Balorazio ona egin du koalizioak

Aiurri 2025ko uzt. 15a, 22:00

Bide erdia eginda, “konpromiso eta ilusio berarekin” lanean jarraituko duela adierazi du Udal gobernu-taldeak, “legegintzaldiko plana garatzeko eta ezarritako helburuak betetzen saiatzeko”

Ekuatorera iritsi berri da Urnietako Udalaren agintaldia. Hori horrela, bi urteko bideari errepasoa egin asmoz, prentsaurrekoa egin zuen asteazken goizean Udal gobernu-taldeak, udaletxean: igaro berri diren bi urteen balorazio “oso positiboa” egin dute jeltzaleek eta sozialistek. Lehenik eta behin, alkateak hartu zuen hitza, legislaturaren irakurketa orokorra egiteko: “Udalak gobernu sendo eta egonkorra du, bi taldeen arteko sintonia onari esker”. Harekin bat etorri zen PSE-EEren bozeramaile den Herme Gonzalez ere: “Osasuntsu dago gobernu-taldea”, azaldu zuen, “herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetzeko gauzatutako udal proiektu estrategikoetan islatzen da hori”. Hori horrela, alorrez alor xehetu zituzten beren eskumenetik ondutako egitasmoak. Honatx, horietako batzuk.

Hirigintza

Herriko hiri-antolamenduari erreparatuta, Urnietak “aldaketa nabarmena” bizi duela aipatu zuen gobernu-taldeak. Horren adibide gisa, Lasarte-Oriarantz eraikitako errepide berria ipini zuen Seguradok: “Trafikoa jaitsi da Zabaleta auzoan eta bertakoen nahiz herriaren bizi-kalitatea hobetu da”. Hari horri tiraka, bigarren fasera ailegatu da Zaldundegitik Arantzubiraino doan tartearen bulebarizazioa: proiektuak nahiz pleguak onartu dira. Bada, bide beretik doa Arantzubiko aldapan ipini nahi diren arrapala mekanikoen egitasmoa. Parkeei begira, Berrasoetan komun publikoak jarri dira, eta Postagaingo zein Egapeko parkeak berritu dira. Etorkizunean, begiz jota dute Teresa Amuategi parkea, hori estali eta “haurrek euri-egunetan jolasteko gune bat izan dezaten”.

Etxebizitza

Gobernu-taldearentzat "oso gai garrantzitsua" da, Seguradoren esanetan, etxebizitzaren auzia. Aldatzen ari da Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa, etxebizitza berrien eta industrialdeen garapena erraztu eta arintzeko helburuz. Lana burututa, Eusko Jaurlaritzaren oniritziaren zain daude udal agintariak aldaketa egiteko. Era berean, Babiloniako eremua “oso aurreratuta” dagoela gogora ekarri zuen alkateak: eremu horretan, 340 etxebizitza eraikiko dira, eta horietatik % 75 babes ofizialekoak eta tasatuak izango dira.

Aipamenak, sailez sail

Berdintasun eta zeharkako gaien teknikariaren jardunaldia luzatu dela ere iragarri zuen alkateak. Bestalde, herrira iritsi berri diren bizilagun berriekiko ardura erakutsita, “oso ondo funtzionatzen duten” ongi-etorri saioak antolatzen jarraituko dutela gehitu zuen Gonzalezek “pertsona horiek ahalik eta lasterren eta ondoen integra daitezen”.

Jasangarritasuna

Urnietaren jasangarritasuna bilatze aldera, Udal gobernu-taldeak “energia garbi eta berdeen aldeko jarrera irmoa”  hartu duela adierazi zuen sozialisten buruak agerraldian: “Energia-komunitatea martxan jartzea, ibilgailu elektrikoentzako kargagailuak ipintzea eta gaur egun ibilgailu hibridoak dituzten Udaltzaingoaren bi autoak berritzeak ere helburu hori argi uzten dute. Horrekin lotuta, udalerri kanpoko argiteria guztia LED sistemara aldatu da, horrek energia-kontsumoa, gutxi gorabehera, % 70 murriztuko duela aurreikusita. Gauza bera egin zen eskubaloiko pista zaharrean, eta lanean ari dira futbol-zelaian eta udal pilotalekuan egiteko".

Gizarte Zerbitzuak

Hainbat lan ildo ditu irekita gobernu-taldeak esku-hartze sozialaren alorrean, eta horietako bi nabarmendu zituen Consuelo Frutos sozialistak: batetik, nolabaiteko mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko iraupen luzeko pisuak martxan jartzea. Zerbitzuak sei apartamentu ditu, Errekalde kalean, eta "azken xehetasunetaraino" zaindu dira. Bestetik, Urnietako zainketen ekosistema berria osatzearen alde egiten ari den lana azpimarratu zuen: "Elkarlaneko eta partekatutako azterlan zorrotz bat egin zen, urnietarrek parte hartu zutena" azaldu zuen, "eta duela gutxi lehen Zainketa Mahaia eratu da".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!