta erdi egin genituen autobusean, hara joateko, baina berdin du, oso ondo pasa genuen eta. Horregatik, aurrera begira, prest gaude horrelako beste bat egiteko!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!