DBHko eraikina martxan jartzeko lanak hasi dira. Zein da zure lehen balorazioa?
Balorazioa positiboa da, oso pozik gaude. Urte luzeetako lanaren ondoren, fase erabakigarri batean sartu gara. Obraren hasiera ikasle, irakasle eta gurasoentzat mugarri bat da, azken hamarkadetan herrian egin den apustu garrantzitsuenetarikoa. Belaunaldi berriei etorkizuneko proiektua bermatu behar diegu Urnietan; bertan hazi, hezi eta bizi daitezen nahi dugu. Horretarako, ezinbestekoa da gure ume eta gazteek herrian kalitatezko hezkuntza publikoa jasotzeko eraikin eguneratu eta modernoa izatea.
"Belaunaldi berriei etorkizuneko proiektua bermatu behar diegu"
Zeintzuk dira hurrengo pausuak? Hezkuntza Sailaren ardurapeko eraikuntza-lana da, baina Udalak zer nolako jarraipena egingo du?
Hezkuntza Sailaren ardura da obra gauzatzea, baina gu gainean egongo gara obra normaltasunez garatu dadin. Urnietako Udala bidelagun izaten ari da, behar den kudeaketa administratibo guztietan laguntzen ari gara, egutegia zorrotz bete dadin, eta lanak ahalik eta azkarren amaitu daitezen. Bi urte inguruko iraupena izatea aurreikusten dugu, beraz, gauzak ondo bidean, 2027ko udarako prest izango da.
Eraikin berriarekin, mezu indartsu bat ematen zaie Urnietako belaunaldi berriei.
Zalantzarik gabe. Eraikin berria ez da bakarrik azpiegitura bat; etorkizunarekiko konpromiso bat da. Belaunaldi berriei esaten diegu hemen, Urnietan, hezkuntzaren aldeko apustua sendoa dela, eta nahi ditugula ikasleak kalitatezko baldintzetan hezi, beren garapen pertsonal eta akademikoa bermatzeko. Guk herriarentzat eta herritarrentzat egiten dugu lan, ahalik eta zerbitzu onenak izan ditzaten, eta DBH-ko eraikina lehentasuna izan da guretzat, funtsezko proiektua Urnietaren etorkizunarentzat.
Bada sentsazio bat eskolako komunitatean: denbora gehiegi igaro da egitasmo hau errealitate bilakatu den arte. Zer duzu esateko?
Ulertzen dugu sentsazio hori. Ez da prozesu erraza izan, hainbat oztopo gainditu behar izan dira. Baina beti saiatu gara elkarlanetik bideak irekitzen. Adibide gisa, kontuan izan behar da lur pribatuak direla, eta administrazioaren eta hirigintza-garapenen epeak luzeak eta oso garantistak direla. Prozesua segurtasun eta legezko berme guztiekin gauzatzea dagokigu. Ahalik eta gehien arindu eta laburtu ditugu epeak, baina, prozedura guztiak zorrotz beteta: Urnietako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onartu dugu, Babiloniako Plan Partziala egin eta onartu da, lurren eskuratzea, urbanizazio-proiektua egin dugu, lursailaren lagapena kudeatu… Bien bitartean, paraleloan, Hezkuntza Sailak proiektua idatzi eta beharrezko aurrekontu-finantzaketak ere bermatu ditu. Esfortzu kolektibo handia izan da. Inplikatutako eragile guztien arteko lankidetzari esker atera da aurrera. Eskerrak eta zorionak eman nahi nizkieke urte hauetan guztietan proiektuaren alde lan egin duten guztiei.
"Prozesua segurtasun eta legezko berme guztiekin gauzatzea dagokigu. Ahalik eta gehien arindu eta laburtu ditugu epeak, baina, prozedura guztiak zorrotz beteta"
“Institutu berri bat egiteko 5.000 m2-ko lursaila gordetzea proposatu da. Lursaila Egape Ikastolaren ondoan legoke, Babilonia ondoan”. Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzeko prozesuan jaso zen, 2005eko maiatzean Aiurrik argitaratu zuen artikuluan. Zergatik igaro dira horrenbeste urte?
Aipatzen duzun Plan Orokorra 2014an onartu zen, EAJ-PNVren eta Pagola alkatearen bultzadari esker; eta tamalez ez zuen udal ordezkari guztien babesa jaso. Urnieta eraldaketa urbanistiko garrantzitsua bizitzen ari da, eta horretarako HAPOa funtsezkoa tresna izan da. Azken urteetan kiroldegia eraberritu da, irisgarritasuna hobetzeko hiru igogailu eraiki dira, Elkarteen Etxea ahalbidetu da, mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko iraupen luzeko etxebizitzak egin dira, Plazido Muxika plaza estali da eta beste horrenbeste egingo da Teresa Amuategi parkearekin. Lasarte-Oriarako errepidea ireki da, skate park, eta pump track pistak egin dira, etxebizitza berriak altxa dira, garapen berriak iristear daude, Idiazabal kalearen bulebarizazioan pausoak eman dira, Arantzubin Arrapala mekanikoak eraikiko dira, eta orain DBH-ko eraikina errealitate egingo dugu. Urnieta aurrera egiten eta modernizatzen ari da. Gure herria maite dugu eta beti urnietarren bidelagun izango gara. Urnietaren aurrerabidea sustatuko dugu, bertan bizi-proiektua aurrera eramateko gero eta leku atseginagoa izan dagin.
Urnietan eta Eusko Jaurlaritzan, salbuespenak salbuespen, EAJrena izan da aginte-boterea. Hori ez al da abantaila halako tamainako egitasmoari dinamismoa emateko?
Hezkuntza Sailak historikoki kolore anitzetako aginteak izan ditu, EAJk adostasunaren bidetik, koalizio gobernu sendoen bidez gobernatu baitu. Dena den, hezkuntza lehentasunak ezin dira interes alderdikoien menpe egon. Guk herri guztiarentzat gobernatzen dugu eta dagokion erakundearekin elkarlan instituzional leiala bilatuko dugu beti, izan kolore bat ala beste bat. Urnietari dagokionez, Hezkuntza Sailaren jarrera eta konpromezua bikaina izan da, hartu-eman oso ona eta gertukoa izan dugu eurekin, bai maila teknikoan eta bai politikoan. Esker oneko hitzak baino ez ditut.
"Hezkuntza Sailaren jarrera eta konpromezua bikaina izan da, hartu-eman oso ona eta gertukoa izan dugu eurekin"
Eskolako zuzendaritza, guraso elkartea eta Urnietako Udala. Hiru aktore nagusi zaudete herrian. Zer nolakoa izan da solaskidetza prozesu honetan?
Guztion helburua berbera zen, eta uste dut denok, bakoitzak bere esparruan, norabide berean lan egin dugula. Eskolako zuzendaritzaren inplikazioa eta guraso elkartearen ekarpena erabakigarriak izan dira. Proiektuaren jarraipena egiteko lan-mahai bat sortu genuen, komunikazioa eta informazioa modu jarraituan elkarbanatuz. Elkarlan horren adibide da parke inklusiboa: hura diseinatu eta bideratzeko gai izan gara, eta orain Udalak eraikiko du.
Aurrera begira, zein ikasturtetan izango dute aukera urnietarrek eraikin berrian ikasten hasteko?
Dena ondo badoa, lehen esan bezala, 2027ko udarako amaituta egon beharko luke. Espero dugu obra normaltasunez egitea eta aurreikusitako epeetan eraikina errealitate bihurtzea. Bikaina litzateke 2027-2028 ikasturtea eraikin berrian hasi ahal izatea. Jarraipen zehatza egingo dugu, eta Urnietaren etorkizuna eraikitzen jarraituko dugu.
"Bikaina litzateke 2027-2028 ikasturtea eraikin berrian hasi ahal izatea"