Nottingham Forest taldean hasiko du denboraldia Nahikari Garciak, Denver Summit taldeak utzita

Aiurri 2025ko ira. 5a, 08:05

Nazioartetik iritsi da albistea: aurtengo denboraldia Ingalaterrako Nottingham Forest futbol-taldean abiatuko du Nahikari Garciak, Koloradoko (AEB) Denver Summit taldeak utzita. Izan ere, 2027ra bitarte sinatu du kontratua klub estatubatuarrarekin. Alabaina, horrek aurredenboraldiari ekin bitartean, Ingalaterran izango da urnietarra.

Athletic Club taldean bi denboraldi eginda, ezjakintasuna zen nagusi Nahikari Garciaren etorkizuneko ibilbide profesionalean. Hala, atzo eman zuen Amerikako Estatu Batuetako klubak fitxaketaren berri. Talde berria da Denver Summit, 2025eko urte hasieran sortua. Bada, datorren denboraldian, 2026an ekingo dio estatuko mailarik gorenean lehiatzeari, National Women's Soccer Leaguean, hain justu ere. Orduan batuko da Garcia taldeko martxara. Hala, besoak zabalik jaso du klubak Urnietako jokalaria, taldeko lehen nazioarteko fitxaketa baita. "Fitxaketa itzela da Nahikari, mundu mailako talentua", adierazi du Curt Johnsonek, Denver Summit FC-ko zuzendari nagusiak: "Taldearen funtsezko pieza bihurtu dute Europako ligarik onenetan duen esperientziak, zelai barruko zein kanpoko lidergotzak eta une garrantzitsuetan sartutako gol-sortak". 

Bere aldetik, etapa berria "zirraragarria" zaiola aitortu du urnietarrak: “Betidanik nahi izan diot neure buruari testuinguru berri batean egoteko erronka bota, eta aukera berezia da zerbait hutsetik eraikitzea, Denver bezalako hiri batean". Horrela, "ohore handia" sentitzen du Garciak, besteak beste, "anbizioa eta komunitatea" balioan jartzen dituen taldean jokatzeko aukera izateagatik: "Zaleengatik dena emateko irrikitan nago". 

Denboraldiko lehen pausuak, Ingalaterran

Esan bezala, 2026ko aurredenboraldira arte itxaron beharko du urnietarrak Denver Summit futbol-taldearen zelaian jokatzeko. Bien bitartean, bi klubek hala adostuta, Ingalaterrako Nottingham Forest-en ariko da lehian, FA Women’s Championship (WSL2) ligan, bigarren mailan, hain zuzen. FA Women’s National League Cup txapelketa irabaztearekin batera, joan den denboraldia ezin hobe amaituta, igoera lortu taldeak, 2025-2026 sasoian bigarren mailan aritzeko. Pozik agertu da fitxaketarekin Carly Davies entrenatzailea: "Nahikariren abileziak eta mentalitate sendoak bat egiten dute hemen eraikitzen ari garen kultura aurrerakoi eta anbiziotsuarekin". 

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by Nahikari Garcia (@nahikarigarcia)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!