Mende laurden egin behar da atzera, gutxi gorabehera, Egape Ikastolako Bigarren Hezkuntzako eraikina berritzeko lehen proposamenarekin topo egiteko. Harrezkero, joan-etorrian ibili da auzia, burokraziaren korridorean. Hala, egoeraren larritasunaz jabetuta, buru-belarri aritu da lanean hezkuntza-komunitatea urte luzez, tartean, Azkorte Guraso Elkartea. Egitasmoak argia ikusi berri duen honetan, hitzordua egin du Aiurri astekariak elkarteko kideekin.
Orain gutxi iritsi da albistea: behin kontratua sinatuta, uda etortzearekin batera ekin zaio DBHko eraikinaren obrari. Nola jaso zenuten albistea?
"Lortu dugu!", pentsatu genuen. Helburu batengatik lanean izan gara eta merezi izan dute urte hauetan guztietan pasatako gorabeherek, azkenean, kalitatezko zentro bat edukitzeko aukera izango dutelako herriko gazteek. Gauza asko behar ditu Urnietak, baina lanik egin gabe, ez dago lorpenik. Edo denak inplikatzen gara, edo akabo.
"Gauza asko behar ditu Urnietak, baina lanik egin gabe, ez dago lorpenik. Edo denak inplikatzen gara, edo akabo"
Prozesu luzea izan da, eta oso nekatuta amaitu dugu, baina egia da gure artean talde oso ona osatu dugula. Nork bere ideiak izan arren, helburua oso argi genuen denok. Zuzendaritzarekin, Amaiarekin (Amutxastegi zuzendaria), talde bikaina osatu dugu, eta alde horretatik, erraza izan da elkarrekin lan egitea.
Eraikin berriaren auziari lehenbailehen aterabidea emateko asmoz, zuotako asko elkartean izan zarete lanean, nahiz eta zuen seme-alabek Egape Ikastolako ibilbidea amaituta eduki. Zerk bultzatuta?
Indar pixka bat egin izan ez bagenu, ez litzateke eraikina martxan jarriko. Gainera, susmoa dugu agintariek jada kontuan zutela Guraso Elkarteko kideak normalean lau urtez egoten direla, eta behin elkartea utzita, gaia ahaztuta gelditzen dela. Hori dela eta, puntu garrantzitsua izan da guk lanean jarraitzea, nahiz eta gure seme-alabek eskola-ibilbidea amaitu. Konstantziaz jardutea izan da gakoa.
Seme-alabentzat ere eredugarria izan da. Gauzak lortzeko lan egin beharra dagoela ikusi dute, hemen ez baita ezer oparitzen.
Udal ardurak dituztenak konturatu behar dira lan eginez aurrerapausuak ematen direla. Guraso-talde honek zazpi urte daramatza lan-boluntarioan, nahiz eta orain dela hogeita piku urteko zerbait izan.
Nola izan da konpromisoari hainbeste denboran eustea, orain arte, begi-bistako aurrerapausorik ikusi gabe?
Bilera batzuetatik etsituta atera izan gara, inpotentzia handiarekin, esanez "ez dugu honetan jarraituko, nekatuta gaude". Jarraitu eta jarraitu egin behar da, bestela... Baina bai, oso gogorra izan da.
Zerk sostengatu zaituzte emozionalki arrakasta-berme argirik gabeko prozesuan, urte hauetan guztietan?
Gazteekin gogoratzeak. Ez baldin badugu beraiengatik borrokatzen... Arraroa da, era berean, ez? Beraiek, gazteek ez bultza izana ezer ere ez. Era berean, herritarren aldetik inplikazio handiagoaren falta sumatu dugu. Egape komunitate handia da, ikasle asko dago, eta kontu honetan, gutxi batzuk egon gara.
Zuen mezua argia izan da urte hauetan guztietan: eraikinaren baldintza eskasak eta irisgarritasun eza ikusita, Urnietan ez zaie bizilagun guztiei oinarrizko eskubide bat bermatzen, hain justu, herrian hezkuntza publikoaren bidetik jarraitu ahal izatearen eskubidea.
Luizia egon zen, zirkuitulaburra, lehenago… Ez da ezer gertatu, gerta zitekeen guztirako. Anbulantzia batek ezin du sartu, adibidez, edo gurpildun aulki batean dagoen pertsona batentzat ez da irisgarria. Helduen esku dago gazteei eroso ikasteko baldintzak jartzea, izan ere, euri egun batean ez dago prefabrikatu horretan klasea ematerik. Gutako batzuk Egape Ikastolan ikasitakoak gara. Bada, gure garaian ere beste eraikin bati buruz hitz egiten zen. Urteak pasa dira, gaur arte.
Zein izan da urte hauetan guztietan udal ordezkariekin eduki duzuen harremana?
Ez da txarra izan, errespetuzko harremana izan da. Egia da bilerak egiten hasi ginenean, gardentasun eza zegoela tartean: nor bere aldetik biltzen zen, hasiera batean, gurasoak, batetik, eta zuzendaritza, bestetik. Mezu diferenteak ematen zizkigutela konturatzen ginen. Denak batera biltzen hasi ginen, orduan, guztien artean gauzak mahai gainean jartzeko. Detaile askok arreta deitu digute.
Oposizioari begira, asko lagundu digu. Eskuetatik joaten zaizkigun gai asko daude, eta laguntza handia izan dugu.
Eta, Eusko Jaurlaritzarekin?
Herriko mugimendu ezaren aurrean, Gasteizera jotzea erabaki genuen. Eskutitza idatzi genien, eta ikastetxea ikustera etortzeko gonbidatu genituen Hezkuntza Saileko ordezkariak. Ona izan da harremana: idatzi izan diegunean, beti erantzun digute. Baina "entzun nahi duguna esan digute", ideia horrekin gelditu izan gara.
"Hezkuntza Saileko ordezkariekin ona izan da harremana: idatzi izan diegunean, beti erantzun digute"
Amaitutzat eman duzue zuen taldearen ibilbidea. Atzera begira jarrita, zein zaporez itxiko duzue etapa?
Gauza positiboekin geldituko gara: eskolak ikastetxe berria izango du, guztia elkarrekin egongo da, txikienek ere erabiliko dutelako. Gure artean izugarrizko taldea egin dugu, gutxi ezagutzen genuen elkar eta, azkenean, adiskidetasuna sortu da. Zuzendaritzarekin ere, oso ondo: beraiek eskatutako gaia zen, baina beraiek bakarrik ezin zuten mugitu. Azkenean, guraso gisa, oso gustura egon gara Egapen, daukan proiektuarekin. Modu batera edo bestera, bueltan zerbait itzultzeko modua bada ere.
"Gure artean izugarrizko taldea egin dugu, gutxi ezagutzen genuen elkar eta, azkenean, adiskidetasuna sortu da"
Egun, ikasleen guraso diren elkarteko kideek hartuko al dute auziari erantzuteko arduraren lekukotza?
Hor egongo gara gu ere, bigarren planoan. Delegatu egingo dugu erantzukizuna. Oso gainean egon beharra dago; esaterako, egindako bilera guztiak guk eskatu dizkiogu udaletxeari. Bilera bat bukatu eta hurrengoaren data jartzen genuen, bestela, bagenekien ez zela emango.
Obrari ekin diote azken asteotan. Zer dator orain?
Bi urteko epeaz hitz egiten dute. Espero dugu denbora-tarte horretan, jada, eraikina eginda egotea, baita parke inklusiboa ere. Gainean egongo gara, ez dugu utziko. Garrantzitsua da herriak ikustea hondeamakina sartu dela, egiazko bihurtuko dela.