[Etxeberriko jaiak]

“Urte osoko lanaren emaitza da festen egitaraua”

Alba Cabrera Jauregi 2025ko ira. 8a, 08:00

Ostiraletik igandera, askotariko hitzorduak izango dira Etxeberri plazaren bueltan. Aurten gainera, zenbait berrikuntzarekin dator egitaraua. Estela Cuevas eta Esther Toribio Etxeberri auzo elkarteko kideak dira.

Udako oporralditik lur hartu berritan, festen atzera kontaketan murgilduta dabiltza Urnietako Etxeberri auzo-elkarteko bizilagunak: irailaren 12tik hasita 14ra bitarte, jaiak izango dira plazaren bueltan. Horretarako lanean izan dira buru-belarri auzotarrak, tartean, Estela Cuevas Diez eta Esther Toribio Rodriguez.

Udako opor-sasoiaren aurretik egiten al dituzue jaiei begirako etxeko-lanak?

Estela Cuevas: Uztailaren amaiera alderako, jada, amaituta ditugu festei begirako etxeko-lanak. Izan ere, gutako asko abuztuan oporretan gaude eta udaletxea geldi samar dago hilabete horretan. Are gehiago, larunbateko bazkariko txartelak uztailean saltzen hasi ginen, abuztutik iritsi berritan, korapilotsu samarra da-eta, festak hasi baino aste eta erdi lehenago guztia saltzen hastea.

Zeintzuk dira gelditzen zaizkizuen azken orduko zereginak?

Esther Toribio: Txosnako txandak bete, kartelak pegatu, azken orduko erosketak... Dena dela, urte osoan egiten dugu lan, hau da, urte osoaren emaitza da festen egitaraua.

E.C.: Ostiralean jarriko dugu, soilik, txosnaguneko janari-eskaintza. Halere, egun horretan eguraldi txarra egingo balu, larunbatera pasako genuke aukera. Bestela, asteburu osoan salduko dugu edaria.

Ikasturte berriari modu samurragoan ekiten laguntzen al du festak?

E.C.: Uda pixka bat luzatzen laguntzen digute Etxeberriko festek. Bizilagun batzuk oraindik oporretan daude, haurrek eskola hasi berri dute...

E.T.: Motibazio handia izaten dugu, lehenik, Etxeberriko festak direlako eta, ondoren, Sanmielak.

Berrikuntzak txertatu dituzue egitarauan…

E.T.: Zaila izan arren, egitaraua pixka bat berritzen ahalegindu gara.

E.C.: Gainera, jende berria batu zaigu elkartera, bost bat edo, auzora bizitzera etorri berri den jende gaztea.

E.T.: Ostiralean, zezen mekanikoa izango dugu. Larunbatean, berriz, familia-lasterketa egingo dugu, edonorentzat zuzenduta. Etxeberri plazan ekingo diogu eta auzo berria zeharkatuko dugu, Langarda hasierako biribilgune berriraino. Ondoren Idiazabal kalean barrena, berriro ere Etxeberrira jaitsiko gara.

E.C.: Espaloitik egingo dugu, nor bere erritmoan. Era berean, urtero bezala, Super H-ko lagunak izango dira gurekin. Beharbada lotura izango du lasterketarekin.

E.T.: Mozorrotuta ere etor daiteke jendea!

E.C.: Frutarekin batera, detailetxoren bat edo beste banatuko dugu, parte hartu dutenentzat.

E.T.: Kirol-jolasak ere izango dira, larunbatean, nerabeei begira.

E.C.: Adin-tarte horrentzat ere zerbait eskaini nahi genuen.

E.T.: Azkenik, larunbateko afariari begira, urdaiazpiko-ebakitzailea izango dugu, Mimendikoekin.

Bestela, nolakoa izango da aurtengo jaien asteburua?

E.C.: Ostiralean, txupinazoaren zein zezen mekanikoaren ondoren, Komerik erromeria izango dugu. Urnietarrak ditu taldeak. Poxta Zaharrekoek lagundu ziguten hitzordua lotzen, zaila egiten baitzitzaigun gure aurrekontuarekin taldeak aurkitzea. Jende gaztea erakarri nahi dugu horrela.

Larunbatean, beti bezala, Txanbolinen dianarekin hasiko dugu eguna. Jarraian, lasterketa eta  Super H-ren postua zein jokoak izango ditugu. Aurtengo herri-bazkaria, Euskal Parrillarekin egingo dugu. Esan bezala, salgai daude, txartelak, Biak kafetegian eta Celtics tabernan.

E.T.: Bingoa izango dugu bazkalostean, gure festetan hutsik egin ezin duen hitzordua. Apar-festa egongo da ondoren, DJ Flowing-ekin batera. Hala, kirol-jolasen ostean, jendea herri-afarira gelditzera gonbidatu nahi dugu jendea. Ez da beharrezkoa urdaiazpikoarekin afaltzea, baina anima daitezela! Lan handia egiten dugu urte osoan, eta egiten ditugun ekintzek babesa behar dute.

E.C.: Gainera, aurreko urtean baino aurrekontu txikiagoa daukagu orain. Are arrazoi handiagoa jendearen babesa izateko. Finean, ez da guretzat lortutako dirua, herriari begirako ekintzak antolatzen jarraitzeko da.

E.T.: Igandean, txirrista irristakorra jarriko dugu, hortaz, etor dadila jendea bere bainujantziarekin eta flotagailuarekin. Bukatzeko, Zirko Txosko izango da, Urnietako Udalak antolatuta.

Zein da festetako zure hitzordurik kuttunena?

E.C.: Elkarteko kideak batu, oholtzara igo eta Alaskaren "A quien le importa" abesten dugunean, larunbat gauean. Nor bere gisara dabil, nekatuta, baina, elkartu eta besarkada handia ematen dugu denok batera.

E.T.: Bai, niretzat ere, egin dugun lana ospatzeko momentua da. Oso berezia da.

Ohikoa baino mugimendu handiagoa nabari al duzue plazan festek irauten duten egunetan?

E.C.: Festetara jende mordoxka etorri ohi dela nabari dugu. Toki ona da, erosoa, plaza handia delako. Hala ere, urte osoan antolatzen ditugun beste gauzetara, ez horrenbeste.

Hasi da atzera kontaketa… Prest al zaudete txupinazoa botatzeko?

E.T.: Gogo handiarekin gabiltza, bai! Urnietako jendea animatu nahi dugu etortzera, baina, batez ere, auzoko bizilagunak. Azken horien falta sumatzen dugu, gehienbat. Jaitsi daitezela plazara, ikus dezatela egiten dugu lana. Oso gustura egoten da jendea gure festetan… Zabalik da gonbidapena!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!